Euskal presoak

Ibon Iparragirre presoak "heriotza arrisku erreala" duela ohartarazi dute medikuek

Nahiz eta De Castro epaileak berak Iparragirreren amari aitortu dion haren egoera larria eta esan zion neurriak hartuko zituela, espetxealdi arindua ukatu diola salatu dute.

Etxerat elkarteak Bilbon eginiko agerraldia. ARGAZKI PRESS
Aitziber Laskibar Lizarribar.
2014ko urriaren 3a
10:17
Entzun

Hiesa du Ibon Iparragirrek. 3 C estadiokoa, oso garatua, larria eta sendaezina. Ahul dago, oso gaixorik. Baina epaileak ukatu egin dio 100.2 artikulua oinarri hartuta espetxealdi arindua ezarri eta espetxe zigorra etxean betetzea.

Ez da hiesa, ordea, Ondarroako presoak duen gaitz bakarra. Horrek neurologikoki larri eragin dio. Besteak beste, dementzia koadroa sortu dio. Miren Arana Jaiki Hadiko sendagileak azaldu duenez, "psikosi motako jarrera oldarkorraren nahasmena nagusitu da harengan, bere baitako errealitatearen interpretazio eta fabulazio paranoikoek bere inguruarekiko harremanetan gatazken arriskua areagotuz".

Eta ez da hori gaitzaren alderik errazena. Gaixotasuna arintzeko modu bakarra bere konfiantzazko lagun eta senideek babestu eta zaintzea den arren, Navalcarneroko espetxean bakartua dute, gainera. Eragina zuzenean ikusten du Angelita Burgoak semea ikustera kartzelara doan bakoitzean: "Egunetik egunera okerrago dago". Are, semea espetxean, bakarrik, maite dutenen babesik gabe hilko den beldur dela azaldu du hedabideen aurrean egindako agerraldian. Izua diola horri, baina litekeena dela hori gertatzea.

Haren egoeraren azterketa egiten duten sendagileek ere eman dute alarma abisua: "Ibon Iparragirre bizitza arrisku errealean duen pazierte bat da".

Berehala askatzeko eskatu dute, beraz, Etxerat-ekin egindako agerraldian. Gutxienez, 100.2 artikulua ezarri eta espetxe zigorra etxean betetzeko aukera emateko. Legeak hala diola ohartarazi du Ane Ituiño abokatuak. Gainera, martxoan atxilotu zuten arte zigorra etxean betetzean ari zela nabarmendu du, segurtasun neurri zorrotzak agindu bezala bete dituela beti, eta inoiz ez dela alor horretako arazorik izan.

Espetxealdi arindua ezartzearen aurka jaso duen aginduari erreforma helegitea aurkeztu dio abokatuak. Ezezkoa eman zuen De Castro epaile berak ebatzi beharko du gaixoa espetxetik ateratzeko eskaeraren inguruan, eta ez du hartarako eperik.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.