egunKARIA AUZIA

Idazleek eta argitaletxeek ere 'Egunkaria'-ren kontrako epaiketa salatu dute

Fito Rodriguez, Anjel Lertxundi, Hasier Etxeberria, Joxe Austin Arrieta, Karmele Jaio, Mariasun Landa, Jorge Gimenez, Jose Mari Esparza, Joan Mari Irigoien, Juan Luis Zabala, Aizpea Goenaga, Gorka Arrese, Joxe Mari Sors eta beste hainbat batu dira gaur, Donostiako elkarretaratzean, 'Egunkaria libre!' lelopean. Aste batzuk barru hasiko da epaiketa eta bost auzipetu daude.

2009ko urriaren 23a
16:31
Entzun
Fito Rodriguez (Euskal Idazleen Elkarteko lehendakaria), Anjel Lertxundi, Hasier Etxeberria, Joxe Austin Arrieta, Xabier Mendiguren (Elkar argitaletxea), Karmele Jaio, Mariasun Landa, Jorge Gimenez (Alberdania), Jose Mari Esparza (Txalaparta), Joan Mari Irigoien, Juan Luis Zabala, Gotzon Barandiaran, Joxean Agirre, Aizpea Goenaga, Eider Rodriguez, Gari Berasaluze, Xabi Borda, Gorka Arrese (Susa), Mikel Elorza (Susa), Uxue Alberdi, Olatz Osa (Elkar), Jose Mari Sors (Elkar), Pello Elzaburu (Pamiela), Jon Alonso, Angel Rekalde... eta beste hainbat idazle eta argitaletxeetako ordezkari izan dira gaur Donostian, Egunkaria-ren epaiketaren aurkako elkarretaratzean.

Egunkaria libre! lelopean egin dute bilkura, Bulebarrean, 13:00etatik aurrera. Auzipetuak ere bertan izan dira, baita beste hainbat lagun ere; tartean, Joanmari Larrarte (EKTko kontseilari ordezkaria) eta Joxean Lizarribar (EKTko administrazio kontseiluko lehendakaria).

Azkeneko asteetan euskal zinemako hainbat lagunek, kirolariek, politikariek eta bertsolariek egin dituzte auziaren kontrako elkarretaratzeak.

Bost auzipetu

Egunkaria auziko sumario nagusiko epaiketa azaroan hasiko da -kazetaren itxierarena-, Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Martxelo Otamendi, Txema Auzmendi eta Xabier Oleaga daude auzipetuta, ETAko kide izatea egotzita. Fiskalak, defentsak bezala, auzia ixteko eskatu zuen. Epaiketaren hasiera eguna jartzeke dago oraindik.

Joan Mari Torrealdai. 14 urteko espetxealdia eta 15 urteko inhabilitazioa eskatu dute haren aurka.

Iñaki Uria. 14 urteko espetxealdia eta 15 urteko inhabilitazioa.

Txema Auzmendi. 14 urteko espetxealdia eta 15 urteko inhabilitazioa.

Martxelo Otamendi. 14 urteko espetxealdia eta 15 urteko inhabilitazioa.

Xabier Oleaga. 12 urteko espetxealdia eta 14 urteko inhabilitazioa (14 urte, AVTren eskaeran).

Egunkaria-ko langile izandakoak epaiketa prestatzen dabiltza, gizartea mobilizatzeko. Herri batzordeak sustatzen ari dira, epaiketarako dirua biltzen, mobilizazioak antolatzen...

=b2003ko otsailaren 20an itxi zuten 'Egunkaria'=b

2003ko otsailaren 20an, Juan del Olmo Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz, Guardia Zibilak Egunkaria euskarazko egunkariaren egoitzak itxi eta hamar lagun atxilotu zituen: Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi, Pello Zubiria, Xabier Oleaga, Xabier Alegria, Fermin Lazkano, Luis Goia (2006an hil zen), eta Inma Gomila.

Uriak, Oleagak, Otamendik, Alegriak eta Auzmendik torturak eta tratu txarrak jaso zituztela salatu zuten epailearen aurrean. Seiek jarri zuten salaketa, eta guztiak artxibatuta daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.