PRESO GAIXOAK

Ibon Fernandez Iradi aske uzteko eskatu du Eusko Legebiltzarrak

Esklerosi anizkoitza du presoak, eta Parisko Dei Auzitegiak maiatzaren 7an hartuko du hura aske uzteko eskariari buruzko deliberoa.

Ibon Fernandez Iradi aske uztearen aldeko elkarretaratzea Baionan, martxoaren 26an. ISABELLE MIQUELESTORENA
2015eko apirilaren 15a
14:56
Entzun

Legez besteko proposamen bat aurkeztu du EH Bilduk Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen, Berdintasunaren eta Herritarren Partaidetzaren Batzordean, haren osasun egoera dela-eta Ibon Fernandez Iradi presoa kaleratzeko eskatuz.

"Erabaki behar duen auzitegiari adierazi behar diogu Eusko Legebiltzarrarentzat arrazoi humanitarioak estatuen interesen gainetik daudela eta legebiltzarrak giza eskubideen defentsa lehenesten duela", adierazi du EH Bilduko legebiltzarkide Julen Arzuagak. "Giza duintasunaren" ikuspuntutik defendatu du EAJk proposamena.

Frantzia "estatu demokratikoa" dela defendatu dute eztabaidan PPk eta PSE-EEk. Rodolfo Ares PSE-EEko legebiltzarkideak nabarmendu du sendagileek ebatzi beharko dutela Iradik espetxean jarrai dezakeen gaixo egon arren. PSEk eta PPk ez dute babestu ekimena.

Erabakia, maiatzaren 7an

Maiatzaren 7an hartuko du erabakia Parisko Dei Auzitegiak. Esklerosi anizkoitza du Fernandez Iradik, eta kondena etetea eskatua du, gaixotasunak espetxean okerrera egin dezakeela eta. Epaileak haren askatzearen alde egin zuen 2014ko ekainean, baina bi baldintza ezarrita: Frantzian bizitzeko duen debekua baliogabetzea eta Pirinio Atlantikoetatik kanpo bizitzea.

Martxoan, Fernandez Iradiren osasun egoeraz eginiko hirugarren azterketaren ondorioak plazaratu zitutzen sendagileek. Ebatzi zuten bateragarria dela eritasuna eta espetxealdia. Azterketa, ordea, baldintza txarretan egin dutela salatu zuen preso eta iheslarien eskubideen aldeko Bagoaz kolektiboak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.