Indarkeria matxista

Indarkeria matxista ukatzen duten pankarta batzuk atera ditu Mozkorraldi kuadrillak kalejiran

Indarkeria matxista ukatzen duten mezu batzuk zabaldu dituzte arratsaldeko kalejiran. Mugimendu feministak berehala erantzun du. Kuadrilla kanporatu egin dute federaziotik.

jarraia169757.jpg
2019ko abuztuaren 8a
19:05
Entzun

Gasteizko mugimendu feministak gutxienez hiru sexu erasoren berri izan duela esan du gaur, eta elkarretaratze bat ere egin dute Andre Maria Zuriaren plazan. Testuinguru horretan, Mozkorraldi kuadrillaren jokabideak haserrea eragin du. Asteazken arratsalde honetako kalejiran, bi pankarta atera dituzte indarkeria matxista ukatzeko: Biolentzia jarrera kontua da, ez genero kontua, jarri dute batean; bestean, Salaketa faltsuak = tratu txarrak = zigor bera.

Mozkorraldi kuadrilla aurten sortu dute berriz, eta Blusa eta Nesken Federazioan sartu da. Federazio hori kuadrilla batzuek sortu zuten 2016an, Blusa eta Nesken Batzordeak isun bat jarri zielako; blusek eta neskek kalejira bat bertan behera uztea erabaki zuen, sexu eraso baten aurkako elkarretaratze bat egiteko, baina kuadrilla batzuek ez zuten onartu eta ez zuten errespetatu, eta kalejira egin egin zuten, beren kabuz. Horrek liskarrak eragin zituen. Kuadrilla horiek Blusa eta Nesken Batzordea utzi zuten, eta orduan sortu zuten federazioa. Harrezkero, kuadrillak bien artean banatuta daude.

Baina Mozkorraldi kuadrilla bakarrik gelditu da orain. Blusa eta Nesken Federazioak ohar batean zabaldu duenez, kanporatu egin dituzte elkarte horretatik; federazioaren hitzetan,  Mozkorraldikoek gaur egin dutena "oso larria" da, eta "elkartearen printzipioen eta estatutuen aurkakoa" da. "Federazioak gaitzetsi egiten du, eta udalaren protokoloari jarraitzen dio".

Pankarta horiek egiteak ezinegona sortu du Mozkorraldi kuadrillan bertan ere. Kuadrillako kide batzuek jakinarazi dute taldea utzi dutela, eta kide eta inguruko batzuek salatu dute ekintza hori ez duela kuadrilla guztiak adostu.

Mugimendu feministak ere berehala erantzun dio ekintzari.

Hala Bedik zabaldutako bideo batean ikus daitekeenez, kuadrillen ingurura eraman dute protesta, "gora borroka feminista!" oihu eginez. Bestalde, hedabide berak jaso duenez, Sipla udaltzainen sindikatuak txio bat zabaldu du pankartetako mezuei babesa emanez, baina ezabatu egin dute gero.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.