Ikerketa diferenteak, baina antzeko kezkak

240 ikertzaile gazte bildu dira egunotan Bilbon, UEUk antolatutako Ikergazte kongresuan. Gazteen arabera, kongresua garrantzitsua da ikerkuntzan euskarari toki emateko. Adierazi dute baldintzak ez direla «oso onak» izaten.

Olatz Silva Rodrigo.
Bilbo
2025eko maiatzaren 29a
13:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Ainhoa Agirrebengoa Arrietak mikroskopio bat erosi zuen 10 urte zituenean. Izan ere, txikitatik izan du zientzia gustuko. Hamalau urte geroago, ez du grina galdu: Ikergazte kongresuaren 6. edizioan parte hartzen ari da. Atzotik hasita bihar arte, 240 ikertzailerekin bildu da Bilboko Euskalduna jauregian. UEU Udako Euskal Unibertsitateak antolatutako kongresuaren helburua da «normalean ingelesez» komunikatzen den ikerkuntza euskaraz komunikatzea, Olatz Arbelaitz Gallego Ikergazteko koordinatzaileetako batek adierazi duenez.

Osasun zientzien arloan ari da ikerketa egiten Agirrebengoa, baina kongresua ez da arlo horretara mugatzen. Hain justu, diziplinartekotasuna da kongresuaren ezaugarri nagusietako bat. 151 lan zientifiko hautatu dituzte kongresurako, besteak beste, natur zientzietakoak, ingeniaritza arlokoak, osasun zientzietakoak, artearekin lotutakoak eta gizarte zientziekin lotutakoak. Egunotan, gazteak 50 aurkezpen eta 72 mikroaurkezpen ari dira egiten, eta 101 poster jarri dituzte aretoaren kanpoko aldean, euren ikerketak azaltzeko.

Ainhoa Agirrebengoa Arrieta, Ikergazte kongresuan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Ainhoa Agirrebengoa Arrieta, Ikergazte kongresuan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

«Kongresuak aukera ematen die jakintza arlo desberdinetan ari diren ikertzaile gazteei elkar ezagutzeko», azpimarratu du Arbelaitzek. Haren arabera, alor berean lan egiten duten horiek ezagutu ohi dituzte ikertzaileek, baina ez dute beste gai bat ikertzen ari direnen berri. Horregatik da garrantzitsua kongresua, «komunitatea» sortzen duelako eta, nahiz eta alor berean ez aritu, «kezka berberak» dituen jendea batzen delako. Hain justu, gazteak bat datoz hainbat kontutan: alde batetik, uste dute kongresua garrantzitsua dela euskarak ikerkuntzan izan behar duen tokia izan dezan. Bestetik, aitortu dute ikerketaren arloko baldintzak ez direla onenak gazteentzat, eta ez dela erraza izaten arlo horren parte izatea.

UEUk bi urterik behin antolatzen du diziplinarteko kongresua. Seigarrena du aurtengoa, eta lehenengo aldia du Agirrebengoak. Tesiaren bigarren urtea hasi berri du, eta kornearen berreraikitze prozesu bat ari da ikertzen. Lanaren zati baten mikroaurkezpena egingo du bihar kongresuan, eta posterra ere eskegi du.

Zelula amak

«Emaile batzuen korneak laborategian lantzen ditugu, bertatik zelula batzuk lortzen ditugu, eta zelula horiek laborategian in vitro hedatzea gura dugu, transplanteetarako», azaldu du 24 urteko ikertzaileak. Eta zera erantsi: «Zelula horietan zelula ama batzuk daude, eta horiei esker berreraiki eta birsortu daiteke kornea; kontua da herritar batzuek zelula ama horiek kaltetuta dituztela, eta horrek itsutasuna sortzen duela, konjuntibak kornea inbaditzen duelako; linboko zelula amen urritasuna izeneko gaixotasuna da hori». Hori dela eta, euren helburua da zelula ama horiek laborategian lantzea, kopuru handia sortzea eta begietan transplantatzea.

Idoia Landa Reza, Ikergazte kongresuan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Idoia Landa Reza, Ikergazte kongresuan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Kongresuko lan zientifiko gehienak EHU Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaileek aurkeztuko dituzte, eta unibertsitate horren parte da Agirrebengoa. Hala ere, Euskal Herriko gainerako unibertsitateetako ikertzaileak ere ari dira kongresuan parte hartzen, baita atzerriko unibertsitate batzuetakoak ere. «Gehienak ikertzaile gazteak dira, tesia egiten ari direnak, edo tesia bukatu berri dutenak», azaldu du Arbelaitzek.

EHUko ikerlaria da Idoia Landa Reza ere, eta zuzenbide zibileko irakaslea Donostiako Zuzenbide fakultatean. Landa ere lehen aldiz ari da kongresuan parte hartzen. Bi ildo nagusi ikertzen ditu: osasun zuzenbidea eta zuzenbide digitala. Azken horri dagokionez, zera esan du: «Zuzenbideak gizarteari erantzun egin behar dio eta, gaur egun, arazo gehiago sortzen ari dira mundu digitala dela eta». Horren adibide da borondate digitalaren auzia, eta horri buruz hitz egin zuen atzo Kongresuan.

Ikergazte | Idoia Landa Rezaren ikerketa. BERRIA

Zer da, baina, borondate digitala? «Denok ditugu kontuak eta soslaiak sarean, baina zer gertatzen da gauza horiekin, hiltzen garenean? Hori da borondate digitala». Horiek horrela, legea egungo mundu digitalera nola egokitu ikertzen ari da 30 urteko ikertzailea. «Beti gustatu izan zait gauzei behar dena baino buelta gehiago ematea, eta nik uste dut hori dela ikerkuntza», esan du Landak. «Hori egitea gustatu behar zaizu hemen sartzeko, eta niri gustatzen zait».

Jon Ander Ruiz Colmenares, Ikergazte kongresuan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Jon Ander Ruiz Colmenares, Ikergazte kongresuan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Jon Ander Ruiz Colmenares ere gustura dago ikerketan, «nahiz eta erraza ez izan». 28 urte ditu, eta EHUko Elektronika eta Elektrizitate Saileko doktoregaia da. Bigarren aldia da Ikergazten bere proiektua aurkeztu duena. «Masterra bukatu nuenean, ez nekien zer egin, eta irakasle batek idatzi zidan, esanez sailean ikertzaile postu bat atera zela», gogoratu du Ruizek. Horren ostean, bere ikerketa taldeak beste bi proiektu lortu zituen, eta tesia egiten hasi zen. Doktoretzaren hirugarren urtea amaitzear da.

Adimen artifiziala

«Adimen artifizialeko ereduak entrenatzen ditut», azaldu du. Hain justu, sistema txertatu batean zorabioa iragartzeko sistema baten garapena aztertzen du. Ruizek azaldu duenez, mikrokontrolagailu baten bitartez datuak eskuratzen dituzte ibilgailuaren sentsore batzuetatik. Eta, gero, datuok prozesatu egiten dituzte, jakiteko zein jarrerak eragin dezakeen zorabioa eta zeinek ez.

Ruizek azaldu duenez, tesiaren urterik zailenak bigarrena edo hirugarrena izaten dira, «ikertzaileek ez dutelako oso argi izaten tesia nola bukatuko duten edo zer egingo duten hori bukatzeko». Gogoratu du tesiak ehunka orri dituela, eta lan hori egitea ez dela erraza. Hirugarren urtearen amaieran, baina, bidea argiagoa da: «Ni hirugarren urtearen amaiera nago, eta ondo ikusten dut amaiera».

Tesiak ez dira Ikergazten aurkeztuko dituzten ikerketa bakarrak. Olatz Ortega Vidalesek, esaterako, duela bi urte amaitu zuen master amaierako lana aurkeztu zuen atzo. 2023an, Kontuz! Ez nazazu zapaldu! proiektua sortu zen, herritarren zientzian oinarritutakoa. Proiektu horretan parte hartzen duten herritar-zientzialariek mikroalgei eta meiofaunako organismoei behatzen diete. Datu horien baliozkotasuna aztertu du 28 urteko ikertzaileak.

«Gobernuek eta antzekoek ikerkuntza goraipatzen dute, baina gero ez dituzte lan baldintza duinak jartzen ikerketa prozesu batean sartzeko»

OLATZ ARBELAITZ GALLEGOIkergazte kongresuko koordinatzailea

Euskaraz egin zuen lana Ortegak, eta horregatik erabaki du lana kongresuan aurkeztea, «euskaraz aurkezteko oso leku aproposa delako». Diziplinartekoa izatea ere garrantzitsutzat jo du; izan ere, biologia ikasi zuen berak, baina herritarrekin lan egin du master amaierako lana egin bitartean. Besteak beste, elkarte ekologistekin, bigarren hezkuntzako ikasleekin, desgaitasunen bat duten pertsonekin, buruko gaixotasunak dituztenekin eta autismoa dutenekin egin du lan.

Masterra duela bi urte amaitu bazuen ere, ikerketaren arloan jarraitzen du egun Ortegak. Plentziako Itsas Estazioan (Bizkaia) egin zuen Ingurumen Kutsadurari eta Toxikologiari buruzko masterra, eta orduan kontratatu zuten proiekturako. Ordutik, proiektua urtero berritu dute. Ortegaren ustez, ikerketaren arloa «ezegonkorra» da gazteentzat, batez ere doktoretza egiten ez dutenentzat: «Ni lau hilabeteko kontratu batekin hasi nintzen, eta gero sei hilabeteko bat egin zidaten. Aurten izango da lehenengo aldia oporrak ordainduta izango ditudana. Ez badugu doktoretzarik egiten, beti ibili behar dugu proiekturen bat bilatzen».

Doktoretza egitea, hala ere, ez da erraza izaten. Agirrebengoak txikitatik nahi izan zuen zientziaren munduan sartu, baina ez zuen espero doktoretza egiteko diru laguntza berehalakoan jasoko zuenik. Izan ere, Irakasleen Prestakuntza Masterra egin zuen lehenengo. Beka eman zioten gero, eta ikerketan dabil egun. Lan handia dela aitortu du, baina gustura dagoela. «Berandura arte geratu behar dut laborategian, baina, azken finean, gustuko duzun zerbait egiten baduzu, zama txikiagoa da». Argi dauka hurrengo urteak gogorrak izango direla, baina nabarmendu du «mentalizatuta» dagoela eta «babes handia» duela.

Aldaketaren beharra

Agirrebengoak uste du «oso zaila» dela tesia amaitzean ikerketaren munduan jarraitzea. «Unibertsitatean aldi berean irakatsi eta ikertu gura baduzu, bizitzak ez dizu ematen; uste dut aldaketa bat egon beharko litzatekeela, irakaskuntza eta ikerkuntza hobeto uztartzeko».

Olatz Ortega Vidales, Ikergazte kongresuan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Olatz Ortega Vidales, Ikergazte kongresuan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Ikergazteko koordinatzaileak ere argi utzi du ikertzaile gazteen baldintzak ez direla batere onak. «Gobernuek eta antzekoek ikerkuntza goraipatzen dute, baina gero ez dituzte lan baldintza duinak jartzen ikerketa prozesu batean sartzeko», kritikatu du. Alde batetik: «Tesiak egiteko ematen diren laguntzak mugatuak dira; oso lehiakorrak dira». Eta, bestetik: «Laguntzak besterik ez dira, ez dira soldata duin bat; bizirauteko ia-ia mirariak egin behar dira, lan asko egiteaz gain». Arbelaitzen iritziz, «bokazioak rol bat» jokatzen du gazteak ikerketara hurbil daitezen. «Egia da bidea aberasgarria izan daitekeela, ikasketa prozesu bat dagoela eta pertsonalki ekarpen bat egiten dizun prozesu bat dela, baina ez da erraza».

Arbelaitzen iritzi berekoa da Ruiz: «Baldintzak orokorrean ez dira oso onak izaten; azken hamarkadan soldatak dezente igo dira, baina ez dira oso onak». Horrez gain, Ruizek esan du ikerketa taldeek dirua behar dutela proiektuak aurrera atera ahal izateko, baina askotan ez dutela horrelakorik. «Lan egiteko eta ikertzeko gogoa dute, baina dirurik ez». Gazteek doktoretza bukatzean zer aukera duten aipatu du: «Doktoretza osteko ikerketa egitea edo sailen batean lekua lortzea; bestela, zentro teknologikoetara edo enpresa pribaturen batera joan daitezke, beste lan mota bat egitera». Azaldu du oro har ez dela erraza diru laguntzak lortzea.

Ikergazte | Olatz Ortega Vidalesen ikerketa. BERRIA

Ikerketan erabiltzen den hizkuntzari dagokionez, ikertzaileek adierazi dute euskara ez dela lehentasuna izaten. Horregatik jo dute garrantzitsutzat horrelako kongresuak antolatzea. «Gaur egun bizi garen mundu honetan ikerkuntza ingelesez komunikatzen dugu; beraz, garrantzitsua da ikerkuntza euskaraz komunikatzeko aukera edukitzea», esan du Arbelaitzek. Eta zera erantsi du Landak: «Azken finean, argitalpenak egiten ditugunean, gure lanaren berri eman nahi izaten dugu, eta gaztelera eta ingelesa erabiltzen dugu orokorrean; horregatik da garrantzitsua horrelako jarduerak antolatzea, baita parte hartzea ere, euskarari bere tokia emateko».

2015ean egin zuten lehen aldiz Ikergazte kongresua, Durangon (Bizkaia). Ordutik, sei edizio antolatu dituzte, toki diferenteetan. Lekua aldatzearen garrantzia aipatu du Arbelaitzek: «Arlo zientifikoaz gain, alor sozialari ere garrantzia ematen diogu, tokian tokiko bizitza ezagutzeko aukera ematen dugu kongresuz kanpo antolatzen ditugun ekintzetan». Aurten, esaterako, Bilboko gentrifikazioari eta hiri paisaiari buruzko ibilaldi gidatua egin dute gazteek, eta La Sinsorga kulturgune feminista ezagutu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.