Joan den maiatzaren 16ko gauean lau gizonek atzetik heldu, iletik tira eta mehatxatu ein zutela salatu du Andoni Akesolo Igorreko gazteak gaur. Bigarren abisua zela, eta hurrengoan "horrenbesteko zorterik" ez duela izango azaldu du Akesolok. Bigarren salaketa du hau; lehena artxibatu egin zuten, "ikertu barik", kontatu duenez.
Igorreko Udalak ere kasuok ikertzeko eskaera egina dauka, duela hilabete batzuk onartutako erabakiaren ostean.
Zefe Ziarreta Dimako alkate ohia izan du alboan Akesolok salaketa publiko egin duenean. "Jendeak jakin dezan egoera hauek salatu behar direla", nabarmendu du. "Salaketa judiziala eta erantzun soziala dira inpunitate gertaera hauei muga jartzeko biderik eraginkorrenak".
Prozesu demokratikoa "bururaino" eramateko "beharrezkoa izango da errepresioa neutralizatzea. Baldintza demokratikoak eskuratzea eta errepresioarekin amaitzea dira une honetan irabazi beharreko borrokak".
Horrelako erasoak salatzeko manifestaziora deitu du Amnistiaren Aldeko Mugimenduak Igorren, ostiralean.
politika