Datorren igandeko festa eta aldarrikapen eguna aurkeztu dute EHIGE gurasoen elkarteak eta Atxuriko (Bilbo) Garcia Rivero ikastetxeko 6. mailako ikasleek. Ana Puente gurasoen elkarteko presidentearen esanetan, honakoa da helburua: "gure eskola aldarrikatzea hezkuntza-komunitate osoarekin eta gizartearekin, egun eder bat partekatuz".
Egitarauari erreparatuz gero, 10:00etatik 20:00etara ekitaldiz josita egongo da eguna. Arriaga plazan Betizu, Txan magoa eta Aiko taldearen erromeria izango dira. Areatzako kaian Irrien lagunen gunearekin eta Vendetta taldearen kontzertuaz gozatu ahal izango da. Kirol zaleek Erripako kaian izango dute euren txokoa. Najan jasoko duten Gure Eskola izeneko karpapean tailerrak antolatu dituzte. Areatzako pasealekuan, azkenik, txontxongiloak, dantza saioak eta ludoteka izango dira, besteak beste.
Bazkalordurako menua ere iragarri dute: paella eta oilasko pintxoa. San Nikolas eliza ondoan banatuko dira, 4 euroren eta euro baten truke, hurrenez hurren. Batutako dirua Nikaraguako bekentzat izango da.