Lau agerralditik hiruk huts egin dute. Miñao auziari buruz Eusko Legebiltzarrean eratutako ikerketa batzordea astelehenean hasi zen agerraldiekin, baina deklaratzera deitutako lau pertsonetatik hiru ez dira agertu. Bat astelehenean, Iñaki San Juan EAJko Leioako zinegotzi ohi eta Errexal eta Ortzi Muga enpresen kudeatzailea —Kultura Sailarekin harremanak izan dituzte enpresa horiek—. Atzo deitutako biak ere ez ziren agertu: Araceli Bajo eta Ainhoa Bilbao, Kataia Consulting enpresako ordezkariak —Kultura Sailarekin izan ditu harremanak enpresa horrek—. Azken hauek, Iñaki San Juanek ez bezala, ikerketa batzordeari aldez aurretik jakinarazi diote ez zirela joango deklaratzera. Araceli Bajo eta Ainhoa Bilbao, hurrenez hurren, Iñaki Telleria eta Alfredo de Miguelen emazteak dira. Aurrekoak ez bezala, Iñaki Telleria eta Alfredo de Miguel inputatuta daude Gasteizko Probintzia Auzitegian irekita dagoen auzian, ustezko eroskeria eta espioitza kasua ikertzeko irekitako sumarioan.
Ikerketa batzordeak berriro deituko ditu deklaratzera, eta agertzen ez badira, Fiskaltzari jakinaraziko dio, Juanjo Agirrezabala batzordeko buruak azaldu zuenez, jarrera horretan desobedientzia delitua egon daitekeelakoan.
Egoera hori dela eta, EAJren legebiltzar taldeak ohar bat kaleratu zuen ikerketa batzordeak deitutako pertsonei ager daitezen eskatzeko. «EAJren legebiltzar taldearen ustez, behar bezala deitutako pertsonek agertu beharra dute, eta batzordeari lagundu behar diote». Dena den, EAJren ustez, orain arte deialdiak ez dira egin berme guztiak beteta. «EAJk ulertzen du inputatu batzuen erabateko indefentsio egoera» eta «defentsen eragozpenak» inputatu batzuek batzordearen aurrean deklara dezaten.
«Hau ez da batzoki bat»
PSEk zein PPk gogor kritikatu dute agertu ez diren pertsonen jarrera. «Hau ez da batzoki bat eta larria iruditzen zaigu pertsona horiek ez agertzea alderdien gainetik dagoen erakunde batean», adierazi zuen Oscar Rodriguez PSE-EEko legebiltzarkideak. Halaber, Iñigo Urkullu EAJren EBBko buruari dei egin dio erantzukizuna hartu eta «alderdikide intsumisoak» salatzeko.
Carmelo Barrio PPko legebiltzarkidearen ustez, agertu ez direnek Eusko Legebiltzarraren zeregina gutxietsi nahi dute, eta jarrera «okerra» zuzendu eta aldatzeko eskatu die.
Ikerketa batzordeak deitutako pertsonei agertzeko eskatu die EAJk
Enpresa bateko bi ordezkarik uko egin zioten atzo Eusko Legebiltzarreko batzordean agertzeari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu