Ilusioa piztu nahi dute

Herritarron Garaiaren eta EAren ekimenez, Nafarroan gehienen babesa biltzeko proiektu bat aurkeztuko dute bihar LizarranAro berriaren eraikuntzan herritarren parte hartzea bultzatzeko tresna dela azaldu dute

Hilaren 15ean bildu ziren, EAren egoitzan, alderdiko zuzendaritzako kideak eta Herritarron Garaia agiriaren sinatzaileetako batzuk. IÑIGO URIZ / ARP.
joxerra senar
Iruñea
2011ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Lizarrak esanahi sinboliko berezia du Euskal Herriko politikan. Beharbada, horregatik aukeratu dute Eusko Alkartasunak eta Herritarron Garaia taldeak beren proiektu politiko berria aurkezteko. Bihar, 17:30ean, Lizarrako Remontibal frontoian aurkeztuko da Nafarroan jaio baina Euskal Herriko beste lurraldeetarako eredu bihurtu nahi duten proiektu politiko berria. Hodei arteandator, gainera. Batetik, erlojuaren kontra lan egiten ari dira programak eta zerrendak osatzeko. Bestetik, ordu batzuk baino ez dira iragan Auzitegi Goreneko bederatzi magistratuk Sortu legez kanpo utzi zutenetik. Oztopo eta kolpe guztien gainetik, «herritarren babesa bilduko duen proiektu ilusionagarri bat» eraiki nahi dute EAk eta HGk, «betorik eta bazterketarik gabe».

Ekitaldi politikoaren atarian, ideia hori nabarmendu diote BERRIAri Maiorga Ramirez Nafarroako EAko koordinatzaileak eta Bakartxo Ruiz Herritarron Garaia taldeko kideak. Maiorga Ramirezek, esaterako, testuinguru berezian kokatu du proiektu politiko jaio berria: «Fase historiko garrantzitsu batean gaude; aro baten amaieran eta aro berri baten eraikuntzan», azaldu du. «Aro berri horretan, bitarteko berriak diseinatu beharko ditugu herritarren parte hartzea bultzatzeko. Horretan ari gara», gaineratu du.

EAko ordezkariaren arabera, proiektu politiko berriaren izaera Herritarron Garaiak laburbiltzen eta islatzen du: «Aniztasuna, irekitasuna, betorik eza eta UPN arerio izatea». Haatik, nortzuk dira Herritarron Garaia? «Ez gara plataforma bat, ez gara talde antolatu bat», zehaztu du Bakartxo Ruizek. Haren hitzetan, herritar talde bat dira.

Lizarrako aurkezpenera ailegatu aurretik, gauza asko gertatu dira tartean. Bakartxo Ruizek laburbildu duen bezala, «urte luze baten ondorioa» da proiektua. «Garrantzitsua da ikustea ez datorrela ezerezetik». Herritarron Garaia agiria bultzatu duten pertsonetako batzuk, Ruiz bera barne, Hamaika Bil Gaitezen eta Ezker Soberanista Eraikitzen taldeetan izan dira. Iazko martxoan sortu ziren, abertzaleen arteko elkarlana bultzatze aldera.

Ramirezen arabera, ezker abertzaleak estrategia aldatu eta soilik bide politikoen eta baketsuen alde egin zuenean, EAk argi ikusi zuen «oso aukera garrantzitsua» sortu zela abertzaleen arteko elkarlanerako eta PPri zein PSOEri demokratikoki aurre egiteko. Hala, azaroan, ezker abertzaleak hauteskundeei begira subjektu politiko bat sortzeko Nafarroa XXI proposamena egin ondotik, EAk «NaBai indartzeko aukera gisa» ikusi zuen.

NaBairen haustura

Gaia «pil-pilean» zegoen abendu hasieran, eta Hamaika Bil Gaitezenek eta Ezker Soberanistakabenduaren 3an manifestaziora deitu zuten. «Elurte izugarria bota zuen egun hartan», gogoan du Ruizek. «Manifestazio hartan alderdieibalentriaz jokatzeko eskatu genien eta herritarren artean elkarlanerako nahi hori bete zezatela». Mezu hori zabaldu ostean, eszena politikotik atera ziren, alderdiek akordioa lortuko zuten itxaropenarekin.

Aitzitik, ezaguna da dagoeneko ahalegin horrek zertan amaitu zuen: urte hasieran, Aralarrek amaitutzat eman zuen ezker abertzalearekiko negoziazioa, eta otsailean, EA NaBaitik at geratu zen. Ramirezen irudiko, EAJk eta Aralarrek «EA kaleratzea erabakita zeukaten». Haren ikuspuntutik, azken emaitzak agerian utzi du EAk «ausart, eskuzabal eta aberriaren interesak lehenetsiz» jokatu duela eta Aralarrek eta EAJk, berriz, beldurra diotela aro berriari eta alderdien interesak lehenetsi dituztela.

Ramirezek gogoan hartu du «otsailaren erdialdera arte» EAko ordezkariak «buru-belarri» ibili zirela Nafarroa Bairen proiektuarekin. Behin haustura gauzatuta, hasierako esfortzuak alderdi barrurako izan dira. Haren hitzetan, «salbuespenak salbuespen», militante gehienek ikusi dute EAk aro berri horren eraikuntzan duen ardura: «Militanteek argi dute txipa aldatu behar dela eta hauteskunde subjektua eraiki behar genuela». Haren ustez, «lehen kolpea ekimen bihurtzea» lortu du alderdiak. Horretarako, hiru lurralde batzar eta «bilera kontaezinak» egin behar izan dituzte.

Hamaika Bil Gaitezen zein Ezker Soberanista Eraikitzen ekimenetan ibilitakoek, berriz, «tristuraz» ikusi zuten elkarlanerako saioak porrot egin izana. Horregatik, beste hainbat lagunekin batera, banako gisa, agiri bat kaleratu zuten martxoaren 12an: «Dokumentuaren izaera da herritarron garaia dela. Herritarren atxikimendua lortu nahi dugu orain. Herritarrok parte hartzaile aktibo izan behar dugu eta protagonista izan behar dugu une politiko honetan». Gaur egun, jatorri, lanbide eta adin guztietako 50 herritarrek eman diote atxikimendua, baina babes gehiago biltzen jarraitzen dute.

Ruizen arabera, agiri horri erantzun dion «alderdi bakarra» da EA. Ramirezen arabera, berriz, EAk argi dauka «bazterkeriarik gabe» herritarren gehiengo baten sostengua bilduko duen proiektu bat sortu behar dela. Biharko ekitaldian, proiektuaren oinarri politikoak aurkeztuko dituzte, baina EAk aurreratu du edukien definizioei «azken ukituak» ematen ari direla. Haren ustez, eredu bihur daiteke proiektua: «Nafarroa Euskal Herriaren eredu izan daiteke. Nafarroan argiago ulertzen da elkarlana beharrezkoa dela eta aro berri horren eraikuntzan ausardia eta ardura nagusitu behar direla».

Nafarroan, betiko arazoa

Haren ustez, betidanik abertzaletasunak arazo bat izan du: «Abertzaletasunaren sostengua beti portzentaje berberetan ibili da eta arazoak izan ditugu gure erabaki ahalmenaren bitartez gizartea hobetu ahal dugula konbentzitzeko». Bere ustez, UPNk eta PSNk abertzaletasuna geldiarazteko diseinatutako estrategia guztiei aurre egiteko moduan egon daitezke orain, ordea: «Etorkizuna abertzaletasunaren menpe egongo dela ziur naiz».

Ruizen arabera, orain lehentasuna UPNri eta PSNri aurre egingo dion «eskaintza ilusionagarri eta koherente» bat egitea da. Esanguratsua iruditu zaio UPNren jarrera. Asteon, Sortu legez kanpo utziz gero, EAren zerrenden aurka jotzeko proposatu dio fiskalari. «Eskandalu politiko bat litzateke, baina horrek aditzera ematen du aukera politiko horri dioten beldurra», dio Ruizek.

Mehatxuak mehatxu eta iragan hurbila gogorra izan dela aitortu arren, itxaropenez begiratzen dio etorkizunari Maiorga Ramirezek: «Nire bizitza politikoko hilabete gogorrenak izan dira, baina baita garrantzitsuenak ere. Nafarroako aldaketa politikoaren etorkizuna zehazten ari gara».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.