UPNko presidente Cristina Ibarrolak salatu du Maria Txibite ustelkeriak inguratuta dagoela. Nafarroako presidentea «ahul» dagoela uste du Ibarrolak, eta esan du «Cerdan auziaren hurrengo eskandalua» dela gobernuaren kezka nagusia, «eta ez zerbitzu publikoak kudeatzea».
Legealdiaren erditsua iragan den honetan, UPNko buruak agerraldia egin du orain artekoaren balorazioa egiteko, eta salatu du ustelkeria susmoak daudela Txibite buru duen gobernuaren inguruan: «Horrek ataka zailean jarri du presidentea, baina, hala ere, oraindik ez du onartu erantzukizun politikorik, ezta dimisioa eman ere». Ibarrolak ziurtatu du Txibite «ezkutaturik» dagoela. «Ez du azalpenik ematen, ez da agertzen, eta ez du erantzunik ematen, agerian ez uzteko zenbateraino dauden inguratuta. Ezer gertatu ez balitz bezala jokatzen du».
UPNk adierazi du azken bi urteotan oso argi ikusi dela Txibite Espainiako gobernuburu Pedro Sanchezen, PSOEko Antolakuntza idazkari ohi Santos Cerdanen eta EH Bilduko idazkari nagusi Arnaldo Otegiren «aginduetara» dagoela. «Erori dira Cerdan eta Alzorriz. Sanchez Txibiteren antzera dago, ustelkeriak inguraturik. Otegi, ordea, sendoago dago, Alderdi Sozialistak zuritzen baitu. Zer-nolako itxura ematen du horrek Nafarroako eta Espainiako herriari begira? Nafarroaren izen ona pikutara bidali dute, ustelkeriarekin lotu baitute».
Legealdia, «alferrik galduta»
Hori dena kontuan hartuta, UPNko presidenteak alferrik galdutzat jo du legealdia. «Bi urte geratzen dira, baina legealdia alferrik galdu da», esan du. Izan ere, UPNren arabera, Nafarroako Gobernuaren kudeaketak «inoiz baino emaitza kaskarragoak» ditu, «nahiz eta inoizko aurrekontu handiena eduki». Gobernuaren egiturarekin lotu du ustezko porrot hori. «Zenbat eta egitura handiagoa izan, orduan eta okerrago ematen die zerbitzua nafarrei». Ziurtatu du baieztapen hori datuetan oinarrituta dagoela. «Datuek osoko zuzenketa egiten diote gobernuaren triunfalismoari. Txibite saltzen saiatzen da Nafarroa idilikoa dela, baina ez da horrela».
Eta kritika gogor horiei EH Bilduren aipamena gehitu die jarraian. «Gobernua ez da zintzoa: Otegiren esanetara dago». Are, Ibarrolak usteldutzat jo du Nafarroako gobernua; iritzi dio «ustelkeria etikoak eta moralak jota» dagoela koalizio abertzalearekin egindako akordioak direla eta. Horri guztiari «ustelkeria txarrenaren susmoa» gehitu zaio orain, Ibarrolaren aburuz.
Ibarrolak akusazio larriak egin ditu, ahoan bilorik gabe egin ere: «Agerikoa da Cerdan irakasletzat eta gauzak lortzeko bitartekaritzat eduki duen horrek baduela erantzukizunik. Gainera, hartaz fidatu zen, eta, UPNren eta funtzionarioen ohartarazpenak alde batera utzita, Cerdani berari adjudikatu zion Nafarroako azken urteotako herri lanik handiena, eta horren erantzule ere bada».
Burlatako auzia eta PSN
Servinabar enpresa ere hartu du ahotan, zeina ustez Santos Cerdan PSOEko Antolakuntza idazkari ohiarena eta Antxon Alonso enpresariarena baita. «Alonsorekin elkartu zen Txibite zenbait alditan, eta gezurtaturik daude bilera horiek egiteko jarri diren aitzakiak».
Bestalde, kazetariek galdetu dioten arren, UPNko presidenteak ez du askorik hitz egin nahi izan Burlatako Udaleko auziaren inguruan. Zurekin taldeak salatu du Burlatako udal gobernuak udal gastu gisa jaso dituela bestelako gastuak, tartean sanferminetako bazkari batzuk, eta sakelakoen eta bitxien erosketa batzuk. «Ez dut xehetasunik horri buruz, baina ohituak gaude zenbait alderdik egiten dituzten salaketekin. Guk Belateko auziarekin oso argi izan genuen, eta salaketa Guardia Zibilaren aurrean egin genuen. Egin dezala gauza bera Zurekin taldeak».
Ibarrolaren hitzei erantzuna eman die dagoeneko PSNk. Esther Iso Antolakuntza idazkariak esan du Txibite ez dagoela ezkutaturik, ezta inguraturik ere: «Buru-belarri ari da Nafarroa gobernatzen, eta Cristina Ibarrolak, berriz, politika zirku bihurtu baino ez du egiten». Isok salatu du Ibarrola ez dela azaltzen Iruñeko udaletxean: «Han egon beharko luke, zinegotzi gisa lanean». PSNko gidariak UPNko buruari eskatu dio gezurrik ez esateko, eta erantsi du Nafarroako Gobernua ez dela ustela: «Ez dago ustelkeria zantzu bat bera ere».
Hain zuzen, gaur jakin da Nafarroako Parlamentuak Koldo auziari buruzko txostenak eskatu dizkiola Espainiako Auzitegi Nazionalarik, Nafarroako ganberako ikerketa batzordean erabiltzeko. Irailaren 15a baino lehen nahi ditu parlamentuak agiri horiek. Nafarroako Gobernuak azken urteetan egindako obren adjudikazioak ikertuko ditu parlamentuak.