Abian da La Cumbre jauregia —Joxean Lasa eta Joxi Zabala torturatu zituzten lekua— estatuaren biktimentzako memoria toki izateko lehen izapidea; izan ere, aurrera atera da Espainiako Gobernuari zuzendutako eskaera, eraikina Donostiako Udalaren esku utz dezala eskatzen duena, PPk ez beste alderdi guztiek babestuta. Horrek lasaitasuna eta indarra eman die Asun Lasari eta Pili Zabalari.
Nola jaso duzue gaurko mozioa?
AXUN LASA: Itxaropentsu jaso dut. Hori behar dut, La Cumbreren gaian ilunpetik argirako bidea egiten ari garela ikustea behar dut. Eta gustatu zait alderdi politiko guztiak, bat izan ezik, gurekin bat etortzea. Ikusten gaituztela sentitzea. Nire ustez, estatuaren biktimok badugu behar hori, ea norbaitek jartzen digun bonbilla bat, eta uste dut bidea argitzen ari direla.
PILI ZABALA: Giza eskubideen nazioarteko zuzenbideak esaten duen bezala, giza eskubideen urraketen neurri berekoa izan behar du erreparazioak, eta, horregatik, ilusio handiz jaso dugu, aurrera atera den mozio honek erakusten baitu aurrera goazela bide horretan. Azken finean, La Cumbreri beste esanahi bat emateko bide hori osagarria izango da memoriaren mapa zabal hori ahal den zorroztasun handienaz egiteko. Orain arte hutsune hori zegoen, nire ustez. La Cumbre gune egoki bat izan liteke estatu krimenen biktimentzat, kontuan izanda beste memoria gune batzuk ere badaudela, eta denak direla beharrezkoak.
2022ko akordioaren arabera, urtebetean egon behar zuen Donostiako Udalaren esku. Nola bizi izan duzue atzerapena?
LASA: Urduritasunez. Argia piztuko ez zen beldur ginen. Ezin dut imajinatu La Cumbre itzal horretan geratzea gure memorian.
ZABALA: Ezkutuko lanean aritu gara. Saiatu gara erabakian eragin zezaketen horiekin elkartzen. Baina sentsazio gazi-gozo batekin jarraitu dugu lanean, ikusi baitugu askoz ere azkarrago adosten dela beste lege batzuk aurrera eramatea. Kontuan izanda lagapena 2023rako egin behar zela...
La Cumbre nolakoa izatea nahiko zenukete?
LASA: Estatuaren biktimentzako etxe izatea nahiko nuke, baina horrek ez du esan nahi inor baztertu nahi dugunik. Uste dut estatuaren biktimoi ondo egotea falta zaigula, ikusiak izatea eta guretzako etxe bat izatea, beste etxe batera joaten garenean patxadaz eta errespetuz joan gaitezen. Errespetatzen nautela sentitzen badut errazagoa da besteak errespetatzea.
ZABALA: Memoria gune kuttun bat izatea nahiko nuke, guztiok pentsatzeko zenbaterainokoak izan diren giza eskubideen urraketak. Gogoeta hori denok egin beharko genuke. Memoria gune hau osagarri izango da memoriaren mapa horretan, beste gune bat izango da gainerakoen artean, baina, noski, memoria demokratikorako legeak jasotzen duen esanahi berezi hori izanda.
LASA: Gure anaientzat ere arnasgune bat izan dadila.