Gabonetako astean hamazazpi pertsona atxilotu dituzte Nafarroan Foruzaingoak eta Iruñeko Udaltzaingoak, indarkeria matxistagatik. Foruzainek emandako informazioaren arabera, guztira 30 pertsona atxilotu dituzte aste honetan, eta haietatik hamabost indarkeria matxistagatik atxilotu dituzte.
Iruñeko Udaltzaingoak, berriz, jakinarazi du abenduaren 25eko goizaldean 23 urteko gizon bat atxilotu zutela, emakume bati ukituak egiteagatik; gaurko goizaldean, berriz, 19 urteko mutil bat atxilotu dute, motibo bera dela eta. 36 urteko gizon bat eta 21 urteko beste bat ere atxilotu dituzte udaltzainek, familia giroan tratu txarrak egiteagatik.
Gasteizko Udaltzaingoak 20 urteko mutil bat atxilotu zuen atzo arratsaldean, bikotekideari eraso egiteagatik —bikotekideak 19 urte ditu—. Udaltzainak bikotearen etxera joan ziren, eta 19 urteko emakumea ere atxilotu egin zuten, gizonari labanarekin mehatxu egiteagatik «beldurraren eraginez eta bere burua babesteko».
Udaltzainek beste gizon bat atxilotu zuten atzo kalean, 20:00 aldera. Lekukoen arabera, bikote bat eztabaidatzen ari zen, eta, halako batean, gizonak emakumea astindu zuen; emakumea ihes egiten saiatu zenean, gizonak arrastaka eraman zuen. Lekukoek kargu hartu zioten gizonari, eta udaltzainek atxilotu egin zuten.
34 urteko zigor eskaera
2026an gizon bat epaituko dute Donostian, 2024ko azaroaren 30ean Pasaian (Gipuzkoa) bikotekide ohia tiroz hiltzea egotzita. Fiskaltzak 34 urteko kartzela zigorra eskatuko du harentzat, hilketa, hertsatzea eta armak legez kanpo edukitzea leporatuta, EFE agentziak jakinarazi duenez. Gizona espetxeratuta dago, eta zinpeko epaimahai batek epaituko du. Emakumeak gizonaren kontrako salaketa jarri zuen 2020an, tratu txarrengatik; 2021ean, Ertzaintzak gizonaren aurkako ekinbideak abiatu zituen, indarkeria matxistagatik.
Fiskaltzaren arabera, gizona bikotekide ohiaren etxera joan zen, eta haren zain geratu zen eskailera buruan. Pistola bat zeukan. Bikotekide ohiaren pisukidea iritsi zenean, pistola jarri zion bizkarrean, eta etxeko atea irekitzera behartu zuen. Bikotekide ohia etxe barruan zegoen. Bi emakumeak sofan eserarazi zituen: bikotekide ohiari aurrena pistolarekin kolpe bat eman zion aurpegian; gero, tiro egin zion izterrean.
Bikotekide ohiaren alaba etxera sartu zen. Gizonak haren gainera jauzi egin zuen, heldu egin zion, eta hura ere sofan eserarazi zuen, fiskaltzaren esanetan. Gizonak aurpegira tiro egin zion bikotekide ohiari.
Ihes egin zuen auto batean. Villabonako (Gipuzkoa) Udaltzaingoaren bulegora joan zen, eta bikotekide ohia hil zuela aitortu zien udaltzainei. Bertan atxilotu zuten.
Fiskaltzak 72.268 euroko kalte ordaina eskatuko du hildako emakumearen alabarentzat, eta 35.203 eurokoa pisukidearentzat.