Indarkeria bikarioa «prebenitzeko eta desagerrarazteko», bortizkeria molde hori berariazko lege baten bidez jorratzeko bidea hasi du Espainiako Gobernuak. Indarkeria bikarioa zer den definituko du, eta Espainiako Zigor Kodean delitu espezifiko gisa sartuko du bortxa horren aurkako lege aurreproiektuak. Berdintasun Ministerioaren eskutik iritsi da gaur Ministroen Kontseilura, eta handik Espainiako Kongresura igorriko dute, bide parlamentarioa abiatzeko.
«Emakume baten aurka bikotekideak edo bikotekide ohiak beste pertsona baten bidez egiten duen indarkeria». Horrela definituko du gobernuak indarkeria bikarioa. Izan ere, tratu txarrak jasaten dituzten andreak mintzeko eta zigortzeko helburua du bortxa horrek —legez «emakumearen integritate morala» izango da babestu beharreko ondasun juridikoa—, eta bereziki haien seme-alaben aurka egiten dute gizonek, baina beste senide batzuen edota andreen bikotekide berrien kontrakoa ere izan daiteke. Kasurik bortitzenetan, hilketak ere izaten dira indarkeria bikarioaren ondorioz. Hala gertatu zen maiatzean, Bilbon: gizon batek bere 13 urteko alaba hil zuen.
«Errealitate gogor hori» kontuan hartuta, «emakumeen babesean aurrerapauso bat» ekarriko du legeak, Ana Redondo Espainiako Berdintasun ministroak gaur azaldu duenez. Lege organiko integral baten bidez helduko diote gaiari, eta indarkeria bikarioa juridikoki definitzea izango da lehen egitekoa, bortxa hori ez baita ageri Espainiako Estatuko legedian. Hori eginda, hainbat lege moldatu beharko dituzte. Lehena, genero indarkeriaren aurkakoa: bertan sartuko dute indarkeria bikarioaren definizioa, genero indarkeria mota baten modura agertuko baita, eta, beraz, genero indarkeriaren biktimatzat hartuko dituzte bortizkeria hori jasaten dutenak. Bigarrena, Espainiako Zigor Kodea: delitu espezifiko gisa txertatuko dute, eta hiru urtera arteko zigorrak izango ditu; gainera, «delituarekin lotutako irudiak, testuak edo mezuak publikatzeko edo zabaltzeko debekua» ezarriko dute hogei urtez.
Haurrak eta nerabeak babesteko
Adingabeak babesteko hainbat neurri ere aurreikusten ditu arauak, batez ere gurasoen banaketa prozesuetan. Hala, Espainiako Kode Zibilean ezarri nahi dute zaintzaz erabakitzeko auzibideetan seme-alaba adingabeak derrigor entzuteko betebeharra, eta bisita erregimenak hobeto «funtsatzea» bultzatu nahi dute. Gainera, adingabeen babesgabetasuna neurtzeko prozesuetan ere, indarkeria bikarioa txertatu nahi dute haurren eta nerabeen arriskua zehazteko irizpideetan.
Ildo horretan, ministerioko iturriek aurreratua dute guraso alienazioaren sindrome faltsua edo antzekoak erabiltzea ere zigortuko dutela. Haurrak amengatik banatzeko erabili ohi da, argudiatuz emakumeak aitaren aurka manipulatzen dituela seme-alabak, baina sindrome horrek funtsik ez duela ohartarazia dute adituek, eta NBE Nazio Batuen Erakundeak berak esana du indarkeria matxista eta haurren aurkako abusuak estaltzeko baliatu ohi dela. Hego Euskal Herrian legez debekatuta dago jada hori erabiltzea, baina auzitegietan oraindik antzeko kontzeptu batzuk erabiltzen dira. Edonola ere, ministroak onartu du «gabeziak» badirela justiziaren alorrean, eta botere judizialari buruzko legea ere aldatu nahi du, epaileek-eta derrigorrez formakuntza jaso dezaten.
Lege «aitzindaria» izango da, Redondoren arabera. Berdintasun ministroak gogora ekarri du genero indarkeriaren aurkako estatu ituna berritu zutela otsailean, eta indarkeria bikarioari lotutako hainbat konpromiso hartu zituztela bertan. Eta argi adierazi du, gainera, legea beharrezkoa dela: «Olatu erreakzionario batek iraganera itzularazi nahi du berdintasuna, eta, horren aurka, berdintasunean aurrera egiten jarraitzeko konpromisoak behar ditugu».