Politika

"Ilusioz eta esperantzaz" hartu du Arnaldo Otegik ezker abertzalearen azken adierazpena

Facebook bidez zabaldu du mezua, Martuteneko espetxetik. Ezker abertzaleak ekimena bere gain hartu duela uste du, eta "momentu berezia" bizi dela.

2010eko apirilaren 29a
16:52
Entzun
"Ilusioz eta esperantza osoz jarraitzen ditut ezker abertzalearen azken ekarpenak", dio Arnaldo Otegi ezker abertzaleko kide espetxeratuak Facebook bidez zabaldu duen mezuan. Izan ere, ezker abertzaleak berriro ekimena bere esku hartu duela uste du Otegik, eta babesa eskatzen du ekimen horientzat. "Momentu berezia" dela dio. Martutene Donostiako kartzelan daukate preso.

Joan den larunbatean Ondorioetatik, bidea eta urratsak. Ezker Abertzalea abian adierazpena plazaratu zuen ezker abertzaleak Iruñean, agerraldi jendetsu batean. Adierazpen horretan Bruselako Adierazpenari "erantzun eraikitzailea" emateko eskatu zioten ETAri zein Espainiako Gobernuari; Bruselako Adierazpenean su-eten iraunkor eta egiaztagarria eskatzen zaio ETAri eta neurriko erantzuna Espainiako Gobernuari.

Otegik, halaber, Facebookeko mezu horiek baliatu ditu kartzelara animoak helarazi dizkioten guztiei eskerrak emateko eta, era berean, berak ere animoak igorri nahi izan dizkie "mundu guztian askatasuna eta justiziagatik borrokan" ari diren guztiei.

Tasio Erkizia ezker abertzaleko kidearen arabera, azaroan Altsasuko proposamenaren ostean zenbait alderdik eta komunikabidek isiltzea eta kasurik ez egitea erabaki zuten. Oraingoan, ordea, ezker abertzalearen adierazpenak eragile guztiak hitz egitera behartu ditu, Erkiziak iritzi dionez. Alderdi batzuen erantzuna positiboa izan dela aipatu arren, EAJri aurpegiratu dio ezin duela jarraitu erantzukizun osoa soilik ezker abertzalearen teilatu gainean jartzen. PSOEk, berriz, "sufrimendua areagotu" nahi duela esan du gaur Erkiziak, Iruñean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.