politika

Ibarretxe: "Nazio berriak ikusiko ditugu 2030ean: Eskozia, Quebec, Katalunia eta Euskadi"

Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohiak Eusko Legebiltzarreko autogobernuari buruzko lantaldean hartu du parte.

Juan Jose Ibarretxe, autogobernu lantaldean. JUANAN RUIZ, ARGAZKI PRESS
Edurne Begiristain.
2015eko apirilaren 15a
07:38
Entzun

"Erabakitzeko eskubidea onartzen ez bada, independentziaren alde bateko aldarrikapenak egingo dira Euskal Herrian eta Katalunian". Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohiak hala adierazi du gaur legebiltzarreko autogobernuari buruzko batzordean. Bertan, euskal gizartearen erabakitze eskubidea defendatu du, besteak beste. "Herritarrei galdetu behar zaie beste estatus bat nahi duten".

Ohartarazi duenez, Espainiak erabakitzeko eskubidea onartzen ez badu "2030erako herrialde independentea izango da Euskadi". Ibarretxeren ustez, Euskal Herriaren arazoaren muina ez dago independentzian, "dependentzian baizik".

Richard A. Gillespie Liverpoolgo Unibertsitateko Politika Zientzietako katedradunak parte hartu du lantaldean Ibarretxeren aurretik. Biak EAJren eskariz daude bertan.

2014ko martxoan osatu zuten Eusko Legebiltzarrean autogobernuari buruz eztabaidatzeko batzordea, eta urtebetean 25 lagun igaro dira lantaldetik; horien artean, Jose Antonio Ardanza eta Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohiak, Koldo Saratxaga enpresaria, Fernando Savater filosofoa eta Javier Maroto Gasteizko alkatea.

Estatutuaren eguneraketa "legedia eta arauak" errespetatuta egingo dela hitzartu zuten jeltzaleek eta sozialistek. Bi taldeen adostasunez sortu zen batzordea.

Hain zuzen, otsailean bete ziren hamar urte Ibarretxek Espainiako Kongresuan defendatu zuenetik Eusko Legebiltzarrak onartutako estatutu proposamena. Ekimen hura baztertu egin zuen kongresuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.