Euskal presoak

Ibon Iparragirre "bihar edo datorren astean" hil daitekeela ohartarazi dute medikuek

Segurtasunerako estatu idazkariak ukatu egin du "hiltzeko arriskuan" den presorik dagoela.

Iparragirreren aldeko elkarretaratzea egin dute Bilbon, Espainiako Gobernuaren ordezkaritza aurrean. LUIS JAUREGIALTZO, ARGAZKI PRES
arantxa elizegi egilegor
2017ko azaroaren 23a
13:59
Entzun

Ibon Iparragirreren egoera "mugara" heldu dela salatu dute Sarek eta Etxerat-ek Bilbon egin duten elkarretaratzean. Angelita Burgoa amak jakinarazi du euskal presoa artatzera joandako mediku guztiak bat datozela "bihar edo datorren astean" hil daitekeela, eta "berehalakoan" utzi behar dutela aske. "Castro epailearekin hitz egin dute, baina hark ez die kasurik egiten".

Protestan parte hartu dute ELA, LAB, CCOO, Steilas, Hiru, UGT, Exalde, ESK eta EHNE sindikatuetako ordezkariek. "Ez dugu onartuko Ibon Iparragirre espetxean hiltzea; berehala askatu behar dute", adierazi du Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak.

Madrilen ere preso ondarroarraren egoera izan dute hizpide Senatuko barne gaietarako batzordean. EH Bilduko senatari Jon Iñarrituk egin dio galdera Segurtasunerako estatu idazkari Jose Antonio Nietori. Iñarrituk salatu du kartzeletako zaintzako arduradunak eta Jose Luis Castro epaileak elkarri egozten diotela ardura, eta bitartean presoaren egoerak okerrera egiten jarraitzen duela.

Nietok, ordea, presoaren bizitza "arriskuan" dagoela onartu duen arren, zehaztu du Iparragirre bera dela botikak hartzeari uko egin diona, eta tratamenduari berriz ekingo balio "gaixotasunari eutsi eta bizitza luzea eduki" ahalko lukeela. Bidez batez, ukatu egin du "hiltzeko arriskuan" den presorik dagoela Espainiako espetxeetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.