Espainiako Gobernuak 2024ko apirilaren 13an izendatu zuen Gernika-Lumo (Bizkaia), ofizialki, memoria historikorako leku, eta gaur, bonbardaketaren 89. urteurrenean, izendapen hori sinbolizatzen duen eskultura inauguratu dute. Burdinezkoa da, lau metroko garaiera du, Portu kalean dago, «Memoria demokratikoaren lekua» darama idatzita, eta gertu du lehen bonba erori zen lekuan dagoen eskultura, Nestor Basterretxearena.
Espainiako Gobernuak, Gogora Institutuak eta Gernikako Udalak finantzatu dute, eta zinta Kruzita Etxabek eta Mari Carmen Agirrek moztu dute, bonbardaketatik bizirik atera ziren biktimen ordezkari gisa. Ekitaldian izan da, besteak beste, Fernando Martinez Memoria Demokratikorako Espainiako idazkaria. Hark esan du, egungo testuinguruan, memoria dela «demokrazia eta askatasuna babesteko antidotorik onena», eta beharrezkoa dela iragana oroitzea «gertakari traumatikoak» eragozteko.
Gernikako bonbardaketa frankistek Alemaniako eta Italiako hegazkinen babesarekin egindako sarraski bat izan zela azpimarratu du, «gizarte zibila ikaratzeko eta euskal herriaren identitatea erasotzeko asmoz».
Bestalde, Jose Maria Gorroño alkateak adierazi du Gernika memoriarako leku izendatzea ez dela aitortza bat soilik, «historiari eta kontzientzia kolektiboari zor zitzaien zeregin bat baizik». Izendapena, titulu bat izateaz gain, «egiarekin, justiziarekin eta historia kolektiboaren parte diren pertsona guztiekin konpromiso iraunkor bat» izan dadila eskatu du.

Aitor Esteban EAJko buruak ere egin ditu adierazpenak ekitaldia amaitutakoan. Bakearen, askatasunaren eta giza eskubideen aldeko aldarria egin du, «zoritxarrez, gerrak eta indartsuenaren legeak eguneroko ogi bihurtu diren garaian».
Gazteei mintzatu zaie, eta gogorarazi die giza eskubideen alde lan egin behar dela, «ez politikatik soilik, baita gizarte zibiletik ere». Horri lotuta, Picassoren Gernika margolana Gernikara ekartzeko eskatu du beste behin ere: «Koadro hori gure historiaren parte da, eta bidezkoa da gure herrira berme guztiekin ekartzea. Sarraski haren biktimei egin dakieken omenaldirik ederrena izango litzateke, gure lurraldeaz haraindiko sinbolo ere badirelako».
Arma industriaren kontra
EH Bilduko kideak ere izan dira ekitaldian, eta lore eskaintza egin diete Gernikako bonbardaketako biktimei. Han gertatutakoa gaur egungo testuinguruarekin lotu du Pello Otxandiano bozeramaileak; gogorarazi du koalizioa beti egon dela gerraren kontra, «oldarraldi armamentistiko eta militarra» gaitzetsi du eta armagintzaren industriaren aurka egin du, «armak erabiltzeko egiten direlako».
Azpimarratu du Gernikak eta Euskal Herriak lehen eskutik ezagutzen dituztela gerraren ondorioak, eta horregatik, «bakea, justizia soziala eta nazioen subiranotasuna» aldarrikatu ditu.
HOGEI IDENTIFIKATU 'GERNIKA' GUGGENHEIMERA EKARTZEKO ESKATZEAGATIK
Bilbo-Palestina herri ekinaldiko hainbat lagunek ekintza bat egin dute gaur Bilboko Guggenheimen: museoaren kanpoaldean sei bandera erakutsi dituzte Picassoren 'Gernika' margolana irudikatzeko. Ertzaintzak hogei lagun inguru identifikatu ditu. Ekintza horren bidez, «munduan zapaltzen ari diren herrialde guztiei» elkartasuna adierazi nahi izan diete, eta besteak beste Palestina, Venezuela, Kurdistan, Kuba eta Iranen kontrako «oldarraldi inperialista» salatu: «Historia ez errepikatzeko exijitu eta ahotsa altxatu nahi izan dugu. Inperialismoaren aurrean herritarrok ezin gara geldirik egon. Gernika gehiagorik ez!».