Ikasketen arabera euskara gaitasuna aitortzen apiriletik aurrera hasiko dira

Eskolan ikasgaien erdiak euskaraz egin dituztenei ez diete euskara titulua eskatuko erakundeetan jardun ahal izateko

Blanca Urgell eta Isabel Zelaa, legebiltzarreko agerraldi batean. R. BOGAJO / ARP.
Garikoitz Goikoetxea.
Gasteiz
2012ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Iragarritako dekretua prest du dagoeneko Eusko Jaurlaritzak: eskolan erdia edo gehiago euskaraz egin dutenei ez die euskara gaitasunari buruzko titulurik eskatuko. Egindako ikasketen arabera aitortuko die jakite maila bat edo beste. Apiriletik aurrera hasiko dira salbuespen horiek egiten.

Apirilaren 3an onartuko dute dekretua gobernu kontseiluan, baina, planak «jakin-mina» sortu duelakoan, atzo eman zuten horren berri Isabel Zelaa Hezkuntza sailburuak eta Blanca Urgell Kulturakoak. Apirilean jarriko dute indarrean dekretua, baina izango du eragina ikasketak lehenago amaitu zituztenentzat ere: 2008ko apirilaz geroztik lortutako tituluek balioko dute euskara gaitasunak aitortzeko. Erakundeetan izango du balioa neurriak: hots, lan eskaintzetan eta horrelakoetan, gaitasun titulurik ez diete eskatuko hautagaiei, betiere egindako ikasketak aski badira eskatutako euskara maila ziurtatzeko.

Lau maila dituzte euskara tituluek: B1, B2, C1 eta C2. Egindako ikasketen arabera onartuko dute bakoitza; oinarrizko ikasketekin B1, Batxilergoan B2, eta unibertsitatean C1 eta C2. Tituluak ez dituzte emango, baizik eta ez eskatu administrazioan. «Salbuestea da xedea, euskara tituluek meritu gisa jokatzen dutenean edo ezinbestekoak direnean», esan du Zelaak. Azterketetara aurkeztu beharra kenduko diete, beraz, erdia edo gehiago euskaraz ikasi dutenei.

«Dekretuak sekulako aurrerapausoa ekarriko du euskararen normalizazio prozesuan», adierazi du sailburuak. Beste herrialdeetan egiten dela nabarmendu du, eta adostasun zabala lortu duela Jaurlaritzaren egitasmoak. Euskara gaitasunak onartzerakoan «tentuz» arituko direla esan du Zelaak: «Badakigu zein den egoera soziolinguistikoa. Badakigu egoera ez dagoela normalizatuta. Horregatik, ez da onarpen unibertsala; ikasketen araberakoa da».

Jaurlaritzak uste du ez dagoela arriskurik euskaraz maila kaskarra dutenei maila aitortzeko. Urgell sailburuak honela adierazi du: «Logika aplikatzea da: euskaraz ikasi duzu; beraz, euskaraz badakizu, eta ez duzu egiaztatu behar». Kultura sailburuaren hitzetan, eskoletan euskara indartzeko «akuilu» izango da dekretua. Beste neurri bat iragarri du: euskara tituluen zerrenda bateratu bat osatuko du Jaurlaritzak. Barreiatuta daude gaur egun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.