Ikur frankistei eutsi egin nahi die Azkunak

Bilboko alkateak ez ditu kenduko udaletxean eta kalean dauden ikurrak, «historia errespetatzea» nahitaezkoa dela esan du

Garikoitz Goikoetxea.
2014ko otsailaren 14a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Frankismoko ikurrek eta orduko agintariak goraipatzeko koadro eta kale izenek Bilbon jarraituko dute. Kentzeko asmorik ez du Iñaki Azkuna alkateak. Eskaria egin dio EH Bilduk, baina alkateak azkar erantzun du ezetz: «Historia errespetatu egin behar da». Ikurrak ez kentzeko argudio gisara, Azkunak adierazi du «iritzi politiko ezberdina» dutenak errespetatu egin behar direla, eta frankismo aurreko agintarien irudiak ere badaudela tartean. Bidenabar, EH Bilduren kontra jo du, gaia hizpidean jartzeagatik; «demokrazia leziorik» ez duela onartuko ohartarazi dio koalizioari.

Bilboko Udalak frankistak goraipatzen jarraitzen duela salatu zuen EH Bilduk atzo. Udaletxean bertan horren frogak badira: korridoreetan dauzkate frankismo garaian alkate izandakoen irudiak, gainerakoen parean. «Milaka pertsona eta arduradun politiko demokratikoren jazarpenaren eta fusilamenduen erantzule izan ziren horietako batzuk», ohartarazi zuen Aitziber Ibaibarriaga zinegotziak. Areago, koadro horiek «leku pribilegiatuan» daudela salatu du koalizioak. Ez dira irudiak bakarrik: alkate frankistek emandako 502 titulu eta domina oraindik indarrean daudela azaldu du EH Bilduk. «Diktadura krudel haren goraipamena dira, eta milaka biktimaren umiliazioa».

Azkunak ez ditu kenduko, ordea. «Egunen batean epaileren batek agintzen badigu, kenduko ditugu orduan». Bitartean, ez. Ez litzateke egokia, haren esanetan. «Nik ez dut ezer kenduko, ez delako nirea, eta Bilboko jende guztiari errespetua izan behar diodalako, eskuinekoei eta ezkerrekoei».

Gomendioaren kontra

Ez da lehen aldia. Azkunak lehen ere esana du ez duela asmorik Bilbotik frankismoko ikurrak kentzeko —salaketa bat ere jarri zion Lau Haizetara Gogoan plataformak, legea urratzeagatik—. Kontua da Eusko Jaurlaritzak berak gomendatu diola ikurrak kentzea oraintsu. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalei gutun bat igorri zien gobernuak orain hilabete.

Ez hori soilik. Gutunarekin batera, batzorde tekniko batek egindako aholku sorta bat bidali zuten Eudel Euskal Udalen Elkarteak eta Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzak. Ikurrekin nola jokatu, aholku sorta bat egin dute. Irizpide orokorra da sinboloak kentzea; ikurrak mantentzea erabakitzen bada, berriz, diktaduraren alde zuten «kutsu ideologikoa» kentzea da gomendioa. Kontua da txostenak bereziki aipatzen duela

Bilboko udaletxeko egoera, nola dauzkaten korridoreetan frankismoan kargu publikoak izan zituztenen erretratuak. Kentzeko gomendatu dute, edo, bestela, irudiaren azpian zehazteko karguan «zilegitasunik gabe» aritu zirela.

Azkunak ez du beteko aholkua. «Nahiz eta ez izan udaletxean margotuta dauden alkate frankisten uste berberak, ni ez naiz inor horiek kentzeko». Margolanak ez, eta kale batzuen izen frankistak ere ez. «Hamabost urtean alkate, eta ez dut izen bat ere aldatu». Eskaria egin duelako, EH Bilduren kontra ekin dio. «Orain ari dira soinekoak urratzen horiek, 40 urtean manifestazioetan hiltzaileen koadroak erakutsi dizkiguten horiek». Iritzi askotarikoak daudela esan du, argudio gisa. «Ez dakit ulertu duten [EH Bilduk]: Bilbo nahasketa sozial eta politikoa da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.