Emakume bat hilik agertu zen joan den igandean Bilboko Pelicano hoteleko gela batean. Etxekoek heriotzaren inguruko susmo txarrak hartu eta egunero-egunero hotelaren aurrean argitasun eske elkarretaratzeak egin badituzte ere, haien protestak ez du ia oihartzunik izan Harresiak Apurtuz koordinadorak hedabideak jakinaren gainean jarri dituen arte.
Prisca Oye Ondo 32 urteko emakumea urte biko bikien ama zen, eta hotelean lan egiten zuen, prostituzioan. Lagunen ustez, horregatik eta emakumearen jatorriagatik -sortzez Ekuatore Gineakoa zen, eta beltza- egon da horrenbesteko isiltasuna jazotakoaren inguruan. «Beltzak garelako ez gaituzte aintzat hartzen, eta bost axola inori edozein bazterretan akabatzen gaituzten edo ez».
Haserre daude Oyeren senitarteko eta lagunak. Egun biko beilaldia egin zioten hilotzari, ostegunean hileta elizkizunak egin zizkioten arte. Zendutakoaren nebak hartu zuen hitza hotelaren aurrean. Ez zuten atzo elkarretaratzea egiteko asmorik, baina Harresiak Apurtuz koordinadorakoek hedabideak deitu zituztenez, hotelaren aurrean izan ziren Ertzaintzaren istiluen kontrako taldea agertu eta handik atera zituen arte.
«Ertzaintzako arduradunekin izan gara, eta haiek esan digute autopsiaren lehen emaitzen arabera hilotzari ez zitzaiola indarkeria zantzurik atzematen. Bi egunez izan dugu gorpua beilan eta ubeldurak eta koskorrak agerikoak zituen buruan eta aurpegian».
Jaurlaritzako Herrizaingo Sailetik esan dutenez, indarkeria zantzurik ez egon arren, Pelicano hotelean gertatu zena argitzeko ikerketa hasi dute.
Gorpua gelak garbitzen dituzten emakumeetako batek aurkitu zuela esan dute agintariek. Nebak ez du hori zalantzan jartzen, baina beraiei ezer ez dietela argitu azpimarratu du. «Lagun baten deiari esker jakin genuen zer gertatu zen; ez hoteleko ugazabek, ez poliziek, ez ziguten deitu jazotakoaren berri emateko».
Hoteleko ugazabekin daude haserre. «Gorpua gelatik atera zuten inori ezer esan gabe. Ez dakigu igandean bertan hil zen, edo astelehenean. Dakigun bakarra da etxetik bazkalostean atera zela igandean, eta hilik zegoela jakin genuela astelehenean, 08:00etan. Ilun jokatu dute eta horrek eragin dizkigu susmoak».
ZORTZI URTE HOTELEAN. Nebak azaldu du arrebak zortzi urte baino gehiago zeramatzala hotel horretan beharrean. «Bertan hil, eta ez digute ezer esaten. Ez duzu uste jokabide hori gutxienez susmagarria badela? Guk uste dugu gorpuaz libratu nahi izan zutela inori ezer esan gabe. Zergatik? Horixe jakin nahi dugu».
Hotelaren aurrean bildu zirenen artean Celina Pereda zegoen, Harresiak Apurtuz koordinadorako lehendakaria. Hor batzen dira etorkinen alde lan egiten duten elkarteak. Pereda harrituta zegoen: «Harrigarria da emakume baten kontrako horren indarkeria kasu larria gertatu, eta ez agintariek ez inork ezer ez esatea».
Harentzat ulertezina da oraindik igandean jazotako heriotzaren inguruan argitasunik ez izatea. «Atzo ETBn Ekuatore Gineako emakumeak eurak protestan ikusi ez banitu, ez genuke ezer jakingo». Koordinadorak bere gain hartu du auzia, eta Peredak aurreratu du ahaleginak egingo dituztela «benetan zer gertatu den argitzeko». Ertzainek zendutakoaren lagunak eta haiekin elkartasunez agertutakoak hotelaren aurretik atera zituenean, koordinadoraren egoitzara joan ziren guztiak, kasua auzibidean zelan jarri aztertzeko.
Oyeren lagunek argi daukate hau emakumeen aurkako indarkeriako beste kasu bat izan dela. Halaxe diote egunotako elkarretaratzeetara deitzeko atera dute agirian. «Garbi geratu da berriro zein astakeria den emakumeen kontrako indarkeria. Guztioi eragiten digu, eta ez genuke esparru pribatuan gertatzen den zerbait bezala ikusi behar».
Oye, baina, emakumea eta etorkina zen. «Espainiako Atzerritarren Legearen ondorioz, bereziki ahulak dira emakume etorkinak, babesik gabe uzten dituelako eta oinarrizko eskubideak urratzen dizkielako. Legeak berak bultzatzen ditu bazterketa sozialera».
ZURRUMURRUAK NAGUSI. Zer argitu asko dago oraindik. Heriotza horren inguruan zurrumurruak zabaldu dira dagoeneko. Lagunek eta etxekoek hilketa berba erabiltzen dute. Nebak azaldu du larunbatean esan ziela lankide brasildar batekin istiluak izan zituela, baina igandean Afrikako soineko ikusgarria hartu zuen etxetik lagunarentzako opari, adiskidetzeko.
Bada liskar hori aipatzen duenik arrazoiez galdetzen zaionean. Baina badira bestelako hipotesiak darabiltzatenak. Diotenez, garbitzaileak gorpua aurkitu aurretik urduri ikusi zituzten hoteleko ugazabak. Aitortzen dute kasualitatea izan daitekeela, baina sinetsi egiten dute bezero bati -«botere handiko bati», zehazten dute- eskua joan zitzaiola eta orain jazotakoa ezkutatu nahian dabiltzala.
Jazotakoez Pelicano hoteleko arduradunei galdetu eta honako hau erantzun dute: «Erantzunak emango dituzte poliziek eta epaileek. Beraiei dagokie argitasunak ematea, ez guri».