Etxerat elkarteak jakinarazi du joan den asteburuan Iñaki Bilbao euskal presoaren senideek istripua izan zutela, Arkautin (Araba), hura ikustera zihoazenean. "Sakabanaketak eragindako bigarren istripua izan da", salatu du elkarteak, Gasteizen egindako agerraldi batean. "Guk bidaiatzen jarraituko dugu; hori da bisitak egiteko eskubidearengatik ordaindu behar dugun prezioa. Baina erantzukizuna ez da gurea; hori beste batzuei dagokie".
Hala, Bilbaoren senideek izandako istripua salatzeko elkarretaratzeak antolatu ditu elkarteak: gaur 19:00etan Bilboko Areatzan, eta bihar ordu berean Donostiako udaletxe aurrean eta Gasteizen Andre Maria Zuriaren plazan. Iruñean atzo egin zuten protesta, PPren egoitzaren aurrean.