Carlos Armendariz. Nafarroako Ondarearen Defentsarako Plataformako kidea

«Immatrikulaturiko ondasunekin dirutza egin dute gotzainek»

Immatrikulazioen auzia bideratzeko, ondarearen babeserako talde guztiek batzarra egin berri dute, estrategiak adosteko xedez.

JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Ion Orzaiz.
Atarrabia
2016ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Kolpe militarraren oihartzunen artean jaio zen Carlos Armendariz (Atarrabia, Nafarroa, 1936), eta gertutik ezagutu zuen Nafarroako Elizaren estamentu ofizialek frankismo garaian izandako jarrera. Orain, 80 urterekin, herrien ondarea herritarrei itzultzeko lanean dihardu.

Urrian, ondarearen babeserako plataformen topaketa egin zenuten Iruñean. Zertarako balio izan dizue batzarrak?

Hasteko, plataformen arteko harremanak sendotzeko. Hainbat urtez, Elizak eginiko immatrikulazioen kontrako borrokan, bakarrik sentitu izan gara Nafarroan. Beste lurralde askotan ere gertatu dira horrelakoak, baina informaziorik ezaren edota agintarien jarreraren ondorioz, hango jendeak ez du erantzun irmo bat antolatzeko aukerarik izan. Hortaz, erritmo ezberdinetan mugitu izan gara ondarearen defentsarako plataformak. Topaketei esker, esperientziak partekatu ditugu.

Euskal Herritik kanpo, zein testigantzak harritu zaituzte gehien?

Kordobakoak [Espainia], zalantzarik gabe. Kordobako meskita bere izenean jarri zuen hango gotzaintzak 2006an, lege zirrikitua baliatuz, eta meskita izena ere kendu nahi izan zion, iragana nolabait ezabatu nahian. Kordobako plataformak eginiko lana, ordea, itzela izan da, eta oihartzun handia lortu dute, ez bakarrik Espainian, baita Europako erakundeetan ere. Izan ere, gizateriaren ondare izendatu zuten meskita 1984an, eta Elizak bere izenean immatrikulatu izana koldarkeria hutsa da. Zorionez, Andaluzia osoko plataformek indar handiz aurre egin diote espoliatzeari.

Garai batean ez bezala, babes handia erakutsi dizuete Nafarroako erakundeek...

Oso handia, bai. Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k, PSOEk, EAJk eta Ezkerrak bat egin dute gurekin. Baina, alderdiek ez ezik, Europa Laikoak, Ateoen Batasunak, Europa Laiko baten aldeko Mugimenduak eta oinarrizko kristauen sareek ere sostengua adierazi digute, eta ez Nafarroan bakarrik: Aragoi, Madril, Errioxa, Valentzia, Balearrak, Kanariak... Estatu osoko eragileek parte hartu zuten Iruñeko jardunaldietan. Hori esanda, egia da babes instituzionala erabakigarria izan dela Nafarroan. Estatuko beste plataformetako kideak ahoa bete hortz gelditzen dira kontatzen diegunean Nafarroako Legebiltzarrak gure aldeko adierazpena onartu zuela eta 200 udal baino gehiagodirela plataformako kide.

Badirudi agintariek isiltasun errezel bat ezarri zutela auzi honen inguruan.

Bai. Errespetu gehiegizkoa, ia itogarria diogu oraindik Elizaren instituzioari. Horrekin ez dut esan nahi Elizak errespeturik merezi ez duenik, edo gauza onak egiten dituenean txalotu behar ez ditugunik; baina Elizaren estamentu ofizialak kritikatu beharra dagoela uste dugu. Gotzainek botere gosearen eta handinahikeriaren banderarekin bildu dute euren burua, eta gotortuta daude. Finean, horixe dago immatrikulazioen atzean: boterea pilatzeko grina. Egarri aseezin horrek gutxi du espiritualtasunetik, botere ekonomikoa eta botere materiala bilatzen baititu. Haien doktrinari kontra egiten dio jarrera horrek, baina predikatzen dutenari ere ez diote jaramonik egiten.

Immatrikulatutako ondasunei buruz, Iruñeko Artzapezpikutzak dio Elizak erabiltzen dituela eraikinok, eta logikoa dela horiek Elizaren izenean jartzea.

Bai, beti darabilte aitzakia hori, baina argudio faltsua da oinarritik. Eztabaidagarria izan daiteke guztion diruarekin ordaindutako parrokia edo baseliza bat Elizaren izenean immatrikulatzerik dagoen ala ez. Ni ezezkoan nago, baina jende askok uste du izaera erlijiosodun eraikinak diren heinean horrek justifikatzen duela espoliazioa. Dena den, argudio horrek sostengu etiko handiagoa izanen luke, parrokia eta baselizez gain, etxebizitzak, lursailak edota baratzeak arpilatu izan ez balituzte! Horiek ez dute zerikusirik erlijioarekin, eta berdin-berdin immatrikulatu dituzte. Gainera, Elizari soilik aitortzen zaio eskumen hori. Adibidez, herrietako maisu-maistren nahiz medikuen etxeak: medikuek edo maistrek erretiroa hartu eta herritik alde egiten zutenean, euren etxea udalaren edo kontzejuaren esku gelditzen zen berriz, ez Espainiako Hezkuntza edo Osasun ministerioen esku.

Ondasunak immatrikulatzeko modua ere zalantzan jarri duzue.

Bai. Elizak lege frankista bat erabili zuen, inori ezer esan gabe, hainbat ondasun bere izenean jartzeko. 1946tik 1998ra sekulako arpilatzea egin zuen. 1998an Jose Maria Aznarren gobernuak legea moldatu zuen, eraikin zibilak ez ezik, erlijiosoak ere immatrikulatu ahal izateko. Denok dakigu nork ordaindu zituen elizak eta ermitak eraikitzeko lanak eta nor ibili zen auzolanean horiek eraikitzen, konpontzen, garbitzen eta zutik mantentzen: herritarrak. Zenbait tokitan, behartu egiten zituzten laguntzera: adibidez, herriko elizaren dorrea erortzen bazen, udalak dirua biltzen zuen konpontzeko, eta dirurik ez zuenak lan fisikoarekin ordaintzen zuen konponketa.

Ondasunak Elizaren esku gelditzeak fededun guztiei mesede eginen diela ere argudiatu izan du Gotzaintzak...

Hori ere gezurra da. Ondasun asko saldu egin dituzte. Eta ez herriko jendeari edo udalerriei soilik: gehien ordaintzeko prest dagoenari saltzen dizkiote. 2007an plataforma sortu genuenean, hori gertatuko zela ohartarazi genuen, eta oso era zakarrean tratatu gintuzten, ahoan bilorik gabe hitz egiteagatik. Besteak beste, gezurretan ari ginela, paranoiko hutsak ginela eta gure antiklerikaltasunak itsutzen gintuela leporatu ziguten hainbatek. Denborak arrazoia eman digu.

Elizak etxe agentzia gisa funtzionatzen duela uste duzu?

Bai. Hainbat herritan gertatu da: turistak edo erromesak paraje batera joan, lursaila begiz jo, eta jabea nor den galdetzen dute; Artzapezpikutzarekin tratua lotuz gero, herriko paraje hori erosten dute oztoporik gabe. Hori ez da hipotesi bat, errealitate bat baizik. Ilarraz kontzejuan, adibidez, duela gutxi egin zuten: etxe bat, baratzea eta inguruko lursaila saldu zien gotzainak turista batzuei.

Eta ondasun mota guztiekin egiten dituzte halako operazioak?

Etxeak eta lursailak hasieratik saltzen zituzten, baina, azkenaldian, hasiak dira elizak eta bestelako tenpluak ere besterentzen. Pixkanaka, ondare horrek ihes egin die herriei, eta Elizak dirutza egin du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.