Migratzaileen egoera erregularizatzeko bulegoetan ilararik ez

Ekainaren 30era bitarte, migratzaileek Hego Euskal Herriko 26 posta bulegotara jo ahalko dute beren egoera erregularizatzeko eskaera aurrez aurre aurkezteko; Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñeko Gizarte Segurantzaren egoitzetan ere aurkeztu ahalko dute.

Zenbait migratzaile gaur, Iruñeko Gizarte Segurantzaren bulegoan. IDOIA ZABALETA / FOKU
Zenbait migratzaile gaur, Iruñeko Gizarte Segurantzaren bulegoan. IDOIA ZABALETA / FOKU
14789412 kepa
2026ko apirilaren 20a
15:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azken orduko aldaketak gorabehera, Espainiako Gobernuaren Ministro Kontseiluak estropezuka onartu zuen migratzaileen ezohiko erregularizazioa arautzen duen dekretua, joan den asteartean; eta ez ziren gutxi izan argibide eske nora joan ez zekiten migratzaileak. Ilara luzeak sortu ziren han eta hemen. Hasierako kaosaren ostean, ordea, lasaitasuna izan da nagusi erregularizazio eskaera aurrez aurre aurkezteko epea martxan jarri denean. Ekainaren 30era arte izango dute horretarako aukera, Hego Euskal Herriko hiriburuetako Gizarte Segurantzaren egoitzetan eta 50.000 biztanletik gorako udalerrietako posta bulegoetan, aurretik hitzordua eskatuta. Horrez gain, modu telematikoan aurkeztu ahal izango dute.

Ekainaren 30era bitartean, Hego Euskal Herriko 26 posta bulegotara jo ahal izango dute beren egoera erregularizatzeko eskaera aurrez aurre aurkeztu nahi duten migratzaileek, baita Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñeko Gizarte Segurantzaren egoitzetara ere. Horretarako, hitzordua eskatu behar da aldez aurretik, 060 telefonoaren bidez edo modu telematikoan, Espainiako Gobernuko Inklusio Ministerioaren webgunean. Hego Euskal Herrian, 30.000 lagun inguruk izango dute aukera dekretua baliatu eta beren egoera erregularizatzeko.

Horiek horrela, baldintzak betetzen dituzten migratzaileei urtebeteko bizileku eta lan baimena emango diete, eta osasun, hezkuntza eta gizarte zerbitzuetarako sarbidea. Gizarte Segurantzan kotizatzeko aukera ere izango dute. Urtea amaitutakoan, Espainiako Atzerritarren Legeak ezarritako ohiko baimena eskatu ahalko dute. Bada, orain egindako eskaerari erantzuteko hiru hilabeteko epea izango du Espainiako Gobernuak. Epea, ordea, «laburra» dela uste du Mikel Mazkiaran Gipuzkoako SOS Arrazakeria taldeko kide eta abokatuak: «Agiriak aurkeztu bezain laster has zaitezke lanean; baina zenbat denbora beharko dute dokumentazio hori aztertzeko eta ebazpena emateko?», aipatu du hark.

«Hiru hilabete denbora gutxi da. Agiriak aurkeztu bezain laster has zaitezke lanean; baina zenbat denbora beharko dute dokumentazio hori aztertzeko eta ebazpena emateko?»

MIKEL MAZKIARAN Gipuzkoako SOS Arrazakeria taldeko kide eta abokatua

«Demagun pertsona batek dokumentazioa txarto aurkezten duela eta atzera bota behar dela eskaera: horri ez bazaio lehenbailehen komunikatzen, pertsona horrek ez du jakingo bere eskaera atzera bota dutela. Hiru hilabetez luzatzen badira jakinarazteko, ezin izango du bere eskaera zuzendu», azaldu du Mazkiaranek.

Aurrez aurreko izapideak egiteko leku nahikorik ote dagoen galdetuta, zalantzati azaldu da Gipuzkoako SOS Arrazakeria elkarteko kidea, 50.000 biztanletik gorako udalerrietako posta bulegoetan bakarrik izango baita horretarako aukera. Mazkiaranek nabarmendu duenez, «horrek kanpoan utziko lituzke Eibar, Tolosa, Irun eta Zumarraga, besteak beste».

Bete beharreko baldintzak

Erregularizazioa eskuratu ahal izango dute 2026ko urtarrilaren 1a baino lehen Espainian nazioarteko babesa eskatu dutenek eta administrazio egoera irregularrean dauden eta urteko lehen eguna baino lehen iritsi direnek. Gainera, adin nagusikoak izan behar dute, ez dute beste egonaldi edo bizileku baimenik indarrean izan behar, eskaera egin aurreko bost hilabeteetan Espainian bizi behar dute, eta ez dute aurrekari penalik izan behar.

Eskatzen den dokumentazioari dagokionez, webgunetik deskargatu daitekeen eredu espezifikoaren arabera aurkeztu behar da eskaera. Honako dokumentu hauek aurkeztu behar dira: pasaportearen kopia osoa, inskripzio zedula edo bidaia titulua, eskatzailea urtarrilaren 1a baino lehen Espainian zegoela egiaztatzen duen dokumentazioa eta eskaera aurkeztu aurreko bost hilabeteetan Espainian bizi izan dela egiaztatzen duena.

«Iritsi eta sei hilabetera eman ziguten lanerako baimena. Baina, asilo eskubiderik gabe, lana galduz gero zer gerta zitekeen beldur ginen. Are, seme txiki bat izanda»

SANDRA ZAPATA Kolonbiako migratzailea

Horrekin batera, Espainiako eta jatorrizko herrialdeko aurrekari penalen ziurtagiria aurkeztu behar da, baita azken bost urteetan bizi izan den herrialdeetakoa ere. Bada, kontsuletxe batzuetan hori lortzeko «zailtasunak» daudela ohartarazi du Mazkiaranek: «kasu batzuetan ez du astirik emango», deitoratu du. «Kasu batzuetan, bakoitzak bere herrialdean eskatu behar du, beste batzuetan hatz markarekin egiaztatu. Esaterako, Afrikako herrialdeetan eskatzea ez da batere erraza». Hori dela eta, administrazioari «malgutasuna» eskatu dio Gipuzkoako SOS Arrazakeria taldeko kideak, «haiek ondo baitakite nola funtzionatzen duten prozesu hauek».

Halaber, egoera zaurgarrian egotekotan, erakunderen batek sinatutako agiri bat aurkeztu beharko da, hori frogatzeko.

Lasaitasuna nagusi

Bilboko Urkixo zumarkaleko posta bulegoa da erregularizazio eskaera aurkezteko prestatu duten tokietako bat, eta bertan hitzordua eskatua zuen Sandra Zapata 38 urteko kolonbiarrak. Ez du ilararik egin behar izan, pilaketarik ez baitzegoen han. Pablo Garcia Correoseko koordinatzaileak azpimarratu duenez, «hitzordua aldez aurretik hartzeak ilarak eragozten ditu, eta modua ematen du jendea garaiz artatzeko».

Zapata bere bi semeekin batera joan da posta bulegora: batek 21 urte ditu, eta besteak, 14 urte. Zapatak adierazi duenez, «nahiko erraz» suertatu zaio aurkeztu beharreko agiriak lortzea eta aurkeztea, «aurrekari penalen ziurtagiria barne». Kolonbiarrak bi urte daramatza Euskal Herrian: «Lan eta lan aritu gara, iritsi eta sei hilabetera eman baitziguten horretarako baimena. Baina, asilo eskubiderik gabe, lana galduz gero zer gerta zitekeen beldur ginen. Pozarren gaude».

«Oso ona da ematen ari diren laguntza; oso erraza izan zait agiri guztiak lortzea. Orain erantzuna baino ez zait falta, eta seguru nago dena ondo joango dela»

JORDI DE JESUS GARCIA Venezuelako migratzailea

Jordi de Jesus Garcia venezuelar gaztea ere izapideak egiteko zain zegoen posta bulegoan: «Oso ona da ematen ari diren laguntza; oso erraza egin zait agiri guztiak lortzea. Orain erantzuna baino ez zait falta, eta seguru nago dena ondo joango dela». Urtebete darama Euskal Herrian.

Lana aurkitzeko ez du horrenbeste zorterik izan orain arte Sebastian Angulo gazteak, eta Bilboko Udalak Campo Volantin pasealekuan zabaldutako bulegora joan behar izan du, han eskatu beharko baitituzte migratzaileek egoera zaurgarrian daudela frogatzeko agiriak. Angulo duela urte eta erdi iritsi zen Bilbora, bere amarekin; eta joan den urtean izan zuen azkenengo lana, ume bat zaintzen. Hark ere adierazi du izapideak «errazak» suertatu zaizkiola. Bitartean, hizkuntza muga izan daiteke bulego hartara joandako magrebtarrentzat, hainbatek aitortu dutenez, «espainierarik ez» baitakite.

Udal iturriek zehaztu dutenez, bulego horretara joateko ere aurrez aurreko hitzordua eskatu behar da, «baina toki guztiak hartuta daude dagoeneko». Egun bakoitzean bostehun lagun baino gehiago hartuko dituzte. Iruñeko Udalak ere bulegoa zabaldu du Zapateria kalean, erregularizaziorako beharrezkoak diren izapideak egiten laguntzeko.

INFORMAZIO SAIOAK ETA TAILERRAK

Eusko Jaurlaritzak herritarrei zuzendutako informazio saioak antolatu ditu, erregularizazio prozesuaren berri emateko asmoz: apirilaren 24an, Gasteizen egingo dute; apirilaren 28an, Donostian; eta apirilaren 30ean, Bilbon.

 Nafarroako Gobernuak, berriz, talde tailerrak egingo ditu: Iruñean eta Tuteran, asteazkenero, 10:00etatik 12:00etara; Lizarran, ordutegi berean, apirilaren 28an, maiatzaren 12an eta 26an eta ekainaren 9an; eta Tafallan, maiatzaren 5ean eta 19an, eta ekainaren 2an eta 16an. Aldez aurretik izena eman beharko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA