ELKARRIZKETA

Idoia Mendia: “Beharbada ez dira hainbeste polizia nazional eta guardia zibil behar”

Eusko Jaurlaritzako eledun eta PSE-EEko hautagaia elkarrizketatu du bart gauean Hamaika Telebistak. Legealdia positibotzat jo du, eta normalizazio politikoa nabarmendu du lorpen nagusi gisa.  

2012ko urriaren 12a
00:01
Entzun

Ekonomiaren arloan, fiskalitatea aldatzeko prest azaldu da Mendia, baina horretarako adostasunak ezinbestekoak direla gaineratu du: "Datorren urteetarako oso garrantzitsua izan behar da fiskalitatea aldatzea eta moldatzea herri honetan, eta gure lehenengo arazoa da eskumena ez dagoela Jaurlaritzan ezta Eusko Legebiltzarrean, baizik eta batzorde orokorretan, aldundietan, eta hori aldatu behar da”. Halaber, fiskalitatean zein proposamen duten ez argitzea egotzi dio EAJri.

Indar polizialek Euskal Herrian duen presentziaz ere jardun du: “Beharbada ez dira hainbeste polizia nazional eta guardia zibil behar, baina denbora eman behar diogu Estatuari gauza horiek aldatzeko”.

Legealdiko oroitzapen nagusietakoen artean gogoratu du Mendiak Ertzaintzak pilotakada batez Iñigo Cabacas Basauriko gaztea hil zuenekoa. “Ertzain talde bat zegoen han, eta esan dute hiruk pilotak jaurti zituztela, baina bakoitzak ez daki zein pilota bota zuen”, esan du. “Penagarriena da istripu bat izan zela, baina neurriak ipini behar direla berriro ez gertatzeko”.

EAJz ere mintzatu da. Haren ustez, EAJren jarrera “penagarria” izan da legealdian zehar. Alderdiaren interesak herritarrenen aurretik jartzea leporatu dio. Hala ere, PSE-EEren eta EAJren arteko zubiak ez direla “inoiz” apurtu zehaztu du.

Gaixo dauden presoen arloan, Mendiak gogorararazi du PSE-EE Josu Uribetxeberria askatzearen alde agertu zela, eta Espainiako Gobernuarekin gai horretan izandako harremanak ezagutarazi ditu: “Preso gaixoen zerrenda pasatu diogu Espainiako Gobernuari, eurekin aztertu dugu, eta azaldu diegu beharrezkoa izango litzatekeela preso bakoitzaren egoera aztertu eta gero erabaki bat hartzea; ez datorren urtean baizik eta epe labur batean”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.