Ikasturteko balantzea: 1.500 laguntza eske, hamarretik sei etxegabetzeekin lotuak

Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak txosten batean jaso ditu hilabeteotan egindako esku hartzeak. Laguntza eske jo dutenen hamarretik sei emakumezkoak dira.

Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak Iruñerrian egin zuen protesta bat, artxiboko irudi batean. ETXEBIZITZA SINDIKATU SOZIALISTAK UTZITAKOA
Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak Iruñerrian egin zuen protesta bat, artxiboko irudi batean. ETXEBIZITZA SINDIKATU SOZIALISTAK UTZITAKOA
Mikel Garcia Martikorena.
2026ko uztailaren 28a
14:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Etxea eskuratzeko edo bertan bizitzen jarraitzeko zailtasunak dira «proletarizazio faktore nagusietako bat». Hori da Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak egin duen analisia, 2025-2026 ikasturteko datuak eskuan dituela. Gaur kaleratu dute iazko irailetik aurtengo uztailera bitarte egin dituzten esku hartzeen inguruko txostena, eta, bertan adierazi dutenez, guztira 1.481 laguni eman diete laguntza.

Dena dela, lagundutako horiek guztiek ez dute zuzeneko ekintza publikorik behar izan. Hala ere, ia 1.500 esku hartze horiek ez dira guztiak etxegabetzeak gelditzeko ekintza publikoak izan; are, gutxiengoa izan dira halakoak: %10. Sindikatuaren datuei erreparatuz gero, nabari da nola gehienek aholkularitza juridikoa eskatzeko jotzen duten haiengana (%50). Beste bi arrazoi nagusiak, hauexek: jabearekin negoziazioak egin beharra (%20) eta lehen orientabidea jaso nahia (%20).

Nolanahi ere, artatutako kasu gehienak, era batera edo bestera, etxegabetzeekin lotuta daude: hamar kasutik sei. %17 alokatzailearekin arazoak zituzten maizterrak ziren, eta %8,7, berriz, kontratuan aldaketak izan zituztenak. Bestelako kasuetan, kale gorrian dauden pertsonak da, etxebizitzarako laguntzak lortzeko zailtasunak dituztenak eta erroldarekin arazoak dituztenak, besteak beste. Tokian tokiko taldeen datuak bilduz ondu du txostena sindikatuak. 

Maizterrak kanporatzeko mehatxuak hainbat eratara hel daitezke, eta, zenbaitetan, jabeek indarkeriara jotzen dute. Horiek horrela, jabeek egindako 62 mehatxu «larriren» berri eman du sindikatuak. Gainera, jakin du hamasei kasutan oinarrizko hornidurak legez kanpo eten zizkietela; hau da, ura edota argindarra moztu zizkieten presio neurri gisa. Jabeek, gainera, zuzenean ez ekiteko bideak ere badituzte: etxegabetze enpresak, adibidez.

Etxegabetze enpresa horiek hamabitan egon dira Euskal Herrian, baina haien xedea «behin ere ez» ez dutela lortu nabarmendu du Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, eta horrek «antolakuntza kolektiboaren ezinbestekotasuna» erakusten duela.

Gehienak, emakumeak

Arazoaren muinean diskriminazio sexista ere badagoela nabarmendu du sindikatuak. Txostenean adierazi duenez, sindikatuaren laguntza jaso dutenen %61 emakumeak dira. Ehuneko horren barruan toki nabarmena dute guraso bakarreko familiek. Familia eredu horiek arta eskatu dutenen %7 dira: 105, hain zuzen. Eta haietatik %91 inguru emakumeak dira. Bestalde, guraso bakarrak diren gizonek laguntza eske jo izan dutenean, «askotan» emakume heldu bat ere badute etxean. Horiek horrela, Etxebizitza Sindikatu Sozialistak azpimarratu du «emakume langileek bereziki gogor» pairatzen dituztela etxebizitzaren arazoaren ondorioak.

Indarkeria matxistak ere egoera are zaurgarriagoak eragiten ditu etxebizitzaren aferan, txostenean azalarazi dutenez. Etxebizitza sindikatuan artatutako %9,5 indarkeria matxistaren biktimak ziren: 29, hain zuzen. Nolanahi ere, kopuru hori desitxuraturik egon daitekeela ohartarazi dute txostenaren egileek: «Benetako kopurua are handiagoa izango da ziurrenik, egoera horietako asko ezkutuan geratzen baitira, edo hasieran antzematea zaila izaten baita».

Putre funtsik ez

Etxe larrialdiaren eta etxegabetzeen inguruan hitz egiteko orduan, inbertsio eta putre funtsei erreparatzera jo izan ohi da. Bada, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuak adierazi du ideia hori baztertu egin behar dela. Haien datuen arabera, gatazkaren parterik handiena partikular txikiek eragiten dute: %58, zehazki. Eta aldea nabarmena da oso zerrendako bigarrenarekiko: sindikatura jotzea erabaki zutenen etxeen %17  ziren bankuenak.

Datu hori are ulergarriagoa da etxetik kaleratu nahi dituztenen egoerari erreparatuz gero. Izan ere, gehienak alokairuan bizi ziren: %66,85. Horiek ikusirik, sindikatuak gogoeta «zabalagoa» egiteko premia jarri du mahai gainean, eta esan «etxebizitza eskuratzeko eredua bera» dela aldatu beharrekoa: «Jabetza pribatuan eta alokairuaren bidez etekina lortzean oinarritutako eredua da gatazkaren oinarria».

%55,8

Etxebizizta Sindikatu Sozialistakoengana jo duten familia arrazializatuen kopurua Euskal Herriko gizartean gehiengoa ez badira ere, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatukoengana 2025-2026 ikasturtean jo dutenen %55,8 pertsona arrazializatuak dira. «Gehiegizko errepresentazio» horrek erakusten du etxearen krisiaren ondorioak ez direla modu berean banatzen, sindikatuaren aburuz.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA