Ikerketa «lehiakorra eta erakargarria»

EHU Euskal Herriko Unibertsitateko 2019-2022 aldiko Ikerketa Planaren emaitzak aurkeztu dituzte. 252 milioi euro lortu dituzte ikerketa taldeek lehiaketa bidezko kontratuetan, eta 58 enpresa teknologiko sortu dituzte.

Quindos, Ferreira eta Arostegi, gaur, EHUren Ikerketa Planaren emaitzen aurkezpenean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Quindos, Ferreira eta Arostegi, gaur, EHUren Ikerketa Planaren emaitzen aurkezpenean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2024ko maiatzaren 2a
16:13
Entzun

«Puntako ikerketa egiten dugu ezagutza arlo guztietan, oso lehiakorrak gara». EHU Euskal Herriko Unibertsitatean egiten den ikerketaz harro mintzatu da gaur Eva Ferreira errektorea. Izan ere, azken urteetan ikertzaile gehiago aritu dira diru baliabide gehiagorekin, eta nazioarteko proiekzio handiagoa lortu dute, 2019-2022 aldiko Ikerketa Planaren emaitzek adierazten dutenez —2023ko jarduna ere jaso dute datu gehienetan—. Hazkunde horren seinale, datu bat nabarmendu dute unibertsitateko arduradunek: bost urteotan, ikerketara bideratutako aurrekontu arruntaz gain, 252 milioi euro lortu ditu EHUk ikerketa kontratuetarako. «Horrek adierazten du zein erakargarriak garen», berretsi du Ferreirak.

Hainbat iturritatik lortzen du EHUk ikerketarako finantzaketa: erakunde publikoetatik —batik bat Eusko Jaurlaritzatik, Unibertsitate Planaren zein kontratu programen bidez—, enpresekiko akordioetatik —unibertsitate-enpresa ikasgelak, adibidez—... Horietatik aparte, ikerketa proiektu zehatzak garatzeko badira beste finantzaketa modu batzuk, hala nola ikerketako proiektu lehiakorrak eta transferentziako kontratuak, hau da, ikerketa taldeek lehiaketa bidez lortzen dituzten diru sarrerak. 2019tik 2023ra, 252,19 milioi euro lortu zituen EHUk horrela, eta, gainera, urtez urte handituz joan zen diruztatze hori: 39,66 milioi izan ziren 2019an, eta 69 milioi 2023an. Finantzaketa bide esanguratsua da EHUrentzat: 2023an erdietsitako 69 milioiak unibertsitatearen urte hartako aurrekontu osoaren %13 izan ziren.

«Ikerketak unibertsitatearen benetako izaera markatzen du, eta, gainera, indartu egiten ditu unibertsitatearen gainerako eginkizunak, formakuntza bereziki»

EVA FERREIRAEHUko errektorea

Nazioarteko programen bidez jasotako laguntzetan ere antzematen dute EHUko arduradunek lehiakortasun hori. ERC Europako Ikerketa Kontseiluak finantzatutako 11 ikerketa zituen martxan EHUk iazko urte amaieran; Euskal Autonomia Erkidegoan guztira hemeretzi daudela nabarmendu du Inmaculada Arostegi Ikerketako errektoreordeak: «Banakako laguntza oso lehiakorrak dira: finantzaketa ematen diete bost urtez edozein adinetako ikertzaile bikainei». MSCA Marie Sklodowska-Curie mugikortasun programaren bidez, berriz, 243 ikerlari erakarri ditu EHUk lau astetik gorako egonaldietarako.

Baina bestelako datu interesgarriak ere utzi ditu planak. 257 ikerketa talde ditu EHUk, eta horietan 3.430 irakasle-ikertzaile ari dira; «Orain dela bost urterekin alderatuta, ikertaldeetan parte hartzen duten irakasle-ikertzaileen portzentajea %14 igo da», esan du Aristegik. 2023ko amaieran, gainera, doktorego aurreko eta ondoko 913 kontratu zituen unibertsitateak, 2019an baino ia berrehun gehiago. Besteak beste, nazioarteko aldizkarietako argitalpenetan nabaritzen da jardun hori: 2019tik 2022ra 14.792 artikulu publikatu zituzten Web of Science-en, eta 15.525 Scopus-en.

Zifrak

2.214

Doktore tesiak. 2019tik 2023ra 2.214 doktore tesi irakurri ziren EHUn; urtetik urtera gehiago izan ziren: 2019an 387, eta 2023an 521. Horien guztien %43k nazioarteko aipamena jaso zuten. Euskaraz egin zituzten tesien %14, eta erdiek baino gehiagok lortu zuten nazioarteko aipamena.

50

Gela aktiboak. 

Enpresekin, erakundeekin eta elkarteekin batera sortutako gelak indartu egin ditu EHUk azken bost urteetan. Guztira 50 gela aktibo ditu: bost gizarte eragileekin, 28 enpresekin eta hamazazpi teknologiaren esparruan. Horietako hamahiru iaz sortu ziren, eta aurrerantzean ere halako gehiago martxan jartzeko asmoa agertu dute.

Ezagutzaren transferentziari buruzko datuak ere jaso dituzte; zehazki, «ikerketaren bidez sortzen dugun ezagutzak zer inpaktu duen, bai kontratuetan, bai enpresetan, bai formakuntza tresnetan», Guillermo Quindos Zientzia eta Gizarte Garapenaren eta Transferentziaren errektoreordeak azaldu duenez. Hala, bost urteotan, «balio erantsi handiko 58 enpresa teknologiko edo spin off» eratu dira: «Unibertsitate generalista bat garen arren, estatu osoan enpresa teknologiko gehien sortu dituen unibertsitatea gara; ohikoa baita unibertsitate politeknikoek sortzea halako enpresak».

Hurrengo plana, aho batez

Datuok ikusita, ikerketa EHUren ardatz garrantzitsuenetako bat dela berretsi du Ferreirak: «Unibertsitatearen benetako izaera markatzen du, eta gainera, indartu egiten ditu unibertsitatearen gainerako eginkizunak, formakuntza bereziki». Nabarmendu du EAEn gehien ikertzen duen erakundea dela EHU, eta «apustu hori sendotu» nahi du hurrengo ikerketa planean. EHUk apirilaren 24an egindako Gobernu Kontseiluak onartu zuen aho batez 2024-2027 aldirako plana, eta helburu du, besteak beste, EHUren «nazioarteko proiekzioa eta lidergo soziala indartzea». Horretarako, halere, «ikerketaren arloko pertsonala handitzeko eta espezializatzeko zein egiturazko finantzaketa egonkortzeko premia» azpimarratu du errektoreak.

Gazako sarraskia CRUE-ra eramango du ferreirak

Israel Gazan egiten ari den sarraskiaren inguruan, «adierazpen sendo bat» onartu zuen EHUren Gobernu Kontseiluak joan den astean, eta, besteak beste, konpromisoa hartu zuen NBEk Palestinaren inguruan dituen ebazpenak errespetatzen ez dituzten eragileekiko harremanak edota akordioak eteteko. Eva Ferreira errektoreak esan du erlazio horiek berraztertzen ari direla orain, eta gainera, Gazako egoeraren inguruko kezka CRUE Espainiako Unibertsitateetako Errektoreen Konferentziara eramango duela: «Duela hilabete batzuk gaitzespen mezu bat eman genuen, baina uste dut orain zerbait irmoagoa egin behar dela».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.