Inazio Uria ETAk gaur urtebete Loiolan (Azpeitia, Gipuzkoa) tiroz hil zuen enpresaburua gogoan izan dute han, hilketaren tokian bertan, haren senideek, lagunek, lankideek, herritarrek eta ordezkari instituzional eta politikoek. Ehunka lagun bildu dira 13:00etako elkarretaratze isilean -ordu laurdenekoa izan da-, eta Inazio Uria zenaren seme Josuk adierazi du "egunero" ari direla "jasaten ETAren tortura".
Loiolan izan dira, besteak beste, Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohia, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Julian Eizmendi Azpeitiko alkatea.
Erakunde armatuaren hilketak gaitzesten ez dituztenei zuzendu zaie Josu Uria. "Zuen eskubideak aldarrikatzen dituzue, baina zergatik ez dituzue ETAren hilketak gaitzesten? Bizitza eskubidea ez al da oinarrizko giza eskubidea?".
Uriaren omenezko monolitoa inauguratu dute, hura hil zuten tokian. Azpeitiko Udalak hartu zuen oroitarria jartzeko erabakia, aho batez onartu ere: EAJk, ezker abertzaleak, EAk eta Aralarrek egin zuten alde.
Hilketaz geroztik, sendiak deituta hilero egin dute elkarretaratzea Loiolan, hilabeteko hirugarren egunez. Gaurkoa izan da azkena, familiak jakinarazi duenez.
ETAk hilketa aldarrikatzeko agirian adierazi zuen iraultza zerga ordaintzen ez zuelako eta Altuna y Uria enpresa AHTko lanetan ari delako hil zuela Inazio Uria.
politika
Inazio Uria gogoan
ETAk gaur urtebete hildako enpresaburuaren aldeko bilkura jendetsua egin dute Loiolan, Azpeitian. Han izan dira, besteak beste, Patxi Lopez eta Juan Jose Ibarretxe. Sendiak erabaki du gehiago ez egitea elkarretaratzea -hilero egin dute-, eta erakunde armatuaren hilketak gaitzesten ez dituztenei zuzendu zaie.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu