Espainiako polizia erretiratu baten aurkako epaiketa hastekoa zen gaur Iruñean, Nafarroako Probintzia Auzitegiko bigarren aretoan. Ohiko tratu txarren hiru delitu eta sexu erasoei lotutako beste hiru egozten dizkiote 70 urteko gizonari. Epaiketa, baina, bertan behera utzi dute, akusatuak ihes egin duelako. Hura bilatzeko eta atxilotzeko agindua eman du auzitegiak.
Fiskaltzak hemezortzi urteko espetxealdia eskatu du harentzat, sei delitu egotzita: bikotekide ohiaren, alabaren eta alabaordearen aurkako tratu txarrak —hiru delitu, guztira—; adingabeen aurkako sexu abusuen bi delitu; eta sexu erasoen bat.
Fiskaltzaren akusazio idazkian irakur daitekeenez, akusatuak eta haren bikotekide ohiak 2014. urtean hasi zuten bikote harremana. Emakumeak alaba bat zuen ordurako, eta beste haur bat izan zuen akusatuarekin. Alabatxoa jaio berritan hasi ziren gizonaren «abusuzko jokabideak eta andrearen aurkako umiliazioak». Irainak, mespretxuak eta oihuak eguneroko kontu bihurtu ziren familia barruan, eta, noizbehinka, baita eraso fisikoak ere.
Fiskaltzaren arabera, mehatxu ere egin ohi zien gizonezkoak emakumeari eta alaba nagusiari; zehazki, gogorarazten zien polizia izandakoa zela, eta «jendea hiltzeko modu ugari» zekizkiela. Estu zaintzen zituen emakumearen kontu korronteak eta mugimendu guztiak, eta, horren ondorioz, harreman sozial eta lagunarteko oro eten behar izan zuen andreak.
Bestalde, fiskaltzaren esanetan betiere, gizonak zigor fisikoak ezarri ohi zizkien alabei: «Neskatoa jotzen zuen, edozein zelarik ere haserrea eragin zuen gatazka; zimiko egiten zien bi alabei besoetan eta hanketan; belauniko eta eskuetan liburuak hartuta egotera behartzen zituen; eta behin, neskak 9 urte zituela, kopetan ukabilkada bat eman eta 1,5 zentimetroko orbana eragin zion eraztun batekin». Alabetako batek giltzarrapoa jarrita egiten zuen lo bere gelan, sexu erasorik ez izateko.

