Ikasleak sexuaren arabera bereizten dituzten eskolei ituna kentzea onartu dute

Nafarroako Auzitegi Nagusiak atzera bota ditu Opus Deiren menpeko Irabia-Izaga eta Miravalles-El Redin eskolek jarritako helegiteak

Miravalles-El Redin eskola, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU.
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2023ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Ikasleak sexuaren arabera bereizten dituzten bi ikastetxe erlijiosoren ituna etetea erabaki zuen Nafarroako Hezkuntza Departamentuak urte hasieran; Opus Deiren menpeko Irabia-Izaga eta Miravalles-El Redin eskolena, hain zuzen ere. Erabaki horren aurkako helegiteak aurkeztu zituzten bi eskolek Nafarroako Auzitegi Nagusiaren aurrean, eta, atzo, auzitegiak jakinarazi zuen bi eskolen helegiteak atzera bota dituela; ondorioz, itunok eteteko prozesuak aurrera egingo du.

Nafarroako Gobernuaren otsailaren 5eko 2021/35 ebazpenaren arabera, segregazioa modu mailakatuan bertan behera utzi behar zuten Lehen Hezkuntzako ikastetxeek 2021-2022ko eta 2026-2027ko ikasturteen artean, diru publikoa jasotzen jarraitu ahal izateko.

Irabia-Izaga eta Miravalles-El Redin ikastetxeek segregazioa bertan behera utzi zuten Lehen Hezkuntzako 1. mailan, baina sexuaren arabera bereizten jarraitu zuten 2. eta 6. mailen artean. Zehazki, maila horietan kendu zien ituna Nafarroako Gobernuak, sexuaren araberako segregazioa ez deuseztatzeagatik.

Hala ere, irailean Nafarroako Auzitegi Nagusiak bi eskola horien ituna eteteko prozesua «behin-behinean» geldiaraztea erabaki zuen. Ebazpen horien arabera, hezkuntza ituna eteteak «ondorio kuantitatibo eta kualitatibo oso nabarmenak» eraginen lizkioke eskolari, eta, «behin aplikatuta, oso zaila izanen litzateke atzera egitea, egiturazko ondorioak baitira».

2025-2026ko ikasturtera arte

Atzo argitaratutako ebazpenek berretsi egin dute Nafarroako Gobernuaren erabakia, baina horrek ez du esan nahi bi eskola segregatzaile horiek diru publikoa jasotzen jarraituko ez dutenik. Haiei diruz laguntzen jarraituko dute, baina baldintza batekin: 2025-2026ko ikasturtea amaitzerako Lehen Hezkuntzako maila guztietan neskak eta mutilak elkarrekin egotea. Izan ere, Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan segregazioa «gradualki» bukatzeko prozedura adostua dute ikastetxeetako zuzendaritza taldeek eta Hezkuntza Departamentuak.

Dena den, eskolen Batxilergoko ituna bertan behera uztea ere erabaki zuen Nafarroako Gobernuak. LOMLOE Espainiako Hezkuntza legea aplikatuta hartu zuten erabakia, arau horren arabera ezin baitira diru publikoekin finantzatu ikasleak sexuaren arabera bereizten dituzten eskolak.

Euskal Herrian hamabi zentrotan banatzen dituzte neskak eta mutilak: lau Nafarroan —Miravalles-El Redin Iruñean eta Zizur Txikian, eta Irabia-Izaga Iruñean eta Cordovillan—, lau Bizkaian—Arangoya Bilbon, Ayalde eta Munabe Loiun, eta Gaztelueta Leioan—, bi Gipuzkoan —Eskibel Donostian eta Erain Irunen—, eta bi Zuberoan —Saint Michel Garikoitz Etxarrin eta Cours l'Immaculee Conception Domintxaine-Berroetan—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.