Fernando Grande Marlaska Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak Igor Portu espetxeratzeko agindua eman zuen atzo eta, hasiera batean Martutene Donostiako kartzelan sartu bazuten, gero Espainiako kartzela batera eraman zuten: Zuerara (Zaragoza, Aragoi).
Igandean atxilotu zuen Guardia Zibilak Portu, Arrasaten (Gipuzkoa), Mattin Sarasolarekin batera, ustez bi pistola atzemanda. Biek torturak jaso izana salatu dute. Portuk bost egun igaro ditu Donostiako Ospitalean; besteak beste, saihets bat hautsia duelako eta birika zulatua. Atzo jaso zuen senda agiria.
Portuk berak herenegun deklaratu zuen Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile eta fiskalaren aurrean, Donostia Ospitalean. Berri agentziek zabaldu zutenez, ez zien erantzun fiskalak eta epaileak egin zizkien galderei. Iturri horien arabera, inkomunikatuta eduki duten denbora guztian Guardia Zibilak torturatu egin duela, eta mehatxu ere egin diotela salatu zuen.
Atzo gauera arte inkomunikatuta eduki dute hura. Grande Marlaskak atzo kendu zuen neurria, Portu Zuerara eramandakoan.
Sarasola ere kartzelara bidali du epaileak, atzo, Madrilen auzitegian hartu ondotik. Soto del Realen (Madril) sartu dute.
Biek "talde terroristako" kide izatea egotzi die, baita armak eta lehergailuak edukitzea ere. Halaber, Madrilgo Barajasko aireportuko T4 aparkalekuko atentatua egitea -bi lagunen hilketa- eta iazko abuztuaren 26an Les Coves de Vinroman (Herrialde Katalanak) furgoneta bat leherrarazi izana ere leporatu die.
Politika
Igor Portu Martutenetik Espainiako kartzela batera eraman dute
Zuerako (Aragoi) presondegian sartu zuten atzo gauean. Bost egun egin ditu Donostiako Ospitalean, saihets bat hautsita eta birika zulatua zituelako. Torturak jaso izana salatu du. Mattin Sarasola Soto del Realen sartu dute. Igandean atxilotu zituen biak Guardia Zibilak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu