Hiru egunez inkomunikatuta eduki ostean, Igor Esnaola aske utzi du Guardia Zibilak. Atzo arratsaldean utzi zuten libre, epailearen aurrera eraman ere egin gabe. Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministroak eguerdian aurreratu zuen Igor Esnaola ez zela ETAko kidea. Astearte goizean abiatu zuten polizia operazioan ETAren Erreka taldea desegiten ari direla zabaldu dute Guardia Zibilaren eta Barne Ministerioaren iturriek, baina Rubalcabak esan zuen Aitor Esnaolak eta Andoni Goikoetxeak —Guardia Zibila atzo saiatu zen hura atxilotzen— osatzen zutela talde hori, eta Igor Esnaola, gehienez ere, «jakinaren gainean» egongo zela.
Ordu batzuk geroago utzi zuten aske Igor Esnaola, Madrilen, familiarekin harremanetan jartzeko baliabiderik ere eman gabe. Berri agentzien arabera, haren anaia Aitor gaur eramango dute Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fernando Grande-Marlaska epailearen aurrera deklaratzera.
Polizia operazioak irekita jarraitzen du, eta Guardia Zibilak miaketa gehiago egin ditu Leaburun eta Gaztelun (Gipuzkoa). Leaburuko Txarama auzora Goikoetxearen bila joan ziren atzo goizaldean, Rubalcabak jakinarazi zuenez. Han ez zuten topatu, eta Zapatari Berri baserria goitik behera arakatu zuten. Handik Leaburura joan ziren, eta Goikoetxearen bikotekidearen etxebizitza miatu zuten.
Operazio berean Lander Etxeberria ere atxilotu zuten herenegun, Beran, Esnaola anaien eta ETAren artean lotura lanak egitea egotzita. Kontseiluko langilea da Etxeberria, eta euskararen erakundeakkezka agertu du hark «une honetan jaso dezakeen tratuarekin». Familiari elkartasuna adierazi dio, gainera.
AAM Amnistiaren Aldeko Mugimenduak ohartarazi duenez, Etxeberriaren atxiloketa legez kanpokoa izan daiteke. Horregatik, habeas corpusa aplikatu eta atxilotua berehala epailearen aurrera eramateko eskatu du haren abokatuak. Izan ere, aurretik ere atxilotu eta espetxeratu zuten Etxeberria. Frantzian bete zuen zigorra orduan. Lehenengo aldiz atxilotu aurretik ustez egindako delituengatik atxilotu dute orain; AAMren arabera, «jada horregatik atxilotu eta zigortu zuten». Hori legez kanpokoa dela ohartarazi du.
Igor Esnaola aske utzi dute epailearengana eraman ere egin gabe
Etxeberriari 'Habeas Corpusa' aplikatzeko eskatu dute, legez kanpoko atxiloketa izan daitekeelako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu