Gipuzkoako campusean unibertsitate egoitza bat eraikitzeko eta ustiatzeko proiektua abiarazi du EHU Euskal Herriko Unibertsitateak. Berrehun leku izango ditu. Gaur jakinarazi du albistea Gipuzkoako campuseko errektoreorde Juana Goizueta Vertizek, pozik. «Oso albiste ona da ikasturtea hasteko», esan du. «Mugarri garrantzitsua da, eta bat dator gure gain hartzen dugun konpromisoarekin: campuseko ikasle askok aurre egin behar dioten etxebizitzaren arazoa arintzeko lan egitea».
Obrak 2026an hastea espero dute. Premia bada. Miguel Agud Querol egoitzan okupazioa %100ekoa da egun, eta itxaron zerrenda luzea dagoela esan dute unibertsitate iturriek. 2012an handitu egin zuten egoitza hori, eta 424 bizitoki ditu gaur egun, baina horiek ere ez dira aski eskari guztiei erantzuteko. Besteak beste, atzerritik heltzen diren ikasleen eskariak ugaritu egin dira, eta ikertzaile junior askoren eskeak ere izaten dira.
Manuel Lardizabal pasealekuaren eta Berio pasealekuaren arteko lursail batean egongo da egoitza. Gaur egun badago eraikin bat han: Hezkuntza Museoa; ikasgelak eta jangela bat daude bertan. Eraikin hori, ordea, eraitsi egingo dute orain, berria egiteko.