Jose Luis Castro Espainiako Auzitegi Nazionaleko zaintza epaileak ez du aintzat hartu osorik Ibon Iparragirre euskal presoak aske utz dezaten egina zuen eskaera, eta ondorioz ez du baldintzapean aske utziko bere osasun egoera muturrekoa den arren. Arrasateko Aita Menni zentroan "ahal bezain laster" ospitaleratzeko agindu du epaileak, baina beti ere bigarren graduan. Unitate itxi batean egon beharko du, gainera, eta erabakia Espetxe Zaintzako 105. artikulua baliatuta aldatu egin ahal izango du.
Etxerat Elkarteak eman du arratsaldean epailearen erabakiaren berri. Horrekin batera bere desadostasuna agertu du, neurria "krudela" dela argudiatuta. Etxeraten esanetan, Iparragirre Arrasateko Aita Menni zentrora eramateko erabakiak ez ditu presoak dituen osasun beharrak asetzen. "Ibon Iparragirrek bere senideekin egon behar du eta tratamendua duintasun osoz jaso behar du". Astelehenean ospitalera eraman behar izan zuten berriro, eztula izan eta bere osasun egoerak okerrera egin ondoren.
Zortzi urte daramatza preso Iparragirrek. 2010ean atxilotu zuten, eta urtebete geroago jakin zen hiesa duela. Une honetan espetxean gaitz larria duten presoen zerrenda osatzen du, nahiz eta erakunde eta eragilek askok eskatu duten aske utz dezatela behar duen tratamentua jaso dezan. Azaroan eurodiputatu talde batek egin zuen eskaera.
"Besarkada handia bidali nahi diegu Ibonen senitartei, bereziki Angelita bere amari, anai-arrebei eta gainontzeko senide guztiei. Ongi dakigu haien sufrimendua nolakoa den eta txalotzekoa da Ibonen alde eta Ibon bizirik irauteko egin duten ahalegin etengabea". Angelita Burgoa presoaren ama duela gutxi bisitan izan zen Alcala-Mecoko ospitalean Sare Herritarra Iparragirreren eta Manu Azkarateren osasun egoerez ohartarazteko anbulantzia batekin bila joan zitzaizkienean.
Sortu: "Zigorra etxean betetzea eskatzen zuen"
De Castro epaileak duela gutxi txosten bat eskatu zuen Iparragirreren egoeraren inguruan, eta horri heldu dio Sortuk zaintza epailearen erabakia nahikoa ez dela argudiatzeko. Erabakiak Sorturen nahiak ez dituela asetzen adierazi du. "Ibonen gaixotasunean aditua den sendagile batek egindako azken txostenak erabakigarriak dira, eta nahiko arrazoi bazen bere zigorra aurrerantzean etxean bete dezala erabakitzeko, horixe zelako eskatzen zen neurria".
Sortuk azaldu duenez, Iparragirreri espetxealdi malgutua ezarri dio epaileak, , eta Arrasateko Aita Menni zentro espezializatuan jarraituko du zigorra betetzen. Alderdiaren iritziz, baina, ez da neurri egokia, "beste modu bateko erabakiak hartu zitezkeelako"; alegia, kontrol neurriak bateragarri egingo lituzkeenak gaixotasunaren tratamendu mediku egokiarekin, "etxean eta bere senideekin".
Etxeratek nabarmendu du Iparragirre euskal presoaren egoera "muturrekoa" dela. "Azken analitikaren arabera, 20 defentsa baino ez zituen, pertsona heldu osasuntsu batek 723 eta 1.124 artean izaten ditu defentsak", ohartarazi dute elkartetik. C3 fasean dago Ibonek pairatzen duen hiesa, gaixotasunaren azken fasean hain zuzen. Sortuk nabarmendu du "gaixotasunaren garapen propioagatik" iritsi dela Iparragirre "muturreko" egoerara, "baina baita edozein patologia beti larriagotzen duten espetxeko bizi baldintzengatik ere". Iparragirrek kalean behar zuen aspaldi "gizatasun printzipioarengatik", Sorturen esanetan.