Egin dezagun bidea ekimenak igande honetarako Bilbon euskal presoen alde antolatu duen manifestazioarekin bat egin du ezker abertzaleak, atzo egindako agerraldian iragarri zuenez.
Tasio Erkizia, Txelui Moreno, Miren Legorburu eta Niko Moreno azaldu ziren prentsaurrean, eta, manifestazioarekin bat egiteaz gain, «euskal preso politikoen kolektiboari aplikatzen zaion salbuespen egoera gainditzeko» eskatu zuten, «normalizazio politiko eta demokratikoan aurrera egiteko ezinbesteko aldagai» gisa.
Azkenaldian Euskal Herrian bake eta normalizazio prozesuari begira urrats garrantzitsuak egin diren arren, Espainiako eta Frantziako gobernuek egin beharrekoak falta direla nabarmendu zuten, eta, horri begira, ETAk eta Espainiako Gobernuak «gatazkaren ondorioei ekiteko elkarrizketak» has ditzatela eskatu zuten, «euskal preso eta iheslari politikoak ahalik eta azkarren etxean izan daitezen».
Aralarrek ere bat egin du
Prentsa ohar baten bidez, Aralarrek ere bat egin du igandeko manifestazioarekin, eta hara joateko eskatu du. Euskal presoen eskubideen defentsa «Gernikako Akordioko edukietan jasotakoaren harira egitea» eta dispertsioa amaitzea eskatu du Aralarrek. Era berean, azpimarratu du bakea lortzeko urrats garrantzitsua izango dela «presoen gaiaren inguruan aurrerapausoak ematea».
12:30etik aurrera abiatuko da manifestazio nazionala, Guggenheim museotik, Eskubide guztiekin, euskal presoak Euskal Herrira lelopean. Ondoren, egun guztiko ekitaldia prestatu dute Areatzako kaian.
Igandeko manifestaziora deitu du ezker abertzaleak
Preso eta iheslariak etxeratzeko, ETAk eta Espainiako Gobernuak elkarrizketak has ditzatela eskatu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu