Aparkaleku ondoko larreetatik hasi eta tontorreraino bete dira gaur Gasteizko Olarizu mendiko inguruak. Jendez lepo egon ohi da iraileko erromeria tradizionalarengatik; gaur, ordea, eklipsea ikusteko betaurreko bereziek, teleskopioek eta ogitartekoek ordezkatu dituzte artisauen postuak. Iluntasuna nagusitu baino ia bi ordu lehenago hasi da jendea biltzen, heldu zein gazte: oinez, bizikletaz eta ibilgailu bidez.
Eklipsea lasai ikustera joan direnak beheko zelaian geratu dira. Borobilean eserita egon dira haietako asko: elkarrekin solasean, baloiarekin jolasten, mahai jokoetan trebatzen eta abar. Ez dute goraino igotzeko esfortzurik egin behar izan eklipsea ikusi ahal izateko, behealdetik ere ikus baitzitekeen. Adineko ugari egon dira bertan, abanikoak astinduz Ilargia Eguzkirantz pixkanaka hurbiltzen zen bitartean.
Mendi tontorrean, berriz, bostehun lagun inguru bildu dira 19:30erako. Batzuek teleskopioak zituzten lagun, minutu eskas iraun duen momentu historikoa xehe-xehe ikusteko; besteek eguzkitakoak, azken momentuan ilunaren beldurrak lilura ordezkatuko balu ere, badaezpada. Tontorrera bidean, baina, gehienek zuten kezka bera: «Hodeiek ez dezatela bat-batean estal zerua». Izan ere, asko joan dira Olarizura hirigunetik hurbil dagoelako eta eklipsea ondo ikusiko zelakoan. Haietako bat da Carlota Gomez, bikotekidearekin joana: «Espektatibarik gabe etorri gara, kuriositate hutsagatik».

Eklipse osoa Hego Euskal Herriko mendebaldean eta hegoaldean ikusi ahal izan dute. Hain zuzen, Araba izan da lekurik onena eklipsea ikusteko, Euskal Herriko zazpi lurraldeetatik hura izan baita eklipseak osorik estali duen bakarra. Bizkaian eta Nafarroan, ipar-ekialdean ez da osorik ikusi, eta Ipar Euskal Herrian, berriz, inon ez. Sonia Martinez eta haren senarra Extremaduratik (Espainia) joan dira Olarizuraino: «Gasteizen bizi den lagun batek gomendatu zigun hona etortzea, hemen ikusiko zelako hobekien. Eta hala izango dela dirudi».
Tontorrean nagusi diren teleskopioak, piknikeko mantak eta goraino betetako motxilak gaurko plana ondo planifikatu den seinale dira, eta halakoak izan dira nagusi mendian; baina izan da inprobisatzea erabaki duenik ere. Mikel Gutierrez gasteiztarra da haietako bat: «Bizikletan paseo bat ematera atera naiz arratsaldean, eta Olarizuraino iritsi naiz. Hemendik eklipsea ondo ikusiko zela konturatu naiz, eta bertan gelditzea erabaki dut».
Minutu historikoa
Munduko txokoren batean bi urtean behin gertatzen den fenomenoa da eguzki eklipsea, Ilargia Lurraren eta Eguzkiaren artean kokatzen denekoa. Euskal Herrian 1905eko abuztuaren 30ean izan zen azkena, eta horregatik izan da historikoa gaurkoa euskal herritarrentzat. Fenomeno hori gertatu baino minutu batzuk lehenago ikusi dute Olarizun iluntzeko une ikusgarrienetako bat, txalo eta oihu artean: diamantezko eraztuna. Ilargiak ia erabat estali du Eguzkia, eta argi zuzenaren azken izpiak eremu txiki batean ikusi ahal izan dira, zeruan diamante handidun eraztun bat irudikatuz.
Segundo batzuk geroago, eraztuna argi puntu txikietan sakabanatu da, eta Bailyren perlak sortu ditu. Efektu berezi hori Ilargiaren erliebearengatik gertatzen da: astro horren mendi eta kraterrengatik pasatzen dira Eguzkiaren azken argi izpiak. Perla horiek balio zientifiko handia daukate Ilargiaren topografia aztertzeko.
Are, hain denbora gutxi iraun duen fenomenoak berak garrantzi handia du ikerlarientzat, Eguzkiaren koroa ikertzeko, adibidez. Eguzkiaren kanpo atmosferan kokatzen da, eta izarra inguratzen duen geruza da; 5.500 graduan dago, eguzkiaren azala baino askoz beroago. Aurkikuntza nabarmenak egin dira eguzki eklipseetan koroari begira. 1868an, esaterako, Pierre Janssen eta Norman Lockyer ikerlariek lehenengo aldiz ikusi zuten helioa. Geruzari begira zeudela, inoiz ikusi gabeko arraia berezi batzuk ikusi zituzten, eta gasa lehenbizikoz identifikatu.
Zientzialari haiek zuten ikusmira eta lilura bera izan dituzte gaur Olarizura bildutakoek: belardian txalo, oihu eta urduritasunak gailendu ahala, bat-batean egin da iluna; iluntasunean begiak argi zituzten guztiek. Eguzki koroa agertu bezain laster, jendea betaurrekoak kentzen hasi da —momentu horretan soilik kendu ahal izan dituzte—; laster kendu dituzte batzuek, eta mesfidati besteek. Sakelakoak ere azkar atera dituzte, zerumuga osoak ilunabar erraldoi baten itxura hartu duenean. Minutu bat inguru iraun du iluntasunak, eta jendea begirada eklipsetik kendu ezinik ibili da une horretan, batzuek momentua pantailaren bidez bizi izan badute ere.

Eklipseak inguru guztiari eragiten diola kontatu dute zientzialariek: tenperaturak behera egiten du, dena ilun geratzen da, eta txoriek eta animaliek ere nabaritzen dute... Olarizun, baina, ez da hain nabarmena izan tenperatura jaitsiera; bai, ordea, iluntasuna eta animaliengan izan duen eragina: txakurrak zaunka hasi dira.
Ilargia eskuinerantz mugitzen hasi bezain laster jarri dituzte berriro betaurrekoak, eklipsea desegin ahala. Une horretan, prozesua alderantziz errepikatu da: lehenik eguzki koroa desagertu da, jarraian Bailyren perlak agertu dira, eta, azkenik, diamantezko eraztuna agertu da berriz ere. Xabier Agirre seme-alabekin joan da eklipsea ikustera, eta haren espektatiba guztiak gainditu ditu: «Bizitzan behin ikusten den zerbait izan da gaurkoa; merezi izan du honaino etortzea: ikusgarria izan da».
Pertseidak
Noranzkoa aldatu den unean, berez, gaueko beste momentu garrantzitsuetako bat ikusi ahal izango zuten eguraldia lagun izan balute: itzal bandak. Argi eta iluntasunezko marra oso ahul eta mugikor batzuk dira, atmosferako turbulentzien ondorioz lurraren gainean korrika ikusi direnak. Baldintza meteorologiko egokiei esker, ikusleek efektua hauteman ahal izaten dute azalera argien gainetan, eklipse osoa amaitu berritan. Olarizun, baina, ezin izan dituzte ikusi.
Eklipsea ikusi bezain laster alde egin du jende andanak menditik, geroago sortuko ziren auto ilaretan ez geratzen, akaso. Ez zuten jakingo, agian, beste fenomeno astronomiko bat ikusteko aukera izango zutela gaur: Pertseidak. Eklipsea amaitu eta ordubete itxaronez gero, izar uxoak ikusteko aukera izan dute euskal herritarrek, gaurkoa baita izar uxo gehien igaroko den gaua.
Gaurtik aurrera, izarrak eta Ilargia aise ikusi ahal izango dituzte Olarizutik eta Euskal Herriko beste txokoetatik. Baina beste ehun urtean nekez egongo dira euskal herritarren begiak hain argi iluntasunean.