‘Indar errepresiboak suntsitu’ lelopean mobilizazioak egin ditu Aske antolakundeak

Hego Euskal Herriko eragile anitzek erran dute urriaren 12an ez dutela ezer ospatuko. Zenbait enpresa, gainera, irekita egonen dira.

Aske antolakundearen mobilizazioa, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Isabel Jaurena.
2023ko urriaren 12a
15:32
Entzun

«Hau ez da Espainia, Euskal Herria da», bezalako oihuak entzun zitezkeen gaur eguerdian Donostiako kaleetan. Aske antolakundeko kideek manifestazioa egin dute Hispanitatearen Egunaren harira: Egiako epaitegien paretik abiatu dira, eta Loiolako kuartel parean amaitu dute, adierazpen irmo batekin: «Urriaren 12a estatuak inposatutako jaieguna izatetik Euskal Herri langilearen askapenerako borroka egun bilakatu behar dugu». Gasteizen, Mungian (Bizkaia) eta Iruñean ere mobilizazioak eginen dituzte, guztiak Indar errepresiboak suntsitu lelopean.

Antolakundeak dio Euskal Herriak pairatzen duen «zapalkuntza nazionala eta soziala» salatzeko eguna izan beharko litzatekeela gaurkoa, bertze anitzendako «indar errepresiboak goraipatzeko» eguna delako. Eta indar horiek direla, hain zuzen ere, «burgesiak Euskal Herrian aurrera daraman zapalkuntza nazionala eta soziala bermatzen» dutenak. Euskal Herrian «inposatutako» jaia bertzerik ez dela diote: «Espainiako Estatuak Hispanitatearen Eguna asimilazio nazionalean sakontzeko baliatzen du».

Hala ere, argi dute ez dela nahikoa egun bakar batean mobilizatzearekin: «Beharrezkoa zaigu egunez egun Euskal Herrian antolatu behar den antolakuntza gorpuztea, Euskal Herri langileak pairatzen duen zapalkuntzaren gaindipena Euskal Herriko langile antolatuen bitartez etorriko baita soilik». Horretarako indibidualismoa alde batera utzi eta kolektiboan lan egin behar dela diote.

Anitz dira Aske antolakundearen iritzia partekatzen dutenak, Hego Euskal Herriko hainbat eragilek argi utzi baitute gaur ez dutela ezer ospatzeko. Hala, enpresa anitz irekita egonen dira gaur: Iruñerriko AEK, Zabaldi elkartasun etxea, Izarkom, EH Kom, Bizkaiko Bertsozale Elkartea, Talaios Kooperatiba edo SKura Kooperatiba, erraterako.

LAB eta ELA sindikatuek ere gaur lan eginen dutela erran dute. Gainera, LABek azpimarratu du Euskal Herriko lan egutegi propio baten aldarria egiten duela. «Espainiak Abya Yalako lurraldeak bortizkeriaz konkistatu eta kolonizatu izana eta bertan egindako gehiegikeriak gogoratu eta ospatzeko helburuz inposatua izan zaigun jai egunean, urriaren 12an, zer ospaturik ez dugu», borobildu du.

Aldarrikapenak

Horrez gain, hainbat eragilek sare sozialetan zabaldu dituzte beren mezuak. Ernaik, erraterako, gogoratu du gaurko eguna «borroka eta intsumisio eguna» dela gazte independentistendako: «Indarrez espainolak izan behar garela inposatu nahi diguten horiei, hautu independentistan berresten garela inoiz baino ozenago oihukatzeko baliatzen dugu gaurko eguna».

Gazte antolakundeak adierazi du eurek etorkizuna ikusarazten dutela, eta Hispanitatearen Eguna ospatzen dutenek iragana, «agortuta baitago espainiar estatuaren proiektua». «Euskal Herria eraldaketarako markoa» dela diote eta horren adibide direla Euskal Herrian eginen den Greba Feminista Orokorra eta euskalgintzak azaroaren 4rako deitutako manifestazio nazionala. «Euskal Herria martxan dago, erronka global zein propioei aurre egiteko gaitasuna irabazten eta ertz desberdinetatik herri hau eraikitzen», borobildu dute.

GKS Gazte Koordinadora Sozialistak, berriz, adierazi du ez dutela ezer ospatzeko: «Espainiaren izenean eginiko sarraski kolonialen adierazpen gisa ulertzen dugu gaurko eguna. Espainiar identitatearen gorazarrearen atzean gordetzen dira klase menderakuntzaren eta egungo nazio zapalduen betikotzea».

Sortuk ere sare sozialen bidez zabaldu du bere aldarrikapena: «Zapaltzen, jazartzen eta inposatzen diguten erregimen honen aurrean, euskal herritarrok ospatzeko ezer ez, goratzeko ezer ez». EH Bilduk, berriz, ospatzeko ezer ez dutela erran du, eta gaur lan eginen dutela adierazi.

«Erresistentzia eguna»

Hispanitate Egunean beharrean, jatorrizko herrien erresistentzian jarri dute arreta zenbait eragilek. Askapena Euskal Herriko mugimendu internazionalistak, adibidez, gogoratu dute urriaren 12a «jatorrizko herrien erresistentzia eguna» dela. «Maputxeak, kolonbiarrak eta greziarrak kolpatzen dituztenean, gu ere kolpatzen gaituzte; eta alderantziz. Ez diogu errepikatzeari utziko, hamaika herri garelako, baina borroka bakarra», adierazi dute.

Mugimenduaren iritziz, beharrezkoa da herri guztien interesak defendatuko dituen «indar batasuna» osatzea, eta hori lortzeko elkartasuna ezinbertzekoa izanen da. «Susta dezagun antolakuntza, instituzioetatik kanpo, Euskal Herria oinarri, nazioartean artikulatuz, egitura eta eraso inperialistei aurre egiteko. Horrela, eta ez bestela, lortuko dugulako munduko langileria osoaren interesei erantzutea», erran dute.

Mugarik Gabe Gobernuz Kanpoko Erakundeak ere bide beretik egin ditu aldarrikapenak: «Urriaren 12an ez dugu ezer ospatzeko. Gaur gogoratu nahi dugu herriek izaten jarraitzen duten indarra ama lurra, eta beren lurraldea defendatzeko nazioen eta nazioz gaindiko proiektuen aurrean. Zentzu horretan, Euskal Herriko Bilgune Feministak herritar guztiendako «bizitza eta lurralde askeak» aldarrikatu ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.