Ikastetxeetan zein murrizketa egin behar diren adierazi die Espainiako Gobernuak autonomia erkidegoei: geletan %20 ikasle gehiago pilatzearen alde egin du, eta irakasleei eskola ordu gehiago jartzearen alde ere bai. Ordezkapenetan ere murrizketak iragarri ditu: gaixoaldietan lehen hamar egunetan ez da ordezkorik izango, eta eskolan dauden maisu-maistren artean moldatu beharko dute. Kalitatean ez dute eraginik izango neurriek, Jose Ignacio Wert Hezkuntza ministroaren arabera. Espainia "larrialdi egoeran" dagoela nabarmendu du.
Ikusteko dago neurriek zein eragin izango duten Hego Euskal Herrian. Bileran izan dira Isabel Zelaa Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua eta Jose Iribas Nafarroako Gobernukoa. Zelaak txartzat jo ditu iragarpenak: "Gastua murrizteko neurriak dira, defizit publikoa gutxitzea helburu dutenak". Haren arabera, mahai gainean jarri dituen neurrietatik hiru nahitaez betetzeko agindu du Wertek: irakasleen eskola orduak gehitzea, ordezkapenak bi aste pasatu arte ez egitea eta ordainsari gehiago ez jartzea; beste neurriak, ikastaldeak handitzekoa tartean, "nahi bada" onartzeko esan die Wertek. Iribasek adierazi du "gustatu edo ez" bete egin beharko duela legea. Jakinarazi du testua jaso zain dagoela gobernua, eta nabarmendu du "kalitate handiena" izateko egingo duela lan. Hezkuntza komunitateko eragileekin hitz egingo duela agindu du.
Wertek azaldu du bete beharrekoak direla neurriak, baina ez du argitu ez betetzekotan zer gertatuko litzatekeen. Gaineratu du "malguak" direla neurriak, erkidego bakoitzaren defizitaren araberakoak.
Espainiako Gobernuak proposatutako murrizketa neurriak
1. Ikasleen kopurua. Ikasgeletan ikasle gehiago jarriko dituzte, orain baino %20 gehiago. LOE Espainiako Hezkuntzako Lege Organikoak aurreikusitako ikasleen kopuruarekiko egin dute kalkulua: Lehen Hezkuntzan 30 ikasle pilatu ahalko dituzte talde berean, eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, 36. EAEn gehienezko kopuru bera dago indarrean LHn eta DBHn (25 ikasle), eta, %20 handituta, 30 egon ahalko dira gehienez. Neurri horrekin talde gutxiago izango dira eskoletan, eta irakasle gutxiago beharko dira.
2. Irakasleen eskola orduak. Nafarroan ikasturte honetan egindakoa handitu nahi du Espainiako Gobernuak: eskola ordu gehiago jarri irakasleei, hartara maisu-maistra gutxiagorekin eskolak eman ahal izateko. Lehen Hezkuntzan 25 eskola ordu izango dituzte irakasleek, eta DBHn, 20. Eskolak prestatzeko, aniztasun programetarako eta era horretako lanetarako denbora gutxiago izango dute irakasleek.
3. Ordezkapenak. Gaixoaldiaren lehen hamar egunetan ordezkapenik ez egitea jarri du mahai gainean Madrilek. Egun horietan, eskolan dauden maisu-maistren artean moldatu beharko dute. Gaur egun, hiru egunen ostean egin behar dira, teorian.
4. Lanbide Heziketako moduluak. Bi mila orduko moduluak ez dituzte abian jarriko Lanbide Heziketan. 2013-14ko ikasturtera arte atzeratu dituzte, baina Wertek adierazi du litekeena dela ordurako erreformak eginda egotea (Lanbide Heziketa aldatzeko asmoa du ministerioak).
5. Osagarriak. Irakasleen lan osagarri eta bestelako lansari berriak sortzea debekatu egin du Espainiako Gobernuak.
6. Batxilergoa. Modalitate bat baino gehiago eskaintzeko derrigortasuna kenduko diete institutuei. Bat siolik eskaini ahalko dute,.