Eskola publiko elebidunaren arrakasta gero eta nabarmenagoa dela erran du Ikas Bi guraso elkarteak, baina, hala ere, Frantziako Hezkuntza Ministerioak ez dizkiola ematen behar beste euskara irakasle. Aurten, adibidez, lau irakasle postu eta erdi falta dira oraindik. Horrekin batera, nabarmendu du aurten iaz baino 289 ikasle gehiago lortu dituela eskola publiko elebidunak; 5.000 estudianteren heina gainditu du.
Itxaropentsu dago Ikas Bi, Frantziako presidente sozialistak zerbitzu publikoarekiko abegi handiagoa duelakoan. Hori erranik, eskola publiko elebidunari buruzko jarrerak zuzentzeko eskatu dio. «Ipar Euskal Herrian biztanleen erdiak Baiona-Angelu-Miarritze hiri elkargoan daude, eta azken urteotan ez da ireki eskola elebidun bakar bat ere», erran du Thierry Delobel Ikas Biko presidenteak. Horren argira, EEP Euskararen Erakunde Publikoaren hizkuntza politikak goia jo duela azaldu du. Izan ere, Akademia Ikuskaritzak euskarari emandako postu bakoitzeko frantsesezko bat kentzen du, sistematikoki. Gaineratu du horrela jokatuz eredu ele biko eta ele bakarreko ikasleen gurasoak elkarren aurka jarri nahi dituztela .
Bertzalde, Ikas Bi eta FCPE guraso elkarteak hitzarmen bat izenpetu dute, hezkuntza publikoan urriaren 12an egingo dituzten hauteskundeei begira. FCPE hezkuntza publikoko guraso elkarte garrantzitsuena da, Frantzian zein departamenduan. Ordezkaritza emendatzea igurikatzen dute.
Ikas Bik dio euskara irakasleak falta direla eskola publikoan
Aurten, 289 ikasle gehiago ukan dituzte eskola publiko elebidunetan, eta 5.000 ikasleren heina gainditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu