Badira haurrak arazoak dituztenak ikasgelako martxa jarraitzeko eta eskolako lanak euren kabuz egiteko. Zailtasun horiek gainditzeko, askotan nahikoa izaten dute aparteko laguntza txiki bat jasotzea eskola orduetatik kanpo. Baina batzuek ez dute horretarako modurik, etxean baliabiderik ez dutelako. Behar horri erantzuteko, boluntarioz osatutako taldeak sortu dituzte zenbait herritan. Gipuzkoan, Donostian izan ziren aurrenak. 2009an, erretiratutako irakasle batzuek Hazi eta Ikasi elkarte solidarioa sortu zuten, baliabide urriko familietako haurrei eskola laguntza emateko. Irakasle gutxi batzuk hasi ziren haur gutxi batzuei laguntzen. Bederatzi urte geroago, ordea, 150 boluntariok 7 eta 14 urte arteko 230 haurri laguntzen diete, hiriburuko lau auzotan.
Duela bi ikasturte, Donostiako esperientziatik ikasita, Ikaslagun proiektua abiatu zuten Zarautzen. Udalak sustatu zuen egitasmo hori, beharra ikusi baitzuen herrian. Marije Zumeta, Eulogio Saavedra eta Iñaki Azkune irakasle ohiei azaldu zien ideia, eta haiek gogotsu hartu zuten egitasmoa martxan jartzeko ardura. "Lehenengo, ezagutzen genituen erretiratutako irakasleengana joan ginen laguntza eske; gero, herriko ikastetxeetako eta udaleko ordezkariek osatzen duten irakaskuntza mahaian landu genuen proiektua; azkenik, udalak lokal egokirik ez zuenez, parrokiari eskatu genion bere lokalak uzteko", azaldu du Zumetak. LH 1etik DBH 4ra arteko 35 bat ikaslerekin ekin zioten bideari, iazko ikasturtean. "Oso esperientzia polita eta interesgarria izan zen denontzat, bai ikasleentzat, bai irakasleontzat". Eta are indar eta gogo handiagoarekin ekin zioten bigarren ikasturteari. Urritik maiatzera, 28 bat boluntariok eta 60 bat haurrek parte hartu dute Ikaslagun proiektuan.
Adinaren arabera banatzen dituzte haurrak, eta hainbat ikastetxetakoak nahasten saiatzen dira. Haur bakoitzak astean bitan jasotzen du eskola laguntza. "Astelehenetan eta ostegunetan hasi ginen, baina, eskolaz kanpoko ekintzengatik, batzuei ezinezkoa zitzaien egun horietan etortzea, eta astearteetan etortzeko aukera eman genien".
Zumetak azaldu du saio bakoitzak bi zati izaten dituela, ordu eta erdi irauten du eta. Edukiak landu eta eskolako lanak egiten dituzte aurreneko zatian. "Azken finean, hori delako proiektu honen helburua, eskolako lanak egiteko etxean hainbat arrazoirengatik jaso ezin duten laguntza hori izatea". Zumetaren hitzetan, haurrentzat "oso garrantzitsua" izaten da eskolara lanak eginda eramatea, horrek "segurtasun handia" ematen baitie. "Lanak eginda badaramatzate, lasai joango dira eskolara, eta euren burua gainontzeko ikaskideen pare ikusiko dute; haien parte direla sentituko dute, eta ez dute euren burua desberdin ikusiko; ez dira irakaslearengandik ezkutatzen arituko".
Arazorik handiena, euskara
Jolasak, eskulanak eta bestelako jarduerak egiten dituzte saioaren bigarren zatian, 2hizkuntza lantzeko aukera ematen dutenak", haur gehienek hizkuntzarekin izaten baitituzte arazoak, hain zuzen. Izan ere, Ikaslagun proiektuan parte hartzen duten haur gehienek guraso atzerritarrak dauzkate, eta euskara ez den beste hizkuntza bat hitz egiten dute etxean. "Badaude atzerrian jaiotako haurrak ere, baina Zarautzen bertan jaiotakoak dira asko. Gertatzen dena zera da, gurasoek ez dakitela euskaraz, eta etxean beste hizkuntza bat erabiltzen dutela. Eta badaude gurasoetako bat Euskal Herrikoa eta bestea kanpokoa duten beste haur batzuk ere. Baina, hainbat arrazoi tarteko, ezin izaten dute jaso etxean behar duten laguntza hori".
Zumetaren arabera, haur horiek "arreta berezia eta zuzena" behar izaten dute ikasketetan egoki aurrera egiteko. "Galduta sentitzen dira 25 ikasleko gela batean. Horregatik, guk arreta zuzenagoa ematen diegu, irakasle bakoitza bi edo hiru ikaslerekin egoten baita gehienez. Gainean egoten eta dituzten zalantza guztiak argitzen saiatzen gara".
Haur bakoitzaren garapena neurtzeko, boluntarioek harreman zuzena izaten dute, haren gurasoekin ez ezik, baita ikastetxeko tutorearekin ere. "Ikasturtearen hasieran, tutoreak esaten digu zer lantzea komeni zaion haur bakoitzari, eta, orain, ikasturtearen amaieran, berriz biltzen gara, ikasleak nolako garapen izan duen aztertzeko".
Baliabide gutxiagorekin, baina helburu berarekin abiatu zuten Ikasjolas proiektua Zestoan, aurtengo ikasturtearen hasieran. Han, Caritasek sustatu zuen egitasmoa, ikusi baitzuen elkartearen inguruan ibiltzen diren familietako askotan gurasoek ez dutela gaitasunik seme-alabei eskolako lanak egiten laguntzeko, besteak beste euskaraz ez dakitelako. Danbolin herri aldizkariak Zestoako Caritaseko arduradun Xanti Ugarteri egindako elkarrizketa irakurrita izan zuen Esti Zabalak egitasmoaren berri, eta halaxe aurkeztu zuen bere burua beharra duten herriko familiei laguntzeko. "Ahoz ahokoari esker", hamabost ikasle eta lau boluntarioko taldetxoa osatu dute aurten, eta "pozik" daude egindako lanarekin. "Lehen ikasturtea da, eta etorri ahala joan gara gauzak eginez. Gustura gaude orain arte egindakoarekin".
8 eta 12 urte arteko haurrei eman diete eskola laguntza, astean bitan, egun bakoitzean ordubetez. "Egia esan, haurrak gustura etortzen dira. Galdetzen diegun lehen gauza da ea baduten eskolako lanik, eta, baldin badute, egin egiten ditugu. Zeregin berezirik ez badute, geuk antolatuta dugun materialarekin aritzen gara: matematikako buruketak egiten ditugu, idazlanak edo irakurketa eta ulermen ariketak, ahozko adierazpena lantzeko jarduerak…". Batez ere, "hizkuntza lantzen eta euskaraz hitz egiteko joera sustatzen" saiatu direla azaldu du Zabalak. "Euskaraz hitz egiten dute eskolan, baina etxean, ez. Horregatik, kalean dabiltzanean, euren artean erdarara jotzeko ohitura handia izaten dute, eta gure saioetan ere nabaritzen zitzaien hori".
Bietan, Zarautzen eta Zestoan, egitasmoaren arduradunak herriko ikastetxeko arduradunekin harremanetan izan dira hasiera-hasieratik,jakiteko zeintzuk ziren proiektuan parte hartzeko behar handiena zuten ikasleak, eta haien garapena aztertzeko. Dena dela, Zabalak nabarmendu du "ateak zabalik" dituztela beharra duen herriko edozein ikaslerentzat, "eta, ikasleentzat ez ezik, baita haiei laguntzeko prest leudeken boluntarioentzat ere". Boluntario sare sendoagoa osatu nahiko lukete datorren ikasturterako, zerbitzua egonkortzeko.