II. Bizikidetza Planaren zirriborroa aurkeztu du Nafarroako Gobernuak, xedetzat hartuta aurrekoaren kontsentsu falta gainditzea

Lehen plana ez zen onartu, kontra bozkatu baitzuten Navarra Sumak eta EH Bilduk. Adostasun handiagoa nahi du gobernuak, baina polemika piztu zuen puntua ageri da zirriborro berrian ere: «batez ere» ETAren indarkeria gaitzesteari buruzkoa, alegia.

Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Memoria kontseilaria, parlamentuan, artxiboko irudian. MIGUEL OSES
Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Memoria kontseilaria, parlamentuan, artxiboko irudian. MIGUEL OSES
Ion Orzaiz.
2025eko abuztuaren 27a
15:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Polemika zurrunbilo batean aurkeztu zuten 2021. urtean Nafarroako I. Bizikidetza Plana. Hasieratik beretik, UPNk eta PPk osatutako Navarra Suma koalizioak eta Anvite Nafarroako ETAren biktimen elkarteak uko egin zioten plana lantzeko prozesuan parte hartzeari, eta sutsu aritu ziren haren aurka. Oztopoak oztopo, gobernuak oinarrizko testu bat onartu zuen, baina hura ere atzera bota zuten Nafarroako Parlamentuan, kontra egin baitzuten bai Navarra Sumak eta bai EH Bilduk. Eskuin espainiazaleak «ETAren gaitzespen esplizituan» jarri zuen marra gorria. Ezker abertzaleak, berriz, salatu zuen planak ez zituela aintzat hartzen torturaren errealitatea eta beste indarkerien biktimen eskubideak. Lehen plan horren kontsentsu falta ikusita, bigarrena prestatzen hasi zen gobernua iaz. Gaur aurkeztu dute zirriborroa, aurrekoak piztutako ika-mika gainditzeko xedez.

Agiria ikusgai dago jada Gobernu Irekiaren webgunean, eta edozein eragilek aukera izanen du ekarpenak egiteko. «Planak helburutzat du Nafarroak datozen urteetan giza eskubideen eta bakearen esparruan izanen dituen erronka nagusiak aztertzea, aintzat hartuta gizarte gero eta pluralago batean bizi garela», azaldu du Nafarroako Gobernuko lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetza, Kanpo Ekintza eta Euskara kontseilari den Ana Ollok, gaurko gobernu bilkuraren ostean.

«Indarkeria oro deslegitimatzea eta elkarbizitza soziala eta politikoa sendotzea», horra planaren beste xedeetako bat. Indarkeria ororen arbuioa izanen da, hain zuzen, planak gainditu beharko dituen oztopoetako bat. Izan ere, talde politikoek puntu horretan egin zuten talka aurreko planaren tramitazio prozesuan.

2022an, esate baterako, Navarra Suma prest agertu zen planaren nondik norakoei buruz negoziatzeko, baina aldaketak egin nahi izan zizkion agiriari. Adibidez, proposamen hau gehitu nahi izan zion: «Terrorismo oro gaitzestea, batez ere ETArena, eta hala egiten ez duten alderdiekin akordio politikorik ez egitea». PSNk ebazpena moldatu eta ETA gaitzesteko eskatu zuen, proposamenaren bigarren zatia kenduta. EH Bilduk ez beste indarrek onartu zuten zuzenketa. Gainera, eskuineko koalizioak proposatu zuen segurtasun indarrei omenaldiak egitea eta Alde Hemendik ekinbideren gisakoak kriminalizatzea.

EH Bilduren arabera, hasierako planak «argi-ilunak» zituen; salatu zuen ez zituela aintzat hartzen torturaren errealitatea eta beste indarkerien biktimen eskubideak. Haren proposamenetako batzuk onartuak izan baziren ere, PSNri egotzi zion Navarra Sumaren jokoan sartu izana. Horregatik, kontra bozkatu zuen. Gauza bera egin zuen Navarra Sumak, eta, ondorioz, porrot egin zuen planak.

ETA, GAL eta tortura

Porrot horren ostean, Nafarroako Gobernuko Bake eta Bizikidetza zuzendaritzak lanean segitu zuen eragile sozial eta politiko zenbaitekin, planaren ertzak leuntze aldera. Zenbait puntutan aldea nabari da, baina ikusteko dago hori nahikoa izanen ote den alderdien arteko ezadostasunak gainditzeko.

Hasteko eta behin, II. Bizikidetza Planaren zirriborroan jasota dago oraindik Navarra Sumak duela hiru urte eskatutako aldaketa: «batez ere» ETAren indarkeria arbuiatzeari buruzko aipamena, alegia. Hala ere, EH Bilduk eginiko proposamenetako batzuk ere antzeman daitezke agirian, hala nola GAL eta estatu terrorismoari, eskuin muturreko taldeen indarkeriari eta torturari eginiko aipamenak.

Zehazki, honela idatzi dute indarkeria politikoari buruzko pasartea, planaren hitzaurrean: «1936ko kolpe militarra, diktadura frankista, ideologia eskuindar eta ezkertiar desberdinetako talde erradikal armatuen terrorismoa —batez ere ETAk egindakoa, haren iraupena eta intentsitatea kontuan hartuta—, GALek gauzatutako estatu terrorismoa eta tortura praktikak gure gizartearen memorian geratu behar dira ekintza beldurgarri eta justifikaezin gisa».

Biktimak ere aipagai dira agirian. Hiru talde zehaztu dituzte: 36ko gerraren eta diktadura frankistaren biktimak; terrorismoaren biktimak eta «bereziki» ETArenak; eta eskuin muturreko taldeek eta funtzionario publikoek eragindako indarkeriaren biktimak. Horiei aitortza eta ordaina emateko bideak aletu dituzte planean.

Ikuspegi zabalagoa

Zio politikoko indarkeriaz harago, baina, Ollo lehendakariordeak nabarmendu du «elkarbizitzaren ikuspegi zabala eta irekia» izan dutela, II. Bizikidetza Plana diseinatzeko tenorean. «Aintzat hartu dugu Nafarroako egungo errealitatea, baina baita [Espainiako] Estatuan, Europan eta mundu osoan dugun egoera ere, maila guztietan ageri baitira inboluzio mehatxuak. Hortxe ditugu, besteak beste, autoritarismoak, fake news edo albiste faltsuak, gorroto diskurtsoak eta xenofobia», esplikatu du. Indarkeria matxistari buruzko atal bat ere badu planaren zirriborroak.

Dokumentua ikusgai dago Nafarroako Gobernuaren webgunean, eta azaroaren 30era arte aukera izanen da ekarpenak egiteko. Ollok azaldu duenez, herritarren iritzia jasotzearekin batera, erakunde arteko prozesu bat ere abiatu dute, kontsentsua handitze aldera. Besteak beste, tokiko entitateei, Nafarroako Parlamentuari, unibertsitateei eta hainbat gizarte eragileri igorri diete planaren zirriborroa, eta horien guztien ekarpenak ere espero dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.