Presoak

Igor Angulo presoa hilik agertu da Cuencako espetxean

Igor Angulo Iturrate euskal preso santurtziarra hilik agertu da Cuencako espetxean. Albiste agentziek espetxeko iturrien arabera zabaldu dutenez, "leihotik zintzilik zegoen bota bateko lokarriarekin". Askatasunak Zapateroren Gobernuari egotzi dio heriotzaren ardura eta manifestazio deialdia egin du gaur arratsalderako.

2006ko otsailaren 27a
18:01
Entzun
Igor Angulo Iturratek 32 urte zituen eta 1996az geroztik zegoen atxilotuta eta 2001eko martxoaren 3an eraman zuten Cuencako espetxera. Albiste agentziek berri eman dutenez, gaur goizean aurkitu dute hilik 08:00etako zenbaketa egiten ari zirenean. "Bere ziegako leihotik zegoen zintzilik bota bateko lokarri batekin".

Albiste agentziek aipatutako espetxe agintarien arabera Igor Angulo "bakarrik zegoen bere ziegan". Cuencako espetxeak, antza, gertatutakoaren berri eman dio hildakoaren familiari.

Barne Ministerioak Igor Anguloren heriotzaren nondik norakoak argitzeko ikerketa abiatuko duela iragarri du.

Familia eta Igor Anguloren abokatua Cuencarako bidean daude. Abokatuak azaldu duenez, telefonoz izan dute Anguloren heriotzaren berri baina ez diete xehetasun handiegirik eman.

Askatasunak Espainiako Gobernuari leporatu dio erantzukizuna

Guardia Zibilak 1996an atxilotu zuen Angulo. Askatasunak jakinarazi duenez, preso hartu eta inkomunikatuta izan zutenean torturatu egin zuten, erietxera eraman zuten eta ondoren handik Carabancheleko espetxera. 2001ean Cuencako espetxera eraman aurretik Soto del Realen, Curtisen eta Aranjuezen egon da preso. Cuencan zegoen euskal preso bakarra zen.

Askatasunak, bestalde, Igor Angulo euskal presoaren heriotza salatu du: "Askatasunatik heriotza gogor salatzen dugu eta argi eta garbi esan ere Igorren heriotza hilketa bat izan dela, horretarako diseinatutako urratsak eman dituztelako". Askatasunak Jose Luis Rodriguez Zapateroren gobernuari leporatu dio heriotzaren erantzukizuna.

Gatazka politikoaren existentzia onartzen ari den unean edota balizko bake prozesu bat denen ahotan dabilen unean galdera bat sorrarazten dio Askatasunari gertatutakoak: "Gatazka konpondu nahi badute zergatik mantentzen dute politika kriminal hau?". Galdera hori luzatu diete "euskal preso baten gorpua mahai gainean jarri dutenei". Horrelako jarrerekin gatazka konpontzeko urrats sakonak ematea ezinezkoa dela iritzi dio Askatasunak.

Manifestazioagaur Santurtzin

Askatasunak gaur arratsaldean Santurtzin egingo den manifestazioan parte hartzeko deia luzatu dio gizarteari "Igor Angulo euskal preso politikoaren hilketa salatzeko".Arratsaldeko 19:30ean, Santurtziko Parkean kontzentrazioa eta batzar informatibo egingo dira eta amaitzean, 20:00etan, abiatuko da manifestazioa. Hainbat herritan egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia ere egin du Askatasunak.

Bihar ere Angulo euskal presoaren "hilketa salatzeko" Askatasunak hainbat elkarretaratze antolatu ditu. Arratsaldeko zazpiretan egingo dira: Hendaian, Donibane Lohitzunen, Bidarten, Baionan eta Donibane Garazin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.