Operacion Poncho (Hordago, 1978) argitaratu zuen Angel Amigo Segoviako iheslariak (Errenteria, Gipuzkoa, 1952) amnistia jaso eta urtebetera. Liburu hori da Segoviako ihesa (Imanol Uribe, 1981) filmaren oinarria. Amigo bera izan zen ihes ezaguna kontatu zuen filmaren ekoizlea eta gidoia idatzi zuena, Uribe zuzendariarekin batera.
Zer zahartu da hobeto, errealitatea ala fikzioa?
Filma ez da gaizki zahartu. Jende askok esaten dit zinema lan bezala freskotasunari eusten diola oraindik. Izan ere, fikzio film bat da, baina, aldi berean, benetan gertatu zena islatzen du, gertutasun handiz. Askotan dokumentalak berezkoak dituen osagaietara hurbiltzen da, izan ere. Esango nuke zenbait ataletan izotza bezain fresko eutsi diola urteen joan-etorriari. Imanolek [Uribe] eta biok hartutako erabaki bati esker dela uste dut: filmazio garaian, zuzendariak benetako iheslariak zituen alboan, eta askotan, horien testigantza garrantzitsua izan zen, filmak jasotzeko bakoitzak zer egiten zuen zehazki eta nola. Gainera, benetako dekoratuan grabatu genuen, Segoviako kartzelan, eta preso ohiek esan zioten «han nengoen hura gertatu zenean, eta hor halako esan nuen». Horri esker, film oso zintzoa da errealitatearekiko.
Ikusi gehiago
Ihesa gertatu eta bi urtera filmatzen hasi zineten, jazotakoaren argazki gisa, ezta?
Bai, hori izan zen ideia, egoera historikoa ere barne hartuta.
Eta garai historikoa, Francorik gabeko frankismoa eta borroka armatua, oso iraganean sentitzen duzu orain?
Zoritxarrez edo zorionez, oso ondo gogoratzen dut dena. Segoviako ihesa ez zen izan edozer gauza gure bizitzan. Memorian gauza asko gordetzen ditugu, baina ihesaldi hura biziz gero, ez dago ahazterik. Bilerak, elkarrizketak, nola ibiltzen ginen patioan paseoan zuloa egiten zuten bitartean... gauza asko dauzkat buruan oraindik. Gure artean askotan esaten genuen bizitzen ari ginena film batean jasotzeko modukoa zela. Mende erdi bat pasatu da, baina niri ez zait iruditzen.
1981ean egin zenuten 'Segoviako ihesa'-ren estreinaldia, frankismoa bizi-bizi zegoen garaian. Ez zen txantxa izango halako lan bat egitea orduan...
Ez, arazo handia zen. Garai hartan nahiko nahasmen zegoen. Gauza arraroak gertatzen ari ziren. Jose Maria Ryan ingeniaria bahitu eta hil zuen ETAk, eta heriotza ugari gertatzen ari ziren. Dena pil-pilean zegoen. Filma egin ahal izateko, baimen pilo bat eskatu behar zen agintaritzan. Adibidez, Guardia Zibilaren jantziak eta armak erabili ahal izateko, baimena eskatu behar zen Guardia Zibilaren kuartelean, eta han ibiltzen ginen eskaerak egiten. Tolosan genuen dekoratua, eta han azaldu zen patruila bat jaurtigairik gabeko fusilekin. Madrilen, berriz, filmaren dosierra utzi genuen zuzendaritza batean, ez dut oroitzen izena; kontua da otsailaren 23a zela; beraz, ia Tejerok berak aurrean eraman gintuen.
«Ihesa galarazteko operazioan parte hartu zuten guardia zibil batzuk filmazioan egon ziren, eta doikuntza batzuk egiten lagundu zuten».
Batera edo bestera, armak eta uniformeak lortu zenituzten, filmean ageri denez...
Bai, bai, bidali zituzten, eta gauza bat esango dizut: benetako guardia zibilak eraman zituzten, eta filmatzen ari ginenean laguntza eman ziguten.
Nola da hori?
Intxaurrondoko kuartelean zeuden horietako batzuk, eta esan ziguten hango guardia zibil batzuek esan zietela benetako ihesa galarazteko operazioan parte hartu zutela. Bada, jakin-nahia asebetetzeko, filmaziora joan ziren, eta Uribek haiekin hitz egin zuen doikuntza batzuk egiteko. Grabazio bat moztu egin zuten behin, guardia zibilen rolean ari ziren aktoreak oso gaizki ari zirelako, benetakoen begietara. Miaketak beste era batera egin behar zirela esan zieten. Fusilak kargatzen ere aritu ziren, nahiz eta jaurtigairik gabekoak ziren, noski.
«Fikzioa da, baina jendeak pentsa dezake benetan ikusi duela gertatu zena; hori da filmaren indarra»
Zu ETApm-koa zinen benetako ihesaldia gertatu zenean. Filmak oso argi erakusten du kolaborazio handia egon zela beste adarretako burkideekin, ezta?
Kolaborazio handia egon zen, baina antena eskubideak zituztenak, hau da, kontakizunaz arduratu zirenak polimiliak izan ginen. Pisu gehiena genuen espetxean, izan ere. Zuloa non hasi eta bestelako erabakiak gureak izan ziren. Zuloa estaltzeko tapekin lan fina egin zuten gure bi kidek: ebanistak ziren.
Zenbateraino da garrantzitsua filma benetako ihesak iruditeria kolektiboan duen tokia izan dezan?
Egin genuen lanak sendotu egin zuen ihesaren inguruko oroimena. Ihesa bera harrapatu genuen fikzioan ia gertatu zen momentuan, eta horrek asko lagundu du iruditeria kolektiboan tokia izan dezan. Bestela ere izango zuen, jakina, baina filmak bere ekarpena egin du memorian egonkortzeko. Donostiako estreinaldian askok negar egiten zuten, eta inoiz esan dut ikusleak ia gu baino okerrago egon zirela. Arrakasta handia izan zuen Zinemaldian. Fikzioa da, baina jendeak pentsa dezake benetan ikusi duela gertatu zena: hori da filmaren indarra.
Azkenean, bakarrik lau presok lortu zuten Iparraldera iristea, baina damurik ez duzue saioa egiteagatik, ezta?
Bagenekien amnistia hurbil egon zitekeela. Gauza segururik ez zen, ordea. Heriotza zigor batzuk ere kommutatu egin zituzten garai hartan. Baina berdin zion. Argi genuen ihes egiten saiatu behar genuela.