Apustu subiranista berretsiko dute ezker abertzaleak eta EAk datorren igandean, Bilboko Euskalduna jauregian egingo duten ekitaldian. Elkarlanerako hitzarmen estrategiko bat aurkeztu eta sinatuko dute bi alderdiek ekitaldi horretan. Apustu subiranista «beharrezkoa» dela ikusarazi nahi dute, Pello Urizar EAko idazkari nagusiak jakinarazi duenez, eta beharrezkoa izateaz gain, «bide baketsuetatik» egin behar dela argi utziko dute.
EAren iritzian, «ezinbestekoa» da abertzaleek beste behin apustu subiranista egitea. Hala esan du Urizarrek Punto Radio irratian egin dioten elkarrizketan. Baina, behin apustu hori eginda, hori bide politikoetatik eta baketsuetatik «egin behar dela, egin daitekeela eta egingo dela»azpimarratu du alderdi abertzaleko idazkari nagusiak. Garrantzitsua iruditzen zaio hori egiaztatzea, eta EAren aldetik hala izango den konpromisoa azaldu du, «bestela ezingo baitzen». «Guk garbi daukagu jarraitu beharreko bidea hori dela, eta24 urte daramatzagu lan horretan».
Hala, Mitchellen printzipioak babes daitezen lanean ari direla azaldu du, eta jakinarazi du «gauza zehatzagoak» gerta daitezen ere lanean ari direla.
Igandean aurkeztuko duten ekimenaren gisakoek babesa behar dute, Urizarren iritzian, eta azpimarratu du kanpoko babesa ere etorriko dela, baina aurrena, garrantzitsuena igandeko ekitaldian apustu subiranista bide baketsuetatik egitearen aldeko mezua ondo ikusaraztea da, haren esanetan. «EA ez da inongo konpromisotan sartzen ez badago argi bide baketsuena dela bide bakarra».
Bestalde, Urizarren irudiko, ezker abertzaleari ETAren aurrean luze gabe 180 graduko bira emateko eskatzen dionak ez dauka aldaketa gerta dadin borondaterik. Haren arabera, indarkeria amaitzea lortuko bada «guztiek» ipini behar dute zerbait, baita Espainiako Gobernuak berak ere.
Ezker abertzaleak bere erritmoan urratsak egin behar dituela dio, eta EAk, pazientziaz, pauso horietako bakoitza baloratuko duela azpimarratu du.
Igandean bide baketsuen aldeko apustua irudikatuko dela dio EAk
Euskaldunan egingo duten ekitaldian subiranotasunaren aldeko apustua «beharrezkoa» dela ikusaraziko dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu