Ikastola: euskarak behar zuen eskola

Frankismo hasieran, ez zegoen eskolan euskaraz egiterik; horri aurre egiteko, 1960ko hamarkadan loraldia izan zuten ikastolek. 36ko gerraren aurretik ere izan ziren ikasgeletan euskara sartzeko ahaleginak.

Elbira Zipitria andereñoa ikasleekin ikastolan. ILUNETIK ARGIRA LIBURUA
Elbira Zipitria andereñoa ikasleekin ikastolan. ILUNETIK ARGIRA LIBURUA
Irati Urdalleta Lete.
2025eko azaroaren 25a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

«En la escuela no tengo que hablar vasco [eskolan ez dut euskaraz hitz egin behar]» berrehun aldiz idatzita koadernoan. Kolpeak. Irainak. Euskaraz hitz egin zuen ikaskidea salatzeko, eraztuna. Gutxiespena. Bazterketa. Euskaraz mintzatze hutsagatik. Francisco Franco Espainiako diktadoreak bere ideologia inposatu zuen garai hartako eskoletan: nazionalismoa —noski, espainiarra— eta katolizismoa. Debekatuta geratu zen gainerako guztia: euskara, abertzaletasuna... Frankismoak erabat kontrolpean zeukan hezkuntza sistema.

Urteetako zapalkuntzak izan zuen eraginik: belaunaldiak erdaldundu zituen, euskara ikasteko eskubidea ukatu zien milaka umeri, eta, horrela, zenbait familiatan eta herritan isildu egin zen euskara, eten egin zen euskararen transmisioa. Eta zabaldu zen beldurra, euskararen ospe txarra. Aurretik ere apalak izan ziren hezkuntza sisteman euskara txertatzeko ekinaldiak; ezerezean geratu ziren Franco boterera iritsi zenean.

Alabaina, 60ko hamarkadan, Franco hiltzeko oraindik urte batzuk falta zirela, Euskal Herrian bazegoen halako giro bat. Erreakzionatu beharra zegoen. Eta euskalgintzak loraldia izan zuen. Euskal Herria euskaldundu zedin, badaude bi ildo: helduen euskalduntzea eta umeen euskalduntzea. Bigarrenean funtsezko ekarpena egingo zuen mugimendua sortzeko garaia zen: ikastolena. Ondoan izan zituzten, hauspo lanak egiten, kulturgintzako loraldia, euskara batua sortzeko ekinaldia...

160

Zenbat ikastola zeuden 1975ean. Franco hil zen urtean, 1975ean, 160 ikastola zeuden irekita Euskal Herri osoan, eta 33.851 umek ikasten zuten ikastetxe horietan.

Ikastolak ez ziren ezerezetik abiatu. Ernamuina 36ko gerraren aurrekoa izan zen, Idoia Fernandez EHU Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta Ikastolen historia 1960-1975 tesiaren egilearen esanetan: «Bazeuden aurrekari historiko batzuk: gerra aurreko urteetan baziren Euskal Herrian esperientzia txikiak, bazegoen euskal eskola nolabait gauzatzearen esperientzia. Ikastolen mugimendua ez zen hutsetik sortu».

Eusko Ikaskuntzak jada 1918ko kongresuan landu zuen gaiari buruzko kezka. Eta hainbat iniziatiba ernaldu eta garatu ziren hurrengo urteetan. Fernandezek aletu ditu. Gerra aurrean denbora gehien iraun zuena (1914-1936) Migel Muñoaren Donostiako eskola izan zen: euskara hutsezko eskola zen, eta doakoa. Hirurehun ikasle izatera heldu zen. Badaude bestelako esperientzia batzuk ere, txikiagoak; 1922an, esaterako, Tolosako ikastola sortu zuten. Bizkaian ere izan ziren batzuk. Auzo eskolak sortu zituzten, eremu euskaldun elebidunetan. Eta errepublika garaian Euzko Ikastola Batza eratu zuten: «Nazionalismotik bertatik sortu zen iniziatiba hura, umeek eskolan euskara ikasteko. Errepublika garaian garatu zen; oso urte gutxitan aritu ziren».

Gero, 36ko gerra etorri zen. Debekuak. Frankismoko urterik gogorrenak. 1945ean onartu zuten Francoren lehen hezkuntza legea, eta, Fernandezek azaldu duenez, magisteritzaren garbiketa deituriko prozesua abiatu zuen diktadoreak: «Ordura arte eskoletan zeuden irakasleak baldin baziren abertzaleak, ateoak... nolabait nazional-katolizismoaren ildokoak ez zirenak eskola publikoetatik kendu zituzten». Eta herri ekimenari esker sortutakoak, euskarazkoak, bertan behera utzi zituen: «Euzko Ikastola Batzan eta horrelako eskoletan ibiltzen ziren irakasleak, noski, euskaltzaleak ziren, hein handi batean nazionalistak ziren, eta orduan, ez zeukaten biderik eskola horiei eusteko». Eta dena lotuta eta ondo lotuta utzi zuen: «Orduz geroztik, hezkuntza sisteman sartu ziren irakasleak erregimenaren zaleak ziren, erregimenaren kalitate irizpideak betetzen zituztenak: nazional-katolikoak ziren».

Baina pixkanaka hasi ziren horri aurre egiten. Espainiako gerra 1939an amaitu zen; erbestera joandako zenbait jende itzultzen hasi zen, Bigarren Mundu Gerra piztu baitzen urte horretan bertan Europan: «Jende asko bueltatu zen Hegoaldera, gerra zegoelako Europan». Elbira Zipitria izan zen horietako bat. Aitzindaria izan zen Zipitria, Muñoaren eskolan andereño aritua. Gerra aurreko euskal eskolen eta 60ko hamarkadan sortuko ziren ikastolen arteko zubigilea izan zen. «Giro abertzalean oso sartuta zegoen. Donostiara bueltatu zen, eta Fermin Kalbeton kalean, bere etxean, eskolatxo bat jarri zuen; orduko legeak aukera ematen zien maistra edo maisu titulua zeukatenei euren etxeetan eskola bat ipintzeko, 10 urte baino gutxiagoko haurrentzat; gero, ingreso azterketa pasatu behar izaten zuten». 1946an jarri zuen eskola martxan, ume euskaldunek euskara manten zezaten lan egiten zuen, eta gurasoek ordaintzen zioten oso-osorik.

Ikasle bati euskaraz hitz egiteagatik jarritako zigorra. BERRIA
Ikasle bati euskaraz hitz egiteagatik jarritako zigorra. BERRIA

Zipitria emakume entzutetsua zen hirian, eta, hari jarraika, etxe eskola deituriko beste hainbat sortu zituzten Donostian, gero eta familia gehiagok eskatzen baitzuten seme-alabak euskaraz eskolatzea.

Bi izen nabarmendu behar dira: Jone Forcada eta Karmele Esnal. «Gazteak ziren, beste aire batekoak, ez ziren gerra aurrekoak. Zipitriarekin egin zituzten praktikak, eta beraien eskolatxoak jarri zituzten. Hortik hasi zen hedatzen ikastolen mugimendua». Lortu zuten txiri-txiri mugimendua Euskal Herriaren luze-zabalera hedatzea. Horretan aparteko lana egin zuten dozenaka andereñok.

Ordura arte egindakoan inspiratu bai, baina beste jite batekoak ziren sortuko zituzten ikastolak: «Bazeukaten gogo espantsiboa, zabaldu egin nahi zuten. Eta, batez ere, hezkuntza sistema oso bat nahi zuten; hau da, ez ingreso azterketara artekoa soilik izatea, baizik eta adin guztietarakoa. Eta ez ziren euskaldunentzat bakarrik; familia erdaldunek beraien seme-alabek euskaraz ikas zezatela ziurtatu nahi zuten». Badago beste ezaugarri bereizgarri bat ere: «Gerra aurreko euskal eskoletan, erlijioaren presentzia oso handia zen, baina ikastolen mugimendua sortu zenean, 60ko hamarkadan, elementu identitario horrek, erlijioarenak, jada ez zuen horrenbesteko indarrik ikastola berrietan».

Ikasleak euskaraz heziko bazituzten, irakasleak ere behar zituzten. 1964an sortu zuten Joanes Etxeberri andereñoen erresidentzia, Donostian. Paki Arregi buru zela, ikastoletan arituko ziren andereñoak taxuz heztea zuten xede: «Orduko magisteritza eskola ofizialak oso frankistak ziren. Ikastolen mugimenduan aritzen zirenek argi zeukaten eredu horrek ez zuela balio beraiek nahi zuten eskolarako. Orduan, andereñoen erresidentzia sortu zuten, titulurik ez zuten baina euskaraz zekiten neska gazteek euskara hobetzeko, alfabetatzeko eta euskal kulturaren nozio batzuk edukitzeko».

1970eko legea

Iritsi zen 1970a. Franco hiltzeko bost urte falta artean. Eta diktadoreak beste hezkuntza lege bat onartu zuen: 1970eko Espainiako Hezkuntza Lege Orokorra. Gaur egungo sistemaren oinarriak jarri zituzten bertan. 14 urtera bitarteko derrigorrezko eskolatzea ezarri zuten, baita eskolei eraikin aldetik-eta baldintza batzuk jarri ere, Fernandezek azaldu duenez: «Lege horretan baldintza berriak ezarri zituzten eskolak zabaltzeko. 1945eko legearekin hala moduz aritzen ziren ikastola horiek lehenbailehen legeztatu behar ziren, beste itxura bat hartu behar zuten». Prozesu oso bat hasi zuten, ikastolek gutxieneko baldintzak lor zitzaten. Hil ala bizi. «Irakasleek tituludunak izan behar zuten, ez dakit nolako eraikinak eduki behar zituzten... Ikastolek lege baldintza berrietara egokitu behar zuten. Orduan, ikastolak kooperatibak sortzen hasi ziren, dirua lortzen... Familiek abalak sinatu behar izan zituzten, beraien ondasunak ipini zituzten berme gisa, eraikin horiek-eta egin ahal izateko».

Baina kosta ahala kosta aurrera jarraitu zuten ikastolek. Etengabe hedatu ziren. Horren erakusgarri, Siadecoren ikerketa bat oinarri hartuta, Fernandezek bere tesian jasotako datu batzuk: 1960an, hiru ikastola zeuden, hirurak Gipuzkoan; handik bost urtera, 29, Hego Euskal Herrian denak; 1975ean, Franco hil zen urtean, 160, Euskal Herriaren luze-zabalean; eta 1981ean —ordukoak dira tesiko azken datuak—, 242. Ikastoletako ikasle kopuruaren igoera ere etengabea izan zen: 1964-1965eko ikasturtean, 586 eskola ume zeuden ikastoletan; 1975-1976an, 33.851; eta 1981-1982an, 70.035. Ezin ukatu ikastolen arrakasta. «Horixe egiten zuten, euskaraz irakatsi, eta horrela lortu zuten aurrera egitea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.