Ihurtzuri Ipar Euskal Herriko talde feministak salatu du Ziburuko (Lapurdi) abeslari batek mota ezberdinetako erasoak egin dituela, tartean sexu erasoak, eta, gerora, eraso horiek «gutxietsi» dituela. «Trabarik gabe bere proiektu musikala aitzina eramateko, erasoa jasandakoak barkamena eman diola adierazi du, nahiz eta ez den hala izan», dio taldeak sare sozialen bidez zabaldutako ohar batean.
Erran dutenez, halako jarrerak ez dira bakanak; are, kulturgintzan «hedatuak» dira, haien irudiko. «Euskal Herrian ere, ez da lehen aldia ikusten ditugula gizonak egindako erasoak gutxisten, eta biktimaren papera hartzen».
Hortaz, indarkeria matxistaren aurka behar bezala erreakzionatzea denen ardura dela nabarmendu dute, baita kultur ekitaldiak antolatzen dituztenena ere. «Erasoen berri izanik beste alde batera begiratzea sistemaren konplize izatea da», borobildu dute.