Ikasleen kopurua areagotzeak ez du izan behar adinako isla irakasleen kontratazioetan. Salaketa hori egin dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntzan gehiengoa duten sindikatuek. Egin dituzten kalkuluen arabera, 350 maisu-maistra gehiago hartu behar zituen Eusko Jaurlaritzak sare publikoan, aurreko urtean baino 5.000 ikasle gehiago ari baitira aurten. Salatu dute ez dela halakorik gertatu: «Ez ditugu inon ikusi baliabide horiek», dio EILASeko ordezkari Iñaki Izagirrek. Sindikatuek ez dute jaso lan taldea handitzeari buruzko berri; hainbat hedabidetan zabaldu dute 200 bat hartu dituela. Hala izatekotan ere eskasa da kopuru hori, sindikatu nagusien ustez.
Eusko Legebiltzarrean agerraldia zuten atzo EILASeko, LABeko eta ELAko ordezkariek; haiekin batera, han izan ziren ikastetxeetako zuzendarien elkarteetako kideak ere. Eskoletan duten egoeraren berri plazaratu zuten. Isabel Zelaa sailburuaren jarrera salatu zuten, hark dioenaz bestera murrizketak egiten ari direlakoan. Izagirre: «Murrizketez ari garenean ez gara ari eskola orduak gehitzeaz edo. Guk dioguna da ez dagoela behar adina baliabide ikasleen kopuruari aurre egiteko eta haiek doitze eta optimizazio esaten dietenak ari direla egiten».
Ikasgeletan zuzeneko eragina du horrek, Izagirreren esanetan. Irakasle gutxiago dago ikasle bakoitzeko. «Matrikulen kopurua handitu egin da ikastetxe gehienetan, eta gelak betetzen ari dira. Ezin dugu esan orokorra denik, baina zenbait ikastetxetan gainditzen ari dira gehienezko mugak». Legean ageri dira; Haur Hezkuntzan, kasu, 23 ikasle egon daitezke —2 urte baino gutxiagokoen geletan, gutxiago—, eta Lehen Hezkuntzan, 25. «Muga horiek gainditzean, bikoiztu egin behar da taldea; kasu batzuetan, ordea, ez dute egin, aitzakiak erabiliz». Zirrikitu bat bada horretarako: epez kanpoko matrikulak badira, %10 gaindi daiteke muga.
Azken urteetako kexa legebiltzarrera eraman dute berriro sindikatuek: lan taldeari buruz ez diela informazio osatua ematen Jaurlaritzak. «Ikastetxeei bakoitzari buruzko informazio osatua helarazten diete; sindikatuei, zati bat, eta, osoa eskatuta, erantzun ere ez», dio Izagirrek. Berriro egin diote eskea Zelaaren sailari.
Egoera, norekin alderatu
Ikasturte hasieran behin eta berriz esan du sailburuak: ez da murrizketarik izan hezkuntza publikoan. Datorren urterako hasia da bestelako egoerak irudikatzen. Harekin ituna egina duten sindikatuek, UGTk eta CCOOk, berretsi egin dute Jaurlaritzak dioena. «Euskadi uharte baikor bat da», esan dute. Norekin konparatzen den. Hala dio EILASeko ordezkariak: «Okerrago daudenekin alderatuz gero, izango da irla. Kontua da hemen dauzkagun kalitatea eta baldintzak ez direla lortu okerrago daudenei begira egonda».
Zelaak Espainiako erkidegoetakoekin alderatu du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza publikoaren egoera, hobea dela defendatzeko. Iruzur egitea da hori, Izagirreren ustez: «Ez du balio diskurtsoan eta asmoetaniparraldeko herrialdeetara begiratzeak eta baliabideetan hegoaldera, Espainiara so egoteak».
Ikasleak gehitzeari erantzuteko adina irakasle ez hartzea egotzi diote Zelaari
Gehiengo sindikalak dio 350 irakasle hartu behar zituela Jaurlaritzak, 5.000 gehiago direlako sare publikoko ikasleak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu