Hezkidetza eta Pedagogia Feministen III. Kongresua

Maider Sagredo eta Leire de Miguel: «Ikuspegi hezkidetzailea eta pedagogia feministak dira bidea, begirada lokal-globalean oinarrituta»

Hezkidetza eta Pedagogia Feministen III. Kongresua eginen dute bihar eta etzi, Donostian. Indarkeria matxistak eta herri hezkidetzaileak izanen dituzte mintzagai, ohiko ponentzia formatutik ihes eginez.

Maider Sagredo eta Leire de Miguel, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU
Maider Sagredo eta Leire de Miguel, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU
Isabel Jaurena.
Donostia
2025eko ekainaren 24a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Zer gertatzen ari da Euskal Herrian? Nola eragiten dio horrek kanpoan pasatzen ari denari? Nola heldu horri pedagogia feministetatik? Nola egin dakioke aurre indarkeria matxistari pedagogiatik? Zer dira herri hezkidetzaileak? Zergatik da garrantzitsua tokian tokiko ezagutzak mundu sisteman kokatu eta irakurketa globalak egitea? Galdera horiei eta bertze anitzi erantzunen diete bihar eta etzi Donostian, Hezkidetza eta Pedagogia Feministen III. Kongresuan. 

«Eraikuntza kolektiboan» egindako proiektu bat dela esplikatu dute Maider Sagredo Sorginloreko kideak eta Leire de Miguel Ikertzeko kideak —bi talde horiek dira kongresuaren antolatzaileak—. Hain zuzen, jardunaldia hamabortz talderen artean sortu dute: Sorginlore, Ikertze, Emagin, Hiruki Larroxa, UEU, UNA - Div Rural, Donostiako Udaleko Lankidetza, Gazteria eta Berdintasun arloak, TBK Hezkuntza - Artaziak, Gandere EHU ikerketa taldea, Alboan, Donostia-Irun Berritzegunea eta Biltzen. Eta erakunde hauek babestu dute: eLankidetza Garapenerako eta Elkartasunerako Euskal Agentzia, Donostiako Udala eta Gipuzkoako Foru Aldundia. BERRIA kongresuaren hedabide kolaboratzailea izanen da, BerriaFMk gidatuko baitu gero podcastean emitituko den mahai inguruetako bat.

Egitaraua bitan banatu dute: bihar, indarkeria matxista izanen dute hizpide; etzi, herri hezkidetzaileak. De Miguelek aitortu du indarkeria matxisten gaia bigarren kongresuan ere landu zutela, baina aurten ere hori jorratu beharra ikusten zutela: «Kongresua hainbat talde eta erakunderekin elkarlanean sortu dugu, eta badago talde eragile bat erabakiak hartzeko: Emagin, Hiruki Larroxa eta UEU daude hor. Haiekin bilerak egin genituenean, ikusi genuen aurten ere beharrezkoa zela gaia lantzea: helburua da ikustea pedagogia feministen bidez nola aurre egin ahal diogun alor desberdinetan den indarkeria matxistari». 

«Helburua da ikustea pedagogia feministen bidez nola aurre egin ahal diogun alor desberdinetan den indarkeria matxistari»

LEIRE DE MIGUELIkertzeko kidea

Sagredok gehitu du ezen, bilkura horietan landuko diren gaiak erabaki ez ezik, talde gisa behar duten hori ere identifikatzen saiatzen direla, eta gaiak lantzeko erreferentziak bilatzen. «Izan ere, kongresu hau hezitzaileentzat da, eta ikuspegi pedagogikoa du. Horregatik, denon artean erabakitzen dugu zer landu eta zeri eman lehentasuna, eta bide horretan ikusten dugu non dauden hutsune gehien, non falta zaizkigun erreferentziak…». Bada, lehenbiziko egunerako erreferentzia andana zituztela erran du Sagredok; ez, ordea, bigarrenerako.

Kontzeptualizatzen

Xeheago mintzatu da De Miguel: «Herri hezkidetzaileak berriak dira, orain kontzeptualizatzen ari garen zerbait. Horri buelta gehiago eman dizkiogu: izan ere, esperientzia puntualak badaude, baina zertaz ari gara herri oso bati abizen hori jartzen badiogu?».

Sagredok erantzun dio: «Hezkidetza eskolek egiten dute, baina beste guztiek ere hezten dugu, eta egiten dugun horrek hezkidetzailea izan behar da; hezkidetzak guztia busti behar du, bestela ez baita benetako hezkuntza». Bada, argi dute hezkidetza horrek feminista izan behar duela, eta berdintasunak «guztia busti» behar duela; baita estrategia antiarrazistak ere. «Ikuspegi hezkidetzailea eta pedagogia feministak dira bidea, begirada lokal-globalean oinarrituta», borobildu du De Miguelek. 

«Hezkidetza eskolek egiten dute, baina beste guztiek ere hezten dugu, eta egiten dugun horrek hezkidetzailea izan behar du; hezkidetzak guztia busti behar du, bestela ez baita benetako hezkuntza»

MAIDER SAGREDOSorginloreko kidea

Are, bide horretan plazera eta gorputza ere ezinbertzeko osagaiak direla nabarmendu dute biek, eta, hortaz, kongresu batek izan dezakeen konnotazio formaletik harago, topatzeko gune bat izatea da helburua. Bada, egitaraua propio horretarako egin dute: goizean solasaldi bat izanen da, «jendea kokatu dadin»; ondotik, bertaratzen direnek zuzeneko podcastean, kafe tertulian edo tailerrean parte hartu ahalko dute. Lehenbiziko bi formatuak hitzaldiaren eredu arruntarekin «hausteko» egin dituztela esplikatu du De Miguelek: «Ideia da elkarrizketak izatea, eta ez ponentziak; denak lasai eta gustura egoteko. Haietan gonbidatuak daude, baina dinamizatzaileei ere aukera eman diegu beren ekarpena egiteko». 

Arratsaldean, berriz, txokoak egonen dira. De Miguelek esplikatu du orain arte orokorrean interesgarriak izan zitezkeen gaiak lantzen zituztela gune horietan, baina aurten goizeko gaiak berreskuratu dituztela. «Goizetan jende adituagoa dago, eta arratsaldean arituak: gure artean gai horiei buruz hitz egiteko, eta gutako bakoitzak dituen estrategiak ikusteko», gehitu du. Gune horiek gozamenarekin lotuta daudela erran du Sagredok: «Zalantzaren eta informazioaren arteko bide desberdinak topatu nahi ditugu: gune bat izan dadila ikasteko eta ezagutzak trukatzeko, baina baita energia biltzeko, sinergiak sortzeko eta sareak sustatzeko ere». 

Hain zuzen, hezkidetza eta pedagogia feministen inguruko master amaierako lanendako txoko bat izanen dute lehenbiziko egunean, UEUk proposatuta. «Gazteei ahotsa eman nahi diegu, beren ikerketak zabaldu ditzaten, eta haiek ere gune bat izan dezaten», gehitu du Sagredok. Txoko horretako izen emateak akitu ziren lehenbiziko.

Are, kongresuko leku guztiak bete dira dagoeneko, eta itxaron-zerrenda dago. Arrakasta hori proiektuaren eraikuntza kolektiboari zor diotela azaldu dute: «Eraldaketa feminista hezkidetzatik eta pedagogia feministetatik eraikitzeko, ezinbestekoa da energia kolektiboa».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.