Iruñeko Udaleko gehiengo politikoak Cristina Ibarrolaren (UPN) eta Carlos Garcia Adaneroren (PP) dimisioa eskatuko du. Urtarrilean aurkeztu asmo dute eskaera, urteko lehen osoko bilkuran. Ibarrolari eta Garcia Adanerori leporatzen diete «arduragabekeriaz» jokatu izana iragan urriaren 23an Iruñean salatutako bortxaketaren auzian «diskurtso xenofoboak» haizatuz: «Kontrastatu gabeko informazioak erabili zituzten gorrotozko diskurtsoak eraikitzeko, eta, horien bidez, gobernu taldeari eraso egin zioten eta pertsona migratuen kolektiboa kriminalizatu», adierazi du Joseba Asiron alkateak, udal gobernu taldeak gaur eginiko agerraldian. Harekin batera izan dira Berdintasun alorreko zinegotzi Zaloa Basabe (EH Bildu), Sustapen Ekonomikoko zinegotzi Mikel Armendariz (Geroa Bai) eta Gizarte Ekintzako zinegotzi Txema Mauleon (Zurekin Nafarroa).
Sexu erasoa urriaren 23ko gauean gertatu zen, Media Luna parkean, Karpa Unibertsitarioa festaren inguruetan. Emakume bat ia konortea galduta aurkitu zuen lagun talde batek; Poliziari deitu zioten, eta anbulantzian eraman zuten ospitalera. Andreak salatu zuen bortxatu egin zutela. Handik lau egunera, lau gizon atxilotu zituen Iruñeko Udaltzaingoak —26 urte zituzten bik, 25 beste batek, eta 33 besteak—, bortxaketa eta lapurreta egotzita. Iruñeko Emakumeen Aurkako Indarkeriaren arloko epaileak laurak behin-behinean espetxeratzea erabaki zuen, «ihes egiteko arrisku handia» antzeman zuelako.
Biktimak eta haren familiak propio eskatu zuten kasuaren gaineko daturik ez azaleratzea, baina komunikabide, eragile politiko eta sare sozialetako erabiltzaile askok berdin-berdin zabaldu zituzten gertatutakoaren gaineko xehetasunak. Zurrumurruak bolo-bolo ibili ziren sare sozialetan eta zenbait hedabidetan, eta askok atxilotuen jatorriari erreparatu zioten —aljeriarrak dira—, iruzkin xenofoboak eta arrazistak egiteko, eta immigrazioa sexu erasoak ugaritu izanarekin eta segurtasunik ezarekin lotzeko. Poliziak filtratutako informazioa baliatuz, gainera, UPNk eta PPk ontzat jo zituzten akusazioak eta kargu hartu zioten Herritarren Segurtasun arloko zinegotzi Endika Alonsori. Areago: haren dimisioa eskatu zuten, segurtasuna bermatzeko «beharrezko baliabideak» ez jartzeagatik eta auziaren gaineko informazioa ezkutatzeagatik.
Aste honetan, baina, argitara atera dira DNA proben emaitzak, eta epaileak aske utzi ditu lau akusatuak. Izan ere, erasoan jasotako laginaren soslaia ez dator bat atxilotuek dituztenekin.
Ardura eta etika politikoa
«Beste ororen gainetik, erantzukizuna eta etika politikoa exijitu behar zaizkigu ordezkari publikoei», esan du Asironek gaurko agerraldian. «UPNren eta PPren buruzagiek erakutsitako arduragabekeria, ordea, ez dator bat hiri honetako alkate izan nahi duen edonork izan beharreko jokabidearekin». Iruñeko alkatearen ustez, diskurtso xenofoboei hauspoa ematea ez da onargarria: «Arrazakeria ez da iritzi bat; makineria suntsigarri bat da, eta, behin aktibatuta, gizarte osoa eramaten du herrestan amildegira. Hamarkadak behar dira hortik ateratzeko».
Ibarrolaren eta Garcia Adaneroren jokabidea, gainera, ez zen eztabaida bakarrera mugatu: «Kontrastatu gabeko filtrazioei sinesgarritasuna eman, eta behin eta berriro errepikatu zituzten hurrengo asteetan telebista platoetan, irrati estudioetan eta sare sozialetan, mezua nahita anplifikatuz, jakinda biktimari eta hiri osoari kalte egiten ziotela», gehitu du Asironek.
Udal gobernu taldea, aldiz, «isilik» egon da, alkateak nabarmendu duenez: «Herritarren Segurtasuneko zinegotziaren eta gobernuaren aurka esanikoak oso larriak izanik ere, ulertu genuen gure lehentasuna zela gertatutakoa argitu arte itxoitea, zarata, espekulazioak eta kalteak ez areagotzeko». Horrez gain, Asironek esan du bortxatutako emakumearen nahia errespetatu nahi izan dutela: «Gobernu talde honek arduraz jokatu du hasieratik: irmoak izan gara edozein erasoren gaitzespenean; zuzenak, jardun instituzionalean; eta zorrotzak, biktimaren babesari, errespetuari eta laguntzari dagokienez».
Berdintasun zinegotzi Zaloa Basaberen ustez, UPNk eta PPk «koska bat gorago» egin dute «pertsona zaurgarrienak kriminalizatzeko» bidean: «Izua eragin nahi dute gizartean, bereziki emakumeen artean, elkarren aurka aritu gaitezen. Berdintasunarekin eta elkarbizitzarekin konprometitutako hiri batek ez du halakorik onartuko».
Geroa Bairen izenean, Mikel Armendarizek hedabideen eta sare sozialen erantzukizuna azpimarratu nahi izan du: «Lau pertsona hauen estigmatizazioak balio behar digu gogoeta kolektiboa egiteko. Frogarik gabe inor kondenatu ez dezagun, inork ez dezan erabili sexu eraso bat arma politiko gisa, eta gezurrek ez dezaten izan egitateek baino indar handiagoa».
Azkenik, Zurekin Nafarroa koalizioko ordezkari Txema Mauleonek nabarmendu du arrazakeria ezin dela bidelagun izan indarkeria matxistaren aurkako bidean: «Arrazakeriak pertsona errugabeak jartzen ditu jomugan, eta desbideratu egiten gaitu emakumeen aurkako indarkeriaren benetako erroetatik».
Ohar bidez, PSNk bat egin du udal gobernu taldearekin, eta iragarri du Ibarrolaren eta Garcia Adaneroren dimisio eskaera babestuko duela hurrengo osoko bilkuran: «Halako kasu larri batean, biktima babestu eta erasotzailea aurkitu, hori da lehenetsi behar dena; pertsonen jatorria kriminalizatu gabe eta sufrimendua politika egiteko erabili gabe», adierazi du Marina Curiel zinegotziak. Ibarrolari eskatu dio, gainera, «gaizki esanikoak zuzendu ditzala hedabide guztietan».
Ibarrola: «Ez dut dimitituko»
Kazetariek dimisio eskaeraz galdetu diote UPNko presidente eta Iruñeko Udaleko zinegotzi Cristina Ibarrolari. Argi erantzun du: «Jakina, ez dut dimitituko». Esan du EH Bilduk eta PSNk «parez pare» izanen dutela Ibarrola «inoiz baino indar handiagoz, Iruñeko eta Nafarroako gobernuak aldatzeko». Are: urriaren 23ko bortxaketaren kasuan izandako jokabideari eutsi dio UPNko buruzagiak, epaileak aske utzitako lau gizonezkoak susmopean jarrita: «Ikerketa Iruñeko Udaltzaingoak egin zuen, eta epaileak erabaki zuen lau pertsona horiek kartzelatzea, eta uste izatekoa da zantzuak izanen zituela horretarako». Are gehiago, etorkinak segurtasunik ezarekin lotu ditu berriz ere, eta Asiron alkateari egotzi dio hiriaren «gainbehera»: «Kanpaleku ilegalak daude Iruñean, eta Asironek ez zituen desegin bortxaketa gertatu arte. Alkateak kriminalitate fokuei eusten die, horien aurka ez baitu neurri eraginkorrik hartzen».