Ikastolen Elkartasun Kutxak zazpi ikastola eta proiekturi lagunduko die, 1,1 milioi euro jarrita

Hauek diruztatuko dituzte: Argia ikastola, Ibaialde, Donapaleuko lizeo berria, Kattalin Elizalde kolegioa, Kanboko Ikastolen Etxea, Bihotz Gaztea eta Zubimusu.

Ikastolen ordezkariak bilduta, atzo, Zumaian. IKASTOLAK
Ikastolen ordezkariak bilduta, atzo, Zumaian. IKASTOLAK
Irati Urdalleta Lete.
2025eko abenduaren 12a
11:07
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ikastolek badute elkartasunerako proiektu bat martxan: Elkartasun Kutxa. Ikastola bakoitzak urtero ekarpena egiten dio kutxari, eta, gero, beharrik handiena duten ikastolen artean banatzen dute. Bada, atzo egin zuten Elkartasun Ikastolak Europar Kooperatiba Elkartearen batzar nagusia, eta erabaki zuten zazpi ikastola eta proiekturi laguntzea, 1,1 milioi euro erabilita.

Hain zuzen, hauek babestuko dituzte aurten: Argia ikastola (Tutera, Nafarroa); Ibaialde ikastola (Lodosa, Nafarroa); Kattalin Elizalde kolegioa (Senpere, Lapurdi); Donapaleuko lizeo berria (Nafarroa Beherea); Bihotz Gaztea ikastola (Santurtzi, Bizkaia); eta Zubimusu ikastola (Villabona-Amasa, Gipuzkoa).

Hain zuzen,108.000 euro emango dizkiote Argia ikastolari, ikastolako maileguei eta defizitari aurre egiteko; 140.000 euro Ibaialde ikastolari, egin dituzten inbertsioetarako eta egitura gastuetarako; 200.000 jarriko dituzte Donapaleun lizeo bat irekitzeko; 250.000 euro emango dizkiote Kattalin Elizalde kolegioari, ikastola berria egiteko egin behar izan duten inbertsioan laguntzeko; 46.272 euro Kanboko ikastolen Etxeari, Ikastolen Etxearen maileguaren erdia ordaintzeko konpromisoari erantzuteko; 270.000 euro Bihotz Gaztea ikastolari, egin dituen inbertsio handiei erantzuteko; eta 84.000 euro Zubimusu ikastolari, ikastolaren «berehalako altxortegi beharretarako eta ezusteko itzulketa ordainketari erantzuteko».

Europar Kooperatiba Elkartearen batzar nagusia ez ezik, Euskal Herriko Ikastolek EKEren urteko ohiko batzar nagusia ere egin zuten. Onartu zuten Ikastolen Elkarteak zortzi milioi euroko aurrekontua edukitzea, eta sei ildo nagusi finkatu zituzten.

ikastolen ildo nagusiak, aletuta

  • Hezkuntza. Aholkularitza pedagogikoa diseinatzen bukatzea eta bost ikastolatan ezartzea; ikaskuntza eredu berria diseinatzea, ekoiztea eta integratzea; marko teknopedagogikoa definitzea; ongizate taldea antolatzea eta lan ildoak planifikatzea; prestakuntza birdiseinatzea eta prozesatzea; eta euskal curriculuma eguneratzea.
  • Euskara eta euskal kultura. Murgiltze programa «aberastea eta ikastolaratzea»; murgiltze eredua eguneratzea; B2 neurketa sistema gidatzea; «kultur plazak» aktibatzea.
  • Digitalizazioa. Burujabetza teknologikoaren bide orria definitzea eta abiaraztea.
  • Enpresa. Ikastolen Elkarteko Zuzendaritza Taldea indartzea, Ikastolen Elkarteko bideragarritasun ekonomikoa bermatzea, Ikastolen Elkartea «berrantolatzea eta egiteko modua sistematizatzea».
  • Aisialdia. Aisia marko orokorra ikastolen hezkuntza marko orokorraren barnean eguneratzea eta aisialdi eskaintza horretan garatzea; ekintza ludikoak egiteko askotariko baliabideak ematea.
  • Ikastolak. Ikastolen arteko lankidetza indartzea eta ikastoletarako finantza eta lan aholkularitza antolatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.