Espainiako Auzitegi Nazionalak absolbitu egin ditu Iñaki Goioaga abokatua, Jorge Garcia euskal presoa eta horren bikotekide Ana Paz. Hirurak Huelvako espetxetik (Espainia) ihesaldi bat prestatzea egotzita epaitu zituzten, eta atzo jakin zen absoluzioa jaso zutela. Guardia Zibilak 2009. urteko ekainean egin zuen operazioa, Fernando Grande-Marlaska epailearen aginduz.
Joan den irailean izan zen epaiketa. Fiskaltzak zioen Huelvako espetxetik ihes egiteko saio bat prestatu zutela hiruren artean, eta espetxe zigorra eskatu zuen: Hamasei urte Goioagarentzat, zortzi Pazentzat eta sei Garciarentzat.
Epaiketan, Garciak azaldu zuen ez zuela iheserako planik egin inoiz. Pazek, berriz, esan zuen hark ez ziola ezkutuko oharrik eman Goioagarentzat. Torturatu egin zutela eta tratu txarrak eman zizkiotela salatu zuen, eta esandakoak buruz ikastera derrigortu zutela. Antsietate handia izan zuela gaineratu zuen, eta adierazpen horiek epaiketa arte ez zituela atzera bota estres post-traumatiko handia sortu zitzaiolako.
Goioagak, berriz, adierazi zuen berak ez diela ETAren partez agindurik eman inoiz euskal presoei, Garciaren abokatua dela eta haren defentsan aritu dela, baina ihesaldiei buruz ez zutela inoiz hitz egin. Atxilotu zutenean eskubideak urratu zizkiotela ere salatu zuen.
Polizia operazioaren ondotik espetxean egon ziren Goioaga eta Paz. Goioaga 2011ko urtarrilaren 31n aske geratu zen, 60.000 euroko bermea ordainduta. Paz 2009an bertan utzi zuten libre, operazioaren ostean, bermepean. Garciak beste auzi batzuengatik preso jarraituko du.
Iñaki Goioaga, Jorge Garcia eta Ana Paz absolbitu egin dituzte
Espetxe ihesaldi bat prestatu izana egotzi zieten hirurei, eta sei eta hamasei urte bitarteko zigorra eskatu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu